Antzinako euskal esaera batek dio Saran denbora eten egin zela. Zergatik izango ote da? Bere karriken isiltasunagatik, agian; mendian gora igotzen den kremailera-tenagatik; edo Leze kobazuloak gogora ekartzen dizkigun sinismen zaharrengatik akaso?… Ez dakigu baina, Sara herriaren xarma deskubritu bahi baduzu, zatoz gurekin!
Sara Frantziako Akitaniako lurraldeak barne hartzen duen landa-herixka bat da. Baina, Lapurdiko Euskal probintziako herria ere bada, eta beraz, euskal nortasun eta sustrai sakonak mantentzen dituen herria.
LARUNGO KREMAILERA-TRENA
San Inazio Gainetik tontorreraino abiatzen den trena hartzera eramaten gaituzte gure lehenengo urratsek.Frantsesez “La Rhune” esaten badiote ere, izenaren jatorria Euskara hizkuntzan aurkituko dugu, hurrengo hitz-elkarketatik datorrela: Larre + on. Larrun Pirinioak mendikateko lehenengo mendia da.
Kremailera-trena bildumako harribitxi ederra da; 1924.urtean eraiki zen, eta geroztik, bere eraikuntza-materialak ez dira aldatu, baina lasai zaitezte, neguro azterketa zorrotz bat pasatzen du eta.Tontorrerako bidaian hogeita hamabost minutuz triki-traka joaten da. Bide horretan zehar, mendiaren berdetasunak dena estaltzen du, horregatik, zeharo lasaigarria suertatzen da bidaia.
Larrun gainetik ikusmira ezin ederragoa da.Gainera, hamabi mugarriren bidez gune honen interes-puntuak deskubritu daitezke. Goi-goien geratzen den lekuan orientazio-taula eta edertasun handiko hiru paisaia erakusten diguten hiru begiratoki daude: lehenengoak, Aiako Harria Parke Naturala, Hendaia eta Hondarribia kostako herriak eta Jaizkibel mendia biltzen ditu; bigarrenak, Donibane Lohitzune, Biarritz eta iparraldeko kostatik Landetako basoraino biltzen du; hirugarrenak, Pirinioetako mendikatea biltzen du, non urrutian hainbat gailur zuri agerian dauden.
Hurrengo trena iritsi arte, gailurrean dauden hiru bentetako batean zerbait beroa har daiteke, Bestela, paseotxo bat eginez, sorginkeria zantzuak edo garai bateko mugalarien aztarnak deskubritu ditzakegu. Baina benetan merezi duena bertan bazkatzen ari diren pottokak, euskal zaldi-arraza, txikia eta txima luzea, gertutik behatzea da. Ez izan zalantza izpirik, hurbil zaitezte haurrekin izugarri gozatuko dute eta. Gainera, hango larreetan oso kalitate oneko kamamila jaso daiteke… Horrela, etxera itzultzean, etxeko despentsan zerbait berezia izateko aukera izango dugu.
SARAKO BASOAN ZEHAR
Berriro behean, San Inazio Gainan,tren-txartelak erosten diren leihatilen parean, Pullman jatetxea dago eta handik 50mtara Sarako basotik egiteko paseo ederra hasten da. Udazkenea gainera, baso honek bere xarma guztia erakusten du eta familiarekin ekintza entretenigarria egiteko aukera ematen du: gaztaina biltzea.
SARAKO KOBAZULOA: LEZEA
Herritik zazpi kilometrotara Lezea aurkitzen da, Sarako kobazuloa. Bisitak kareharri konkrezioak deskubritzeaz gain euskal kulturaren hainbat ikuspegi nabarmentzen ditu. Bisita gidatua hiru hizkuntzatan egiten da: euskaraz, frantsesez eta espainolez. Ibilbideak ibaiak hiru mailatan sortutako galerietan zehar garamatza eta bidean zehar, fosil ugari ikus daitezke paretetan, garai batean bertan izandako itsasoaren oroimen gisa.Historian zehar kobazuloan bizitako hartz belarjalearen irudia ere erakutsi digute. Baina, Lezean egindako ikerketa lanarik handiena Miguel Barandiaran euskal antropologo eta arkeologo ospetsuak egin zuen: Cromagnon gizakien hezur eta tresnen aztarnak aurkituz, besteak beste. Azkenik, kobazuloko benetako biztanleak ezagutuko ditugu: xaguzaharrak. Esan zigutenez, 1500 xaguzahar (kontatuta)bizi dira Lezearen babesean; eta batek daki…Agian, ilunpetan, izaki mitologikoak ere bai: Mari, Herensuge, sorginak… Sinisten al duzue? Esaera batek dio: “Izena badu, bada” Gure ustez oso egokia.
Kobazuloaren kanpoaldean, parke megalitiko bat dago eta bertan Sarako 31 trikuharri, 5 tumulu eta 4 harrespilen kopia dago.
SARAKO HERRI-GUNEA
Sarak plaza nagusia eta San Martin elizaren inguruan antolatutako hiri-gune xarmangarria dauka. Elizaren kanpai-dorrearen edertasuna nabarmena da, baina benetan atentzio ematen diguna eguzki-erlojuaren euskarazko idatzia da: “
“Oren guziek dute gizona kolpatzen, azkenekoak du hobirat egortzen”
Elizaren inguruan antzinako hilerria dago, hilobi eta hilarriz beteta. Euskal hilarrien esanahia Euskal sinismenetan bilatu behar dugu: oinarriak Amalurra sinbolizatzen du. Forma biribilak, berriz, Ilargia: hildakoen+argia. Modu horretan, hildakoen eta bizidunen munduak Sotuta geratzen dira. Guri horrelakoxe dela pentsatzea gustatzen zaigu, gurekin ez daudenak han daudela pentsatzea atsegin dugu.
Herriko plaza leku lasaia eta atsegina da, hotel pare bat, jatetxe eta terrazaz osatua. Lekurik aproposena Kir basque hartzeko (sagardoa eta giotte gerezi motako likorraren nahasketa). Baina ez dugu dena kontatu, Sarako gastronomiaren izarra Gateaux Basque edo Euskal pastela delako. Gozoki hau Lapurdiko espezialitatea da, guztiz euskalduna. XVII.mendean hasi zen egiten eta gaur egun gotegi eta jatetxe askotan topa dezakegu postre edo azkenburuko gisa. Zerez egina dago? Ba gozozaleen tentatzio hau krema edota gerezi beltzen konfituraz beteta dago. Ez zaitezte joan euskal pastela erosi gabe, plazan bertan salgai. Hau bekatua!!.
Asteburu hau oso dibertigarri aizan da, kremailera-trenean Larrunera igo gara, gaztainak jaso ditugu eta Sarako kobazuloa ezagutu dugu. Eta onena, sekulako pastela ekarri dugu etxera, hor ibai EUSKAL PASTELA!! Ederra ezta?
BIDAIATZEKO INFORMAZIOA:
Kremailera-trena: http://www.rhune.com/eu/index.aspx
Herritik gertu autokarabana-gunea dago zerbitzu guztiekin 8€/24h. ordainduz.
koordenadak: N 43º 18’ 44.0” O 1º 35’ 2.6”
Utzi erantzuna