13/08/2018

GERNIKA ezagutzen MARCO TOPO ren eskutik

Europan zehar bidaiatzeaz gain Euskal Herria ongi  ezagutzea ere ikaragarri maite dugu. Gertuko herrixkak bisitatzea, gure sustraietatik edatea eta jendearekin zuzenean hartu-emanak izatea plazer handia da. Gainera, gure herriaren historia eta gaurko gizartearen zergatia ulertzeko, zer hobea baino gertakariak izan ziren  herrietara hurbiltzea?. Guzti honetan Gernikak zeresan handia du, horregatik, familiarekin bere historiara hurbiltzeko eta bertan gertatu zena ulertzeko modu original eta ludikoa hautatu dugu: Club Marco Topo . ¿Ezagutu nahi al duzu?

 

ZER DA CLUB MARCO TOPO?

Club Marco Topo bisita kulturaletan familiek disfrutatzeko sortutako jolas interaktiboa da. Jolasak bisita egiteko behar den materiala eskura jartzen du: Gernikako paperezko mapa eta itsasgarriak alde batetik; eta sakelako telefonora deskargatu beharreko app bestetik. Dena doakoa. Mapan proposatutako ibilbideak Gernikan zehar eramango gaitu historian garrantzia handia izandako lekuetara hurbilduz, bertako seme ospetsuak ezagutuz eta herriaren bitxikeriak nabarmenduz.Gainera, Marco Topok Turismo bulegoekin batera egindako lanaren ondorioz, jada  hiri, herri eta museo askotan topa dezakegu jolasa, denak Club Marco Toporen web-orrialdean ikus daitezke.

Club Marco Topo

Plano y pegatinas para el juego.

 

NOLA JOLASTEN DA?

Jolasa Turismo Bulegoan bertan eska daiteke, doakoa da.  paperezko mapa bat kode batekin jasoko dugu eta bertan ibilbidea eta  flopiak, pegatiñatxoak. Jolasa martxan jartzeko Marko Toporen orrialdera jo beharko dugu eta hantxe mapak dakarren kodea idatzi, besterik ez. Erantzunak asmatu ahala, flopiak askatuz eta eransgarriak itsatsiz aurrera egingo dugu Marko Topo eta bere arreba Martaren laguntzaz flopiak askatu eta Topo Loco zientzialari maltzurra garaitu arte. Lortuko ote dugu? 🙂

 

Jugando con Marco Topo, FurgoBidaiak

Marco Toporekin jolastuz

 

GERNIKA ZAI  DUGU!

Gure lehenengo urratsak Gernikako Turismo Bulegoraino eraman gintuen, bertan jolasaren materiala jasotzeaz gain museoen ordutegiak eta Gernikan zehar pintxotan ibiltzeko liburuxka lor daitezke. Gogora ezazue 😉 Jolasteak gosea dakar… Turismo Bulegoan bertan martxan jarri genuen jolasa eta gure lehenengo galderari erantzuna eman genion. Ba al zenekien eraikin hau T. bulegoa izan aurretik  eskola bat izan zela? Gainontzeko eraikinen antzera  1937ko bonbardaketaren ostean berreraiki zen.

Foru Plazaren erdi-erdian On Tello Kondearen irudia ikus daiteke, Gernika herriaren sortzailea. Plaza hau Manuel Maria Smith arkitektoak diseinatuta eta berreraikita izan zen.

Plazaren mutur batean Gernikako Bakearen Museoa dago, (igandeetan sarrera doakoa da), 1937ko apirilaren 26raino, bonbardaketaren eguneraino garamatzan museo interaktiboa da.

Egun horretan Kondor legioaren naziek Frantzisko Frankok deituta Gernika bonbardatu zuten.Horren ondorioz herria suntsitu eta biztanleria sarraskitu zuten. Museoaren barruan Begoñaren etxea ezagutu genuen eta onik atera ziren gernikarren testigantzak entzun genituen. Ezinbesteko bisita da gure herriaren eta gure historiaren nondik norakoak ulertu ahal izateko.

Ba al zenekien 2004.urtean UNESCOk  Gernikari “Bakearen hiria” saria  eman ziola Alemaniar herriarekin adiskidetzeko egindako lanagatik?

 

Bakearen Museoa , Gernika, FurgoBidaiak

Bakearen Museao bisitatuz

 

Feriako Lorategiak zoragarriak dira, haien inguruan Pablo Picaso eta Eriabarrena kaleak zabaltzen dira eta kale hauetan hain zuzen Gernikako pintxo- tabernen konzentrazio haundiena dago. Ezin ginen Gernikatik alde egin bertako produktuak dastatu gabe: Gernikako piperrak eta eskualdeko txakoliña. Sekulako kutixiak dira…Agian Marco Toporen hurrengo argitalpenetan Gernikako pintxoak gehitu daitezke, ez al zaizue iruditzen?

 

Gernikako piperrak, pintxoak, FurgoBidaiak

Gernikako pintxoak

 

Pasealekuko plazan antzinako eskolen eraikinak daude (1927). Neskak alde batera eta mutilak bestera, horrelaxe banatzen ziren ikasleak, sexuaren arabera. Hauxe da zutik dirauen eraikin bakarrenetarikoa (%1)bonbardaketaren ostean.

Gernikako antzinako eskolak

Gernikako antzinako eskolak

 

Plazaren mutur batean, jubilatuen tabernatik  edo ondoko ate batetik sartuz Gernikak izan zituen sei babeslekuetako bat hemen aurkitzen dugu. Barruan benetako bonbardaketa baten simulazioa bizitu genuen, sirena-hotsak, beldurra airean… Sinestezina!

Marco Toporen ibilbideari jarraituz Euskal Herria Museora joan ginen. Alegria jauregi barrokoan dago. Toki ezin hobea da Euskal kultura deskubritzeko. (larunbatetan bisitak doakoak dira).Ba al zenekien museoaren lorategietan eukalipto-arbol erraldoia dagoela? Ez da ez nabarmendu gabe pasako, urrutitik usaintzen du eta!

Igande bero hartan Europako Herrien Parkean geldiune bat egin genuen bertako freskuraz gozatzeko. Hiri barnean basoa dagoela esan daiteke. Gainera, Hantxe daude Chillida eta Henry Moore eskulturgileen eskulturak, Gernikan bakearen sinbolotzat hartuta.

 

escultura de Henry Moore, Gernika, paz

Henry Moore eskultura

 

Arratsaldean Batzarretxea eta Gernikako arbolaren Lorategiak bisitatzera abiatu ginen. Bisita doakoa da eta jakin-minez sartu ginen barrura. Batzarretxea bilkura egiteko areto xume baina karismatikoa da. Bertan Bizkaiko jaun guztien erretratuak daude.

 

Bizkaiko Batzarretxea, Gernika

Bizkaiako Batzarretxea eta beirateak

 

Batzarretxearen aretoetan gainera ikusi dugun beiraterik ederrenetarikoa dago Bilboko Erribera Merkatuak dituenekin batera. Kanpo aldean Gernikako arbolaren fosil zein kimu ikusgai daude. Antzina haritzaren azpian Bizkaiko batzarrak biltzen ziren eta gaur egun lehendakaria berriak kargu-hartzeko. Ba al zenekien zuhaitzak  euskal sinesmenetan elementu sakratuak direla?

 

Gernikako arbolaren kimu berria

Gernikako arbolaren kimua

 

Arratsaldea maldan behera doa eta iritsi ginenerako Santa Maria elizaren ateak itxita zeuden. Gustura ikusiko genuke barrutik, Euskal gotikoaren ale paregabea da eta. Kanpoko eliza-atariaren  egurrezko atetzar urdinei begira geratu ginen.

Marko Toporen urratsek Gernika koadroaren erreplikaraino eraman gintuzten gero, Pedro Elejalde kaleraino. Pablo Picassoren erreplika keramikaz egina dago eta  jatorrizko koadroaren neurri berekoa da. Hantxe topatu genituen bi alemaniar  bakuan eserita koadroari so eginez, liluratuta. Ba al zenekien Picasso pintoreak koadroren eszena lazgarria margotzeko garaiko egunkarietako berrietan oinarritu zela? Gaur egun jatorrizko koadroa  Reina Sofia Museoan (Madril) ikusgai dago, ez al luke Gernikan egon beharko?

 

Gernika koadroaren erreplika

Gernikako koadroaren erreplika

Gernikako merkatua ezagutzeko, Euskal Herriko merkatu garrantzitsuenetariko bat, astelehenetan etorri behar da. bertako produktuak (piperrak, babarrunak, txakolina dastatzeko, baserritarrekin hitz egiteko eta azken finean, merkatu eguna bere osotasunean bizitzeko.

Ibilbideari bukaera emateko azken flopia askatu genuen Gernikako Jai Alaiari buruzko galderi erantzunez. Gernikako frontoia, Jai Alai, munduko frontoirik onenetarikoa da eta bertan zesta-punta partidarik zirraragarrienak ikus daitezke. Noizbait ikusi al duzu zesta-punta partidaren bat?

Hamabi flopiak askatu genituen eta Topo Doktorea garaitu genuen! Primeran pasa genuen eta asko ikasi genuen Gernikari buruz!

 

MARCO TOPO JOLASA MUNDIALA DA!

Jolasa 6 eta 12 urte arteko neska- mutilentzat egina dago eta euskaraz jolas daiteke. Gure semea adi eta inplikaturik egon zedin lortu du eta gainera berau protagonista bilakatuz. Gainera denok ikasi dugu mordoa Gernikari buruz eta flopi guztiak aske ikusirik pozik sentitu gara. Ederra ezta?

Badakizue, Gernika familian bisitatzeko asmotan bazabiltzate ez ahaztu Club Marko Topo deskargatzea  eta jolastea!

 

How useful was this post?

Click on a star to rate it!

Average rating / 5. Vote count:

No votes so far! Be the first to rate this post.

As you found this post useful...

Follow us on social media!

We are sorry that this post was not useful for you!

Let us improve this post!

Tell us how we can improve this post?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

[related_post themes="flat" id="8582"]
error: Edukia babestua!! Contenido protegido!!