Euskal Herriko paisaiak maite ditugu, gure baserriak bizirik ikusi nahi ditugu eta bertako tradizioak gordetzen lagundu nahi dugu…Hau guztirako zer hobe baserriak gertutik ezagutzea baino? Goazen egun-pasa Atxineta baserrira!
Aramaioko (Araba) Olaeta auzoan Atxineta baserria dago, Urkiola parke naturalaren magalean. Bertan, baserriko jabeak, Igor Asartak, bisita paregabea prestatu digu.
Atxineta baserria ezagutzeko lehenengo parada ukuilua da. Hantxe daude alaiki eta jostari guregana korrika datozen ahuntzak. Igorren esanetan, Atxineta baserrian aspalditik bertako animalien arrazak hazten dira, bereziki azpigorri ahuntzak. Euren izenak dioen bezala, gorputza kolore ilunekoa dute, azpiko atalak gorrixkak dituztelarik. Ahuntzak ukuilutik atera eta paseatzera goaz, aurrena larrean zehar eta gero basoan barrena.
Ba al zenekiten azpigorri ahuntza arraza desagertzear egon dela eta Igor bezalako baserritarrei esker berreskuratzen ari dela?
Lur baserriko artzai-txakurra da eta Pirineotako arrazako behiengana gidatu gait siesta egiten topatu ditugu behiak, lurrean etzanda bata betearen ondoan. Zorte handiko animaliak dira, Atxinetako lurrak toki paregabean aurkitzen dira. Aramaioko harana edertasun eta natur aberastasun handiko tokia da. Agian, horregatik, antzinatik “Suitza txikia” ezizenez ezaguna izan da.
Hala ere, baserriko biztanlerik jasoenak oreinak dira. Minutu batzuk behar izan genituen limurtzeko eta eskaintzen genien janarengana hurbiltzeko.. “Laster hasiko da marru egiteko garaia eta adarren talkak izango dira.
Animaliak oso gustuko ditugu, baina …Badakizue zertara etorri garen Atxineta baserrira?
Hemen ahabirik goxoenak hazten dira, hiru motakoak: Patriot, Collins eta Blueta . Ahabi hauek hezetasun eta tenperatura baldintzarik onenetan hazten dira, praktika ekologikoak eta arbasoen egiteko moduak kontuan hartuz. Igorrek harro kontatzen digu Atxineta baserria amonarena zela eta amonak ahabiak hazten eta zaintzen zituela.
Atxineta baserriak proposatzen duen ekintza oso interesgarria eta entretenigarria da haurrekin egiteko: ahabi bilketa. Ordu pare batez ahabi biltzaile bilakatzen gara eta oso gustura jasotzen da norberaren fruitua. Kaxa handi batean fruituak bildu eta pisuaren arabera ordaintzen da etxera eramateko.
Badakizue ahabiek zenbatezineko onurak dituztela osasunaren alde? Diabetes bezalako gaixotasunak aurreikusteko balio dute eta prostata eta giltzurrun arazoei aurre egiteko laguntzen dute. Zuntza eta C bitaminaz aberatsak dira… Hau guztia jakin eta gero ezin genuen Atxineta baserritik alde egin bertako zuku naturalak eta marmelada ekologikoak dastatu gabe. Zer goxoak!
Inoiz ez genukeen imajinatuko ahabi bilketa familia osoarentzat hain esperientzia polita eta aberasgarria izan zitekeenik. Ikaragarri gustatu zaigu Atxineta baserria gertutik ezagutzea, bertako animaliak, Euskal Herriko arrazak gordetzearen garrantzia, biltzearen nekea sentitzea eta aldi berean sarituta sentitzea …
Uztailaren hasieratik , abuztuaren erdialdera Atxineta baserrian hitzordua dugu ahabiak biltzeko.
Erne ibili!
Utzi erantzuna