Malerreka, Nafarroako iparraldean, misterioz beteriko lurraldea da, bidaiariek herri baten egiteko moduak deskubritzeko toki aproposena eta kondaira eta antzinako ohiturek dirauten lekua.
Gainera, “Nafarroa berdean gaude”, hemen ura eta Ezkurra ibaiak protagonista nagusiak dira txoko xarmagarriak eskainiz. Orain… Uraren Bailaran zehar bidaiatzeko prest al zaudete?
Malerreka Nafarroako ipar-mendebaldeko eskualdean kokatuta dago, Santisteban eta Basaburua haranetan. Hamahiru udalerri biltzen ditu, baina guk ibilbide honetarako Urrotz, Doneztebe, Ituren eta Zubieta baino ez ditugu aipatuko.
LEURTZAKO URTEGIA
Furgonetaz proposatzen dugun ibilbidea alderdi honek gordetzen dituen altxor naturalak deskubritzen hasten da: Leurtzako urtegia. Esmeralda koloreko urtegi honetan gurpildun aulkietan mugitzen direnentzat zein ikusmen urritasuna duten pertsonentzat ibilbide egokitu paregabea egin daiteke; edo bestela, familia giroan txango ezin ederrak. Gainera, inguruak ongi hornitutako atseden-lekua dauka goiz-pasa eta hamaiketakoa egiteko.
DONEZTEBE
Doneztebe nortasun handiko herria da eta ganadu feriengatik ospetsua. Baina iraganean, Erdi Aroan, merkatari-herria izan zen. Iragan aberats horretatik hain zuzen geratu zaio arkitektura-ondare interesgarria; Merkatarien kalean zehar ibiltzea baino ez dago horretaz jabetzeko. Kale hori historiaz eta istorioz beteta dago, etxeetako fatxadeek eta baita euren armarriek iragan oparo horretaz mintzo direlako: armarri dotoreak, leinu eta familia- izenak… 1500. urtekoak ere ikus daitezke!
Baina ez utzi herria gutizi gastronomikoa dastatu gabe. Ameztia jatetxe-ostatutik pasa zaitez eta eskatu bertako mamia. Benetako mamia dastatzeko aukera izango duzu, “erre-gustu” duen horietakoa! Badakizu burdina gori-gorian esnetan sarturik egiten dutela?
Dastatzen baduzu, idatz iezaguzu zer moduz joan zitzaizun jakiteko 😉
ITUREN
Esan dugun bezala, Malerreka eskualdeak ohituren eta antzinako errituen zaindaria da, horregatik Iturenen geldiune bat egitea ezinbestekoa izango da. Bertan ospatzen diren inauterien jatorria denbora-lerroan galtzen da eta udaberria joareak astinduz esnatzeko ohitura dute.Ospakizun hau urtarrileko azken bi egunetan egiten dute eta urtero errepikatzen da turistak aho bete hortz utzirik. Gustatuko litzaizuke bertatik bertara ezagutzea?
ZUBIETA
Zubietan, Iturendik 3km-ra besterik ez, oraindik entzun daiteke joareen burrunba itzalia, seguru aski, herri honetan ere inauterien desfilea ospatzen delako. Utz dezagun atzean, ordea, ihoteen ospakizuna eta bila dezagun lasaitasun apur bat; eta horretararko, zer hoberik baino zubiaren ondoan atonduta dagoen atseden gunean bazkaltzea. Leku paregabea da, edertasun handikoa.
Ondoren, ibaiaren ertzari segika oholtzaren gainean ibili ginen beste aldean dagoen errota bisitatzeko asmoz. Zubietako errotan errotariaren benetako lanbidea ezagutzeko aukera dago, errota martxan jartzen dutelako. Gainera, ehotzearen inguruan dagoen objektu erakusketa bat ikus daiteke.
Ikusi duzunez, Malerrekak badu erakusteko eta ez ez dago bertan aspertzeko unerik… Ezagutzen animatzen bazara, itzul zaitez eta kontaiguzu.
BIDAIETAKO INFORMAZIOA:
Leurtzako urtegiako aparkalekua:
N 43º 4′ 18.1″
O 1º 42′ 56.3″
Aparkalekua Donezteben (postaren ondoan):
N43º 7′ 51.5″
O1º 40′ 17.5″
Utzi erantzuna