UDAZKENAZ GOZATZEKO BOST PLAN
Joan zaigu uda, eta udazkena ate joka dugu. Ez, ez dugu penaz esaten, ez pentsa. Udazkena urtaro gozo hori da, aire zabaleko irteerez gozatzeko aukera ematen diguna, udako abantaila ia berberekin: tenperatura atsegina, eguzkia, oraindik martxan dauden turismo-zerbitzuak… Baina udako jendetzarik eta estutasunik gabe. Badakizue nondik datorren «udazkena» hitza? «Uda» eta «azken» hitzekin lotzen da, hau da, «udaren amaiera»… Egokia, ezta?
Urtaro honetarako udazkenaz gozatzeko bost plan proposatzen dizkizuegu. Ziur liluratuko zaituztetela!
1.- Aragoiren bihotzean, Jaraba eta Calmarza artean, Mesa ibaiaren arroila dago. Bidean izpilikua, erromeroa edo ezkaia bezalako sendabelarren usainez gozatzea; inguruko artzainek eraikitako artegi zaharrak ezagutzea; edo une batez arkeologo bihurtu eta bideko haitzetan duela 7.000 urte baino gehiago egindako Levanteko labar-pinturak mirestea… Horrek guztiak udazkeneko ihesaldi hau bereziki interesgarri bihurtuko du.
2.- Udazkena izugarri gustatzen zaizue? Bada, bere osotasunean bizi nahi baduzue, sumendiak lo dauden La Garrotxara hurbildu beharko zenukete. Kataluniako parke natural honek familia osoarekin basoaz gozatzeko osagai guztiak ditu. Hiru laba-koladen ibilbidea egitea eta La Fageda d’en Jordà pagadian paseatzea bi txango zoragarri dira, eroritako hostoen artean oinak ia ikusi ere egingo ez ditugunak.
3.- Nori ez zaio gustatzen udazkeneko eguzki-izpi leunen azpian eleberri on bat irakurtzea? Ez, ez gara erromantikoegi jarriko, eleberria polizia-eleberria baita: “Zaindari ikusezina” (filmaren estreinaldia 2017ko martxoaren 3an). Askotan egiten ez dugun arren, oraingo honetan ibilaldiak eta literatura uztartuko ditugu:
Nafarroako Baztan haraneko pagadi misteriotsuetan galduko gara, eta “Infernuko errota” ondotik ibiliko gara. Ausartuko zarete?
4.- Udazkenarekin batera, irudimena ere hegan jartzen dugu, eta gure hurrengo gomendioak aukera ugari eskaintzen ditu horretarako: Hiri Sorginduan (Ciudad Encantada) galtzea, Cuervo ibaiaren sorburua bisitatzea edo haurrekin Aurpegien Ibilbidea (Ruta de las Caras) egitea. Udazkeneko hiru ibilaldi hauek zuen irudimena hain gora eramango dute, non Cuencarekin erabat liluratuta geratuko zareten.
5.- Gorbeiako Parke Naturalaren inguruan eta Burgosko lurretaraino, familia osoarentzat bi ibilaldi eder aurkituko ditugu, ur-jauzi ikusgarrien aurrean amaitzen direnak. Goiuriko ur-jauzia eta Nerbioiko ur-jauzia dira, bereziki ikusgarriak eurite garaian (azaroan).
Ez ahaztu, gainera, bi ibilaldiak irisgarriak direla. Beraz, ez dago haietaz ez gozatzeko aitzakiarik!
Espero dugu guk bezainbeste gozatuko duzuela udazkenaz: argiaz, hostoen kolore aldakorrez, basoan eroritako hostoen geruzan oinak murgiltzeaz… Eta zuek? Udazkenean egiteko beste ibilaldiren bat proposatuko zenukete? Kontaiguzue!





