1/09/2014

BURGOS: MERINDADEETAN BARRENA

Ver mapa más grande

Bidaia prestatzeko informazioa: http://www.turismoburgos.org/

BUZTUAK 29, OSTIRALA

Abuztuaren azken asteburuan egindako ihesaldia da. Hasieran Arcachon eta La Dune de Pilat ikusteko Frantziarako bidea hartzeko asmoa genuen, baina mugan zeuden auto ilarak ikusita Burgos aldera ihesalditxoa prestatu eta aurrera!

Gaua gainean dugula Frias herriko AC-ra (autocarabana gunera) iritsi gara.

Koordenadak: N 42º 45′ 37” / W 3º 17′ 45”

*Informazio eta turismo bulegora joan behar da gunea erabiltzeagatik ordaintzera : 6€/24h

ABUZTUAK 30, LARUNBATA

Gau lasaia pasa eta gero Frias herria deskubritzera abiatu gara. Aldapatsu eta malkartsua da, eta gure 3 urteko semeari gogorra egiten zaio goiz-goizetik honela hastea.

Geldiuneak egiten ditugu semeak atseden har dezan, baina baita paisaiaz gozatzeko ere.

Garai horretan, kaleetan, bertakoak enkarguetan edo terrazetan gosaltzen topatzen ditugu.

Gora iristean San Vicente eliza, eta ondoko zelaigunean artisautza eta bertako produktuak erosteko aukera paregabea eskaintzen duen merkatua topatzen ditugu.

San Vicente eliza

Merkatuan oparitxo bat eta pasteltxo batzuk erosi eta gero gazteluraino hurbildu gara.

Eguerdia iritsi eta mokadutxo bat hartzeko gogoa jarri zaigu. Kaña batzuk eta bertako “torreznos” jan ditugu Fridas tabernako terrazan.

Furgonetara itzuli eta Frias herria agurtu dugu. Bertan geratu da guri begira eguzkilore ederrak eta guzti.

TOBERA

Jarraian eta geldiune labur batean Tobera herrira hurbildu gara bertako urjauziak eta baseliza ikusteko.

Tobera herria

Harkaitzaren babesean eraikitako baseliza bitxi honek Erdiaroan erromesen ostatu-etxearen funtzioa betetzen zuen. Bere oinetan aurkitzen den zubi erromatarrak Molinar ibaiaren bi ertzak lotzen ditu.

Baselizaren albo batetik ateratzen den bibe zidor batetik behera jaisten, Toberas aldera, urjauzien begiratokiak daude. Abuztuan baina ez dago asko ikusterik, ibaiaren emaria txikia delako.

Batzuk, hala ere, ederki aprobetxatzen dute oinak bustitzeko.

PEDROSA DE TOBALINA

Furgonetan zeozer bazkaldu eta bero ginenez Pedrosa de Tobalinako ur jauzi eta putzu naturala ezagutzera joan gara.

Jerea ibaia, Ebro ibaiaren ibai-adarra, urjauzi  eta putzu honen arrazoi nagusia da.

Neguan urjauzi ederra osatzen du Jerea ibaiak, baina abuztuan bi urjauzi leun -leun isuritzen ikus dezakegu. Besterik ez.

Hala ere, putzua bainu bat hartzeko ezin ederragoa da. Eta horixe egin dugu; furgonetatik bainujantziak atera eta bainatu.

Lokatz-bainuak ere har daitezke…nahi izanez gero.

Handik atera eta herriko taberna batean kafe bat hartu dugu gure hurrengo jomuga planifikatzen genuen bitartean.

‘LAS CUEVAS’ GAZTELUA (CEBOLLEROS)

Serafín Villarán 1977. urtean Nela ibaren harri borobilduak erabiliz gaztelu hau eraikitzen hasi zen . Eta harriz harri, harrien artean, bizia joan zitzaion. Gaur egun,  familiak jarraitzen du Serafinek hasitako amets honi hauspoa ematen.

Gaztelua txakolindegi modura erabiltzen ziren kobazulo batzuren gainean eraikia omen zen eta hortik izena: ‘Las Cuevas’

Barruara sartzen gara. Bisita dohakoa da eta sarreran borondatea uzteko kutxatxo bat jarrita dago. Eskaileretako heldulekua da atentzioa ematen duen lehenengo gauza. Suge buru hori!

Handik atera gara ‘Arte Bruto’ eredu baten aurrean gaudela pentsatuz, eta Frantzian dagoen ‘Le Palais ideal’ de Ferdinand Cheval gogora ekarri digu.

Gazteluaren beheko aldea taberna da eta bertako kartel batean irakurri dugu abuztukoostegunetan arkume pintxo-morunoak egiten dituztela, bada horretara ere apuntatu gara!

Dorretik ikusten den paisaia

Iluntzean Puentedey herrira iritsi gara gaua pasatzera. Zuhaitz artean aparkatu eta lo.

ABUZTUAK 31, IGANDEA

PUENTEDEY

Gosaldu ondoren Puentedey herria deskubritzera abiatu gara. Aldapa luze bat igo behar da goraino eta bidetik sorpresaren bat topatzen dugu, edo behintzat Enekorentzat sorpresa ederra da.

Hiru astoak

Goldea

Kalean gora, kalean behera…dena guretzat.

Berriz ere errepide nagusiraino jaitsi eta lekuari argazki pare bat egin dizkiogu.

ORBANEJA DEL CASTILLO

Gure azken geltokia Orbaneja del Castillo da.  Deigarriena bere urjauzia da. Herriaren oinarrian ‘Cueva del agua’ deituriko kobazuloa zabaltzen da eta bertatik amiltzen da ibaia urjauzi bat osatuz.

Bazkaldu eta gero …etxera itzuli gara asteburu ederra pasa dugula pentsatuz, baina buruan darabilkigu berriro ere itzuliko garela.

How useful was this post?

Click on a star to rate it!

Average rating / 5. Vote count:

No votes so far! Be the first to rate this post.

As you found this post useful...

Follow us on social media!

We are sorry that this post was not useful for you!

Let us improve this post!

Tell us how we can improve this post?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

[related_post themes="flat" id="2473"]
error: Edukia babestua!! Contenido protegido!!