| |

GAZTELUGATXE, ZER SEKRETU GORDETZEN DITUZU?

ibilaldiak-235

Azkenaldian, mundu guztia ari da uharte izatetik penintsula bihurtutako leku xarmagarri honi buruz hitz egiten. Bermeotik zortzi kilometro ingurura dago, Bizkaiko kostaldean, eta Euskal Herrira bazatoz, galdu ezin duzun bisitetako bat da. Ziur honezkero jakingo duzula laster “Game of Thrones” telesaila grabatuko dutela leku magiko honetan, baina… zer dakigu benetan Gaztelugatxeri buruz? Zatoz gurekin ezagutzera!

HISTORIA PIXKA BAT

Dena X. mendean hasi zen, inguruko nekazariek uharte honen tontorrean parrokia txiki bat eraiki eta San Joan Bataiatzaileari eskaini ziotenean. Geroago, komentu bihurtu zen, baina pare bat mende geroago fraideek lekua utzi zuten, baliozko objektuak berekin eramanez. Hala ere, Gaztelugatxek badu berezitasun bat: kostaldea eta itsasoa kontrolatzeko kokapen estrategiko eta pribilegiatua du. Horregatik, gotorleku gisa erabili zuten Bizkaiko Jaurerria Alfontso XI.aren aurrean defendatzeko. Bizkaiko zazpi zaldunek Gaztelugatxeko Donienen borrokatu zuten, eta azkenean Alfontso XI.a umiliatuta eta atzera egitera behartuta geratu zen.

Erdi Aroa garai nahasia izan zen, eta kortsarioak nahieran ibiltzen ziren. XVI. mendean, Sir Drakek eta haren kortsarioek baseliza eraso eta arpilatu zuten, bertan bizi zen ermitaua hil eta itsasora botaz. Gainera, garai hartan Espainiako Inkisizioak denbora asko eman zuen inguru honetan sorginak jazartzen, eta sorginkeriaz akusatutako pertsonak Gaztelugatxeko haitzuloetan giltzapetzen zituztela uste da. Denborarekin, eliza hondatuz joan zen, XIX. mendearen amaieran eraitsi zuten arte. Berreraiki egin zuten, eta hainbat sute jasan ondoren, azkenik, 1980an gaur egun uhartearen tontorrean dagoen eraikina altxatu zuten. Uhartea harrizko zubi baten bidez dago lehorrarekin lotuta.

ibilaldiak-223

ZER ESAN NAHI DU GAZTELUGATXEK?

Bi hipotesi daude:

Lehenengoaren arabera, izena euskarazko gaztelu + haitz hitzak elkartzetik dator, baseliza eraikita dagoen haitzari erreferentzia eginez, gaztelu edo gotorleku baten itxura baitu.

Bigarren hipotesiak euskarazko gaztelu + gaitza (gatxe) hitzen elkarketara garamatza, hau da, iristeko zaila den gaztelua, lekurako sarbide zailari erreferentzia eginez.

Ummm… Interesgarria, ezta?

KONDAIRAK DIOENEZ…

San Joan Bataiatzailea bera Bermeon lehorreratu zen, eta hiru pauso handitan iritsi zen baselizara. Bere lehen oinatza Bermeoko San Juan arkuaren azpian ikus daiteke; hirugarrena, berriz, baselizara igotzeko eskaileretako azken mailetan (231 eskailera-maila).

Gaztelugatxeko eskailerak, Bizkaia

OHITURA DA…

Ekainaren 24an, San Joan egunean, Bermeotik baselizarainoko erromeria egiten da, promesaren bat betetzeko edo santuari eskaintzak egiteko. Gainera, uharteko arku naturaletako baten azpian, urpean, Begoñako Ama Birjinaren irudia dago. Hari lore-eskaintza egiten zaio Karmen egunean, arrantzaleen zaindaria baita.

GURE ESPERIENTZIA

Hainbat aldiz egon gara bertan, eta gure ustez, udazkena da leku hau bisitatzeko urtarorik onena. Furgoneta errepidearen goialdean edo Eneperi jatetxearen ondoan aparkatu daiteke.

Eta orain, ingurura hurbiltzen bazarete, galdu egingo duzue aukera hau?

How useful was this post?

Click on a star to rate it!

Average rating / 5. Vote count:

No votes so far! Be the first to rate this post.

As you found this post useful...

Follow us on social media!

We are sorry that this post was not useful for you!

Let us improve this post!

Tell us how we can improve this post?

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude