Trikuharriak Arabako Historiaurretik gorde diren eraikin zaharrenetarikoak dira. Arabako lurralde osoan zehar barreiaturik topa ditzakegu, baina Arabar Errioxan bereziki ugariak dira. Nautilusera igo gara, gure furgonetara, astebu- pasa egiteko eta trikuharriak ezagutzeko asmoz. Bazatoz gurekin?
Trikuharriak duela 6.000 urte inguru eraikiak eta denboran zehar aldizka erabiliak izan diren hilobi kolektiboak dira. Trikuharririk ezagunena Sorginaren Txabola (Bilar) izan arren,zortzi trikuharri multzoa dago Arabako koadrila honetan, denak irisgarriak autoz eta azalpen plakak dituztelarik. Zortzikotea 46 km luze den ibilbide batean zehar barreiaturik daude,Samaniego eta Kripan artean. Hauxe da Trikuharrien Ibilbidea.
1.- LAYAZA TRIKUHARRIA 42º34’48.2” N 2º39’10.8” W
Herrerako mendaterako igoeran aurkitzen da. Kontuz ibili behar da, izan ere ibilgailua bide bazterrean aparkaturik utzi behar baita eta mendian zehar metro batzuk ibili trikuharria topatzeko.
1952. urtean aurkitu zuten eta 1988. urtean zaharberritu zuten. Trikuharriaren barruan bi kideren gorpuzkinak, suharri tresnak, keramika hondarrak eta objekturen bat edo beste topatu ziren.
2.- EL SOTILLO TRIKUHARRIA 42º34’ 25.1” N 2º37’18.9”W
A-124 errepidean aurkitzen da, Samaniego eta Guardia herrien artean. Furgonetaz irisgarria da eta aparkaleku txikia dauka.
Trikuharri horretan hilobiratzeaz gain, garai ezberdinetan erabilia izan zela egiaztatzen duten hainbat objektu aurkitu dira.
3.- EL MONTECILLO TRIKUHARRIA 42º33’14.6”N 2º39’54.2”W
Eskuernaga herrian aurkitzen da. Aurrena, mahastien artean gidatu,ibilgailua bide bazterrean utzi eta hilerri ateoa dagoen muinora igoko gara. Gomendatzen dizuegu hilerri honetara begirada bat botatzeko, oso bitxia da. Hilerri hori zeharkatu eta berehala topatuko dugu El Montecillo trikuharria.
2009. urtean aurkitu zuten. Trikuharria ostzen duten ale guztiak inguruetan jasotako hareharriz osaturik daude.
4.-SAN MARTÍN 42º33’42.9”N 2º35’39.2”W
Samaniego eta Guardia herrien arteko A-124 errepidean,El Sotillo trikuharria ikusi eta gero aurkitu dugu.
San Martín trikuharria Arabako ikusgarrienetarikoa eta garrantzi handienetarikoa da duen kokapenagatik. Hilobiaren ondoan mahasti zaintzarako etxola batek zutik dirau, Arabako Errioxako landa arkitekturako tipikoa dena. San Martin trikuharria zortzi trikuharrien artean gehien gustatu zitzaigunetako bat da.
5.- ALTO DE LA HUESERA TRIKUHARRIA 42º34’10.2”N 2º33’57.9”W
A 3228 errepidetik, muinoan gora, iristen da. Aparkatzeko lekua dago.
Neolitikoan zehar eraikia eta 2.000 urtetan zehar aldizka erabilia izan zen. Hilobi honetan, bi sexuetako eta adin guztietako 130 kideren gorpuzkinak aurkitu ziren suharri tresnaz, keramika zatiaz eta apaintzeko objektuez lagundurik.
6.- SORGINAREN TXABOLA 42º34’03.2”N 2º33’12.6”W
A-3228 errepidean, Bilar herrira iritsi aurretik muinoan gora garamatzan bideari heldu behar zaio Sorginaren Txabolaraino iristeko.
Arabar Errioxan aurkitu zen lehenengo trikuharria da eta Arabako koadrilla honetako ezagunena da. Megalitiko garaiko hilobia da eta tumulo, kamera eta pasabideaz osaturik dago.
Kondaira batek dioenez, san Juan goizetan sorgin bat kantatzen entzun ziteken eta beraz, hortik datorkiola izena.
7.- EL ENCINAL 42º34’18.0”N 2º31’58.4”W
Bilar herria pasa eta kilometro batzuk aurrerago El encinal trikuharrirantz eraman gituen bidexka aurkitu genuen.
El Encinal ibilbide honetako eraldatuena eta itsusiena dela esan daiteke. Hilobi honetan Erromatarren garaiko kamafeo bat topatu zen.
8.- LOS LLANOS TRIKUHARRIA 42º35’37.5”N 2º31’56.4”W
Ongi mantendu den trikuharria da. Duela 5.200 urte inguru erabiltzen hasi zen, Neolitiko garaian. Hilobi honetan ehun kide inguru lurperatuak izan ziren mila urtetan. Gorpuzkinekin batera agertutako objekturik bitxienak hauntz eta ardien tibiaz egindako espatula itxurako kuttunak dira.
Furgonetaz irisgarria da eta aparkatzeko lekua dauka.
Arabako Errioxako trikuharrien ibilbidearekin ikaragarri gozatu dugu, baina trikuharriaz gehiago jakin nahi baduzu, Gasteizko Bibat Arkeologia Museoa eta Guardiako La Hoya Interpretazio Zentroa bisitatzeko gomendatzen dizugu.
Utzi erantzuna