Perigord Noir lurraldean zehar egindako bidaian, France Passion “gonbidatu txartelarekin” gaua pasatzea erabaki genue. (aurreko sarrera batean, baserri, ardogile edota gaztagileen lurretan gaua pasatzeko modu honi buruz hitz egin genuen).Sarlat la Canedako larunbateko azoka ospetsua bisitatu genuen eta bertako produktu tipikoak ezagutu genituen: intxaurrak, trufak, gaztainak… Baina, foierekiko benetako grina dugu etxean, Beraz, bazen garaia lurralde horretako produkturik ospetsuena lehen eskutik ezagutzeko: foie edo antzara-gibela.
Iluntzean, Les Eyzies eta Sarlat arteko bidean gindoazen, horregatik, Ferme du Vignal aldera desbideratu ginen, Marquay herrirantz, baserria bertan dago eta. La ferme du Vignal baserriak antzarak hazi eta animalia honengandik eratorritako produktuak (foie edo gibela, magret…) ekoizten eta saltzen ditu baserrian bertan duten dendan.
Ferme du Vignal, baserrirako sarrera.
Horretaz gain, kanper eta autokarabanak harrera egiten eskarmentu handia dute. Baserriko goiko aldean 4 autokarabanentzako lekua dute eta bertan gaua doan igaro daiteke, France Passioneko bazkide izanez gero. Hala ere, esan behar dugu, baserria Park4night aplikazioan agertzen dela , horrexegatik agian haiekin kontaktatuz gero, berdin joan litekeela bazkide izan gabe ere, zerbaiten truke… Aparkatzeko plazak berdegune batean daude, leku atsegin eta lasaia da eta ura doan eskaintzen dute. Argindarra behar izanez gero, 2€ ordaindu behar omen da, guk ez genuen erabili. Arrazoi hauengatik guztiengatik, urtero Le Routard gida-liburu frantsesak gomendatzen du baserria hau, eta Frantziako “autokarabanismoaren bikaintasun ziurtagiria” jaso du 2016an.
Zazpiak aldera aurkeztu ginen jendez josita zegoen baserriko dendan; jabeak agurtu, France Passion bazkide txartelak erakutsi eta elkarrizketa labur bat izan eta gero alde egin genuen lotara. Oso leku atsegina iruditu zitzaigun. Babesa eskaintzen zuen beste hiru autokarabanekin batera ginelako eta idiliko samarra, hurrengo goizean, antzarren karrankak entzunez esnatu ginen eta.
“Bizilagunekin” hizketan…
Hurrengo goizean, berriro aurkeztu ginen dendan; handik ematen zaizkie eta hasiera bisita gidatuei. Bisitak 10etatik 18etara egiten dituzte urte osoan zehar, igandeetan izan ezik.
Antzarak gordetzeko instalazioetara abiatzen garen bitartean, animaliak nola hazten dituzten azaldu ziguten: antzarak Vignal baserrira iristen dira egun gutxi dituztela. Lehenengo hilabetea, aterpean ematen dute eta beste edozein hegaztiren antzera elikatzen dira. Hilabetea betetzen dutenean, kanpora ateratzen hasten dira; belazeetara ateratzen dira egunean zehar, baina iluntzean jaso egiten dituzte azeriek harrapa eta jan ez ditzaten.
Lau hilabeterekin prest daude galkatzeko. Prozesu honek hiru hilabete luze irauten du eta hurrengoan datza: hegaztiei ale nahasketa bat irentsarazten zaie egunean bitan, lau aldiz; gauean,berriz, lau alditan. Eskuz egiten da eta “pistola” moduko aparailu bat erabiltzen da lan honetarako. Antzar bakoitzari eman beharreko kopurua makina batek kalkulatzen du; 250gramotik hasita gehituz doa.
Antzarak hazteko instalazioak.
Antzarak hil eta gero, foie entier edo gibel osoa, guztietan onena, kolore, testura eta batez ere tamainari begira hautatua da, piper eta gatzetan egosia izateko. Azkenik, hain bitxiak diren kristalezko poteetan ontziratua izaten da.
Gainontzeko gibelak txikitu egiten dituzte bloc deiturikoa egiteko, guztien orea modukoa da.
Baina, asko dago oraindik aprobetxatzeko: magrét, antzarraren paparrak; confit, izterrak; eta gésiers, Frantzian askotan entsaladetan gehitzen dituzten antzar-urdailaren pusketak dira.
Bisita egin eta gero dendara itzuli ginen eta han bideo bat jarri ziguten azalpen gehiago emanez, baina gure ustez, hain ongi azaldu ziguten baserrian zehar egindako bisitan, bideoa soberakoa jotzen dugula. Azkenik, produktuen dastaketa egin genuen eta foie entier ontzitxo bat erosi genuen, egun berezi batean jateko, hurrengo Gabonetan seguruena…
Nahiz eta xarmaren zatirik handiena baserrian gaua pasatzea den, lekurik ez balego, 500 metrora, herrian bertan, dohako autokarabana gunea dago.
Orain… Foie pintxo bat nahi al duzue?
BIDAIA INFORMAZIOA:
Aire camping car de la Ferme du Vignal: http://www.ferme-du-vignal.com/aire_camping_car_feme_du_vignal.htm
Camping car de Marquay:http://aing-carires.camp.com/aires/aire-communale-marquay-communale,43239
Utzi erantzuna