MAROKORA KANPER FURGONETAZ BIDAIATZEKO AHOLKUAK
Honaino iritsi bazara, Marokora kanper furgonetaz edo autokarabanaz bidaiatzeko asmoa duzulako izango da. Geratu gurekin, eta gure esperientzian oinarrituta bidaia antolatzeko kontuan hartu beharreko alderdiak azalduko dizkizugu: Marokora kanper furgonetaz edo autokarabanaz bidaiatzeko gure aholkuak, bidaiari batetik bestera.
Bi bidaia egin ditugu Marokon zehar, kanper furgonetaz eta familian. Lehenengoan, herrialdearen barnealdea zeharkatu genuen basamorturaino. Bigarrenean, berriz, Marokoko kostalde atlantikoan barrena ibili ginen iparraldetik hegoaldera. Bidaien ondoren, gure oharrak berrikusi ditugu, ehunka argazki begiratu eta mila xehetasun gogoratu. Hausnarketa horien emaitza da artikulu hau. Bertan, lagun on bati emango genizkiokeen Marokon kanper furgonetaz edo autokarabanaz bidaiatzeko aholkuak partekatuko ditugu zurekin.
Prest dituzu arkatza eta papera?
✅ MAROKORA FURGONETAZ EDO AUTOKARABANAZ BIDAIATZEKO AHOLKUAK
Marokora bidaiatu eta Gibraltarko itsasartea zeharkatzeko asmoa baduzu, ez galdu Marokora kanper furgonetaz edo autokarabanaz bidaiatzeko gure aholkuak. Nondik hasiko gara?
✅ MAROKORA KANPERREZ BIDAIATZEKO DOKUMENTAZIOA
Dokumentazioa ezinbestekoa eta oso garrantzitsua da. Europatik kanpora bidaiatuko dugunez, pasaportea indarrean eta familia-liburua beharko ditugu. Seme-alabekin bidaiatuz gero, haurren pasaporteak ere bai. Gure kasuan bezala, ibilgailuarekin bidaiatzen baduzue, honako hauek ere beharko dituzue:
➡ Ibilgailuaren asegurua
➡ Ibilgailuaren azterketa teknikoaren (IAT) dokumentazioa indarrean
➡ Ibilgailuaren txartel berdea
Aseguru-etxeak ematen du, eta jaulkitzen den egunetik urtebeteko balioa du.
➡ Ibilgailuaren zirkulazio-baimena
Txartel grisa ere deitzen zaio. Oso garrantzitsua da ibilgailua gidarietako baten izenean egotea; bestela, arazoak izan ditzakezue.
➡ Aduanako dokumentua
Komeni da aldez aurretik beteta eramatea. Hiru kopia dituen dokumentua da, eta Marokoko aduanara iristean aurkeztu beharko dituzue. Helbide honetan deskarga daiteke:
➡HEMEN➡ Dokumentazio guztiaren kopia eskaneatua
Ideia ona da dokumentazio guztiaren kopia eskaneatua egitea eta hodeian gordetzea. Horrela, galdu edo lapurtuz gero —edozein lekutan gerta baitaiteke—, behar izanez gero erabiltzeko kopia bat izango duzue.
✅ MAROKORA FERRYAN JOATEA, AUTOKARABANAZ EDO KANPERREZ

Beste bidaia askotan gomendatu dugun bezala, ferrya zenbat eta lehenago erreserbatu, orduan eta hobeto, askoz merkeago aterako baitzaizue. Gure kasuan, bi heldu eta haur batentzat, sei metroko furgonetarekin, joan-etorriko bidaia 196 € kostatu zitzaigun. Baina itsasoratzeko egunean prezioa bikoitza baino handiagoa zen. Kontuan izan behar da, gainera, Internet bidez erreserba egiteko pasaporte-zenbakia behar dela. Pasaportea iraungita badugu, gure kasuan bezala, kontua zaildu egiten da. Intershipping konpainia da trabarik jarriko ez dizuen bakarra. Iraungitako pasaportearen zenbakia onartuko dizuete, eta berritzen duzuenean deitu beharko duzue zenbaki berria emateko, erreserban alda dezaten.
✅ MAROKOKO MONETA

Dirhama (MAD) ez da Europako bankuetan erraz trukatu dezakegun moneta. Izan ere, debekatuta dago herrialdetik ateratzea. Horregatik, Marokora iritsitakoan aldatu beharko dugu dirua. Non? Dirua aldatzeko edozein bulegotan. Han bizitza gozoagoa bihurtzen da, euro bat ia hamar dirhamen baliokidea baita. Prezio orientagarri batzuk ematearren: menu oso batek, gutxienez bi platerekin eta postrearekin, 50 eta 80 dirham artean (5-8 €) balio du pertsonako. Ogi batek, berriz, 2 edo 3 dirham, hau da, 20 edo 30 euro-zentimo. Ulertzen duzue, ezta?
✅ MAROKORA BIDAIATZEKO BIDAIA-ASEGURUA
Hau sorpresa handia izan zen guretzat. Egia da askotan ez dakigula ere zer estaldura ditugun. Aztertu ondo beste bide batzuetatik kontratatuta dituzuen aseguruak. Guk, bidaia-asegurua kontratatu aurretik, kontuan hartu beharreko hiru alderdi aurkitu genituen:
1.- OCASO enpresarekin heriotza-asegurua kontratatuta baduzue, bidaietako laguntza ere estalita duzue.
2.- Bidaiatzeko erabiliko duzuen ibilgailuaren aseguruak ere estalduraren bat izan ohi du, aseguruaren titularrarentzat, haren bikotekidearentzat, ondorengoentzat eta aurrekoentzat. Kontsultatu abiatu aurretik.
3.- Hala ere, hau ez da ohiko bidaia bat: herrialdez aldatzeaz gain, kontinentez ere aldatzen dugu. Europako Osasun Txartelaren (EOT) estaldurarik ez dugu. Azkenean, lasai bidaiatzeko, IATI Seguros enpresarekin bidaia-aseguru bat kontratatzea erabaki genuen.
Blog honen irakurlea izateagatik soilik, Marokora bidaiatzeko aseguruetan deskontuak lor ditzakezu. Prezioak eta estaldurak kontsulta ditzakezu hurrengo botoietan klik eginez.
✅ MAROKON KANPER FURGONETARAKO EDO AUTOKARABANARAKO URA LORTZEA

Maroko herrialde emankorra da eta ur ugari dauka, baina ur-hoditerietan eta uraren tratamenduan dauden gabeziek kanpotarrentzat edateko desegokia bihurtzen dute, behintzat beherako eder bat harrapatu nahi ez badugu. Horregatik, furgonetan ur-bidoiak eramatea gomendatzen dizuegu. Guk lehen bidaian 25 litro eraman genituen, hiru pertsonaren kontsumorako, 11 eguneko bidaia egiteko. Bertako supermerkatuetan ere eros dezakezue ura, baina kontuan hartu behar da herri guztietan ez dugula supermerkaturik aurkituko. Herri eta hirietan zehar, leku askotan iturri publikoak ikusi genituen, oso modu deigarrian lauzaz apainduak. Guk ez genuen tanta bakar bat ere probatu.
Bertan ura hartu eta edangarri bihurtzeko pilulak erabiltzeko aukera ere badago. Guk ez dugu probatu.
✅ DISTANTZIAK ETA DENBORA MAROKON KANPER FURGONETAZ EDO AUTOKARABANAZ BIDAIATZEAN
Kontuz ibili ibilbideen distantziak eta denborak kalkulatzean, Marokora autokarabanaz edo kanperrez bidaiatzeko plana prestatzerakoan. Ikusiko duzue kilometroak eta kalkulatutako denbora EZ datozela bat Europako errepideetan gertatzen denarekin, non batez beste 100 km/h-ko abiadura kalkulatzen den. Denbora bikoitza beharko duzue, eta bidearen arabera, are gehiago. Autobide-tarte luze bat dago kostaldean zehar, Asilahtik El Jadidaraino. Bertan, gehienez 100 km/h inguruan gidatuko duzuela kalkula dezakezue. Gainerako errepideetan, 30 eta 60 km/h arteko abiadura kalkulatu genuen.
✅ MAROKON GIDATZEA: ARAZOAK SAIHESTEKO AHOLKUAK

Marokok Magreb osoko autobide-sarerik handiena du, eta Afrikako bigarren garrantzitsuena. Turismoaren hazkundeari esker, Atlas mendikatearen beste aldeko gero eta herri eta hiri gehiagotan, Merzougan esaterako, errepideak asfaltatzen ari dira. Hala ere, Marokon gidatzeak zentzumen guztiak erne izatea eskatzen du, eta gure esperientzian oinarrituta gomendio batzuk ematera ausartzen gara:
➡ Kontuz errepideko ustekabeko egoerekin
Edozein bihurgunetan edo bidetan ustekabeko egoerak aurki ditzakegu errepide-bazterrean: dromedario-talde batekin doazen artzainak, fardelak daramatzaten nekazariak, bizikletan dabilen jendea, zerbait eskaintzeko edo eskatzeko besoak luzatzen dituzten haurrak…
➡ Adi polizia-kontrolei
Marokoko errepideetan ohikoa da polizia-kontrolak aurkitzea. Oro har turistak gelditzen ez dituzten arren, gure bidaia-lagun Bidai on taldekoek zorte txarra izan zuten eta bi isun jaso zituzten: bata abiadura-muga gainditzeagatik eta bestea marra jarraitua zapalduz aurreratzeagatik.
➡ Gau egiten badu, EZ gidatu
Lehen aipatu dugu Marokoko errepide-bazterretan jende eta mugimendu handia egoten dela. Bada, orain imajinatu egoera bera gauez.
➡ Saihestu hirietan gidatzea
Oro har, bertakoen gidatzeko modua oso oldarkorra eta kaotikoa da. Horri seinale gutxi eta ia semafororik ez egotea gehitzen badiogu, ibilgailuan kolperen bat jasotzeko osagai guztiak ditugu. Esperientziatik kontatzen dizuegu, nabigatzailearengan itsu-itsuan fidatuta Marrakexen gidatzera ausartu ginen inozo hauen ahotik. Are gehiago, furgoneta eta guzti zokoan sartu ginen!
➡ Walkie-talkieak: egon harremanetan bidaia-lagunekin
Taldean eta hainbat ibilgailurekin bidaiatuz gero, oso komenigarria da walkie-talkie batzuk eramatea, elkarrekin komunikatzeko, errepidean agertzen diren arriskuen edo ustekabeen berri emateko edo, besterik gabe, bidean bertan erabakiak hartzeko. 😉
✅ MAROKON AUTOKARABANAREN EDO FURGONETAREN DEPOSITUA BETETZEA
Marokon autokarabanaren edo furgonetaren erregai-depositua betetzeko aukerarik onenak Afriquia, Total edo Shell gasolindegiak dira. Gida guztietan gomendatzen dituztenak dira, konpainia horietan gasolio aizundua hartzeko arriskua txikiagoa baita.
✅ MAROKOKO KANPINAK: AUTOKARABANAZ EDO FURGONETAZ GAUA PASATZEA

Pozik jakinarazten dizugu Marokora egindako bi bidaia handiren ondoren, Marokon autokarabanaz edo furgonetaz gaua pasatzeko kanpin eta aparkaleku egokien gida bat prestatu dugula zuentzat. Benetako altxor bat da, Marokorako bidaia antolatzea askoz errazagoa egingo dizuena. Kanpin guztiak klik bakarrean aurkituko dituzue.
✅ MAROKOKO GASTRONOMIA

Bidaia honetako alderdirik erakargarrienetako bat gastronomia da. Herrialde osoan plater gozo-gozoak dastatu ahal izango ditugu, hala nola kus-kusa (seksuk), kefta, tomate pikantearekin prestatutako haragi-bolak, edo tajina, buztinezko ontzi koniko batean prestatzen den gisatua. Hauek dira platerik ezagunenak, eta leku guztietan aurkituko dituzue. Askotarikoagoak dira zopak, hala nola harira, eskualde batetik bestera aldatzen dena, eta pastilla izeneko hostorezko pastel gozoa, oilaskoz betea edo, bertsio finagoan, uso gaztez eta mahaspasaz prestatua.
Begetarianoak edo beganoak bazarete, ez duzue zertan kezkatu. Marokon kalitate handiko barazki eta fruta ugari dago, eta kus-kusa nahiz tajina barazkiekin bakarrik presta daitezke.
Mentazko tea benetako errituala da Marokon. Gosaltzeko eta eguneko edozein ordutan hartzen dute. Abegikortasunaren erakusgarri gisa eskaintzen dute sarritan, baita zerbait erosteko negoziatzen ari direnean ere. Gizalege txarrekoa da azkar edatea. Beraz, tea onartzera animatzen bazarete, denboratxo bat eman beharko duzue solasean.
Postrerik ezagunena laranja da, xerratan moztuta, erretilu batean zerbitzatua eta kanelaz hautseztatua. Otordu gozo bati amaiera emateko aukera ezin hobea.
✳️Produktu freskoak erostea gomendatzen dizuegu, hala nola fruta —bereziki laranjak eta bananak— eta barazkiak. Gero furgonetan zuen gustura prestatu ahal izango dituzue.
✅ MAROKOKO ZOKOETAN EROSKETAK EGITEA

➡ MAROKOKO ARTISAUTZA
Maroko herri-artisautzan oso aberatsa den herrialdea da. Antzinako lanbideek sustrai sendoak dituzte oraindik, eta garai bateko egiteko moduak errespetatzen dituzte. Larruzko poltsak eta sandaliak oso prezio onean aurki daitezke, baita eskuz ehundutako alfonbra zoragarriak ere, nahiz eta azken horiek oro har garestiak izan. Ohe-estalkiak, platerak, buztinezko eltzeak eta lanparak ere prezio erakargarrietan saltzen dira. Kalitatezko artisautza prezio onean erosteko paradisua da, oraingoz behintzat.
➡ PREZIOAK NEGOZIATZEA
Baina nola hitz egin dugu erosketak egiteaz prezioak negoziatzea aipatu gabe? Bidaia honetan zerbait ikasi badugu, han dena negoziatzen dela izan da. Aholku gisa, zer erosi nahi dugun argi ez badugu, hobe da denbora eta pazientzia eskatuko digun negoziazio batean ez sartzea. Benetan zerbait erosi nahi badugu, negoziatzen hasi aurretik pentsatu behar dugu zenbateko balioa ematen diogun produktuari. Galdetu zeuen buruari: zenbat ordaintzeko prest nago honengatik? Gainera, zentzuz eta logikaz jokatzea komeni da, ez gaitezen azkenean zentimo bakar batengatik negoziatzen aritu.
✅ HIZKUNTZAK: NOLA KOMUNIKATU MAROKON

Gaur egun eskoletan ingelesa irakasten den arren, frantsesak garrantzi handia izaten jarraitzen du eta bigarren hizkuntza gisa erabiltzen da herrialdearen hegoaldean. Marokoko iparraldean, berriz, jende askok gaztelania ezagutzen eta hitz egiten du. Arabiera eta amazigera eremu zabaletan elkarrekin bizi dira, eta bi hizkuntzetako kartelak aurki ditzakegu. Bisitatzen dugun edozein herrialdetan bezala, adeitasunezko oinarrizko hiztegia ikastea gomendatzen dugu: agurtzeko, zerbait eskatzeko, eskerrak emateko… Zein ondo konektatzen den horrela jendearekin!
✅ BAINUGELAK ETA KOMUNAK MAROKON
Agian txorakeria irudituko zaizue, baina Marokora joan aurretik geure buruari egiten genion galderetako bat hauxe zen: nolakoak izango dira komunak? Duela hogei bat urte egon ginen han lehen aldiz, eta orduan ohikoena turkiar estiloko komunak aurkitzea zen, hau da, lurrean zulo bat eta kitto. Zorionez, modernizatzen ari dira —nabari da zenbat komunontzik zeharkatzen duten aduana—, eta leku gehienetan eserita erabiltzeko komunontziak aurkitu genituen. Lehenengoan aurkitzen ez baduzue, sartu hurrengo komunean. Lau komunetik gutxienez batean eserita erabiltzeko komunontzi bat egongo da.
✅ MAROKORA TALDEAN BIDAIATZEA

Marokora taldean bidaiatzeak segurtasun-sentsazioa ematen du. Izan ere, hori da bidaiari askok herrialdera iristean duten beldur nagusia, nahiz eta laster egiazta daitekeen beldur hori neurri handi batean justifikaziorik gabea dela. Bestalde, egia da taldean bidaiatzea abantaila dela jatetxeetan, bisita gidatuetan eta txangoetan prezioak negoziatzeko. Hala ere, esan behar dugu Marokora bakarrik bidaiatzea ere oso esperientzia positiboa eta aberasgarria izan daitekeela. Gure kasuan, bi moduak probatu ditugu. Eta zuk, nola bidaiatuko duzu Marokora?
✅ GIDARI BAT KONTRATATZEA
Marokon badira gidari baten laguntzaz bisitatu beharreko lekuak, hala nola Fezeko medina labirintikoa. Baina ez dugu edonor kontratatu behar. Baimendutako gidari batekin jarri behar dugu harremanetan. Erraz ezagutzen dira, lepotik zintzilik daramaten identifikazio-txartelagatik. Gainera, komeni da jakitea antzina bidaiari asko engainatzen zituztela, eta ordaindu ondoren Fezeko kaleetan abandonatuta uzten zituztela. Iruzurrak saihesteko, gaur egun gidarien jarduera araututa dago eta turismo-poliziak zorrotz zaintzen du.
👨👧👦 MAROKORA FAMILIAN AUTOKARABANAZ EDO KANPER FURGONETAZ BIDAIATZEA: GURE AHOLKURIK ONENETAKO BAT

Bidaiari askok zalantzak dituzte Marokora familian bidaiatzea planteatzen dutenean. Agian ezjakintasunagatik, antzinatik datozen aurreiritziengatik edo guk ulertzen ez ditugun beste arrazoi batzuengatik. Hala ere, Marokon familian egindako bi bidaia handiek erakutsi digute haurrekin bidaiatzeko helmuga ezin hobea dela, eta pertsona gisa aberasten gaituela. Zergatik?
➡ Haurrei beste haur batzuen errealitateak ezagutzen laguntzen dielako.
➡ Jarduera berrien eta helmuga ezezagunen aurrean duten jakin-mina pizten duelako.
➡ Beste errealitate batzuk ezagutzean enpatia garatzen dutelako.
➡ Natur Zientziak, Geografia eta hizkuntzak bertan ikasten dituztelako.
➡ Egoera berrietara egokitzeko gaitasuna eta erresilientzia handitzen dituztelako.
➡ Marokora familian bidaiatzeak gure seme-alabak erosotasun-eremutik ateratzen dituelako.
✅ MAROKON ZEHARREKO IBILBIDEAK AUTOKARABANAZ EDO KANPER FURGONETAZ
Benetako askatasun-sentsazioa bilatzen baduzu eta Maroko zure erritmoan ezagutu nahi baduzu, Marokora autokarabanaz edo kanper furgonetaz bidaiatzea aukera ezin hobea da. Lasai bidaiatzea, nahi dugunean eta nahi dugun lekuan geldituz, benetako bidaiari-ametsa da. Baina Maroko ezagutzeko, bertako paisaietako kontrasteak, jendearen berotasuna eta gastronomia aberatsa ezagutzeko, galdu ezin diren ibilbide batzuk daude.
Gidatu Marokoko kasbahen ibilbideko errepide bihurgunetsuetan barrena, Todrako arroilak eta Dadesko arroilak bezalako haitzarte sakonak zeharkatuz. Azkenik, bidaiak Erg Chebbiko basamortuko duna gorrixketaraino eramango gaitu, basamortuaren erdian haima batean gaua pasatzeko.
Marokoko kostalde atlantikoan zeharreko ibilbidea Asilah eta Saharako basamortuaren atarien artean egiten den bidaia da. Marokoko Atlantikoko kostaldeko hondartzak modu benetakoan ezagutzera eramango gaitu, surfa egiteko edo bainu bizigarri bat hartzeko aproposak direnak. Artisautza-gune batzuk ere ezagutuko ditugu, hala nola Safiko Buztingileen Muinoa, baita xarma berezia duten arrantzale-herrixkak ere, Oualidia eta Essaouira esaterako.
Marokora furgonetaz edo autokarabanaz bidaiatzeko ibilbideak xehetasunez kontsultatu nahi badituzue, hurrengo estekan ibilbideak, mapak, gaua pasatzeko lekuak, bisitak eta beste hainbat informazio aurkituko dituzue. Guztia gure bidaia-esperientzian oinarrituta.
Honaino gure Marokon kanper furgonetaz edo autokarabanaz bidaiatzeko aholkuak. Jakin behar duzu Marokora furgonetaz egindako bi bidaiaren emaitza direla: bata taldean, lagunekin, eta bestea familian. Gure esperientzian oinarritutako bilduma honen bidez, Afrikako herrialde hau bisitatzeko asmoa duten kanper-bidaiari guztiei lagundu eta orientazioa eskaini nahi diegu. Bidaia prestatzen laguntzeko informazio baliagarria eman izana espero dugu. Zuk ere zerbait gehitu nahi duzu? Idatz iezaguzu eta gehituko dugu.
Bidaia ona izan dezazuela!

