LIGURIAKO MAHAIAN: GOZOAREN ETA GAZIAREN ARTEAN
Liguriara egindako bidaian, eskualdeko hainbat espezialitate eta jaki goxo ezagutu ditugu.
Bidaia amaitzerako, hainbeste gauza dastatu genituen, non hori guztia kontatu beharra zegoela erabaki genuen.
Aurreratuko dizuegun gauza bakarra da Liguriako gastronomia gozoaren eta gaziaren artean dabilela…
Mmmm!
Eta zuek, zer nahiago duzue, gozoa ala gazia?
KAPUTXINOAK, HOBE FAMILIAN
Bidaia honetan hirurok, aitak, amak eta semeak, bat egin badugu zerbaitetan, ia arratsaldero cappuccino bat hartzeko bat-bateko zaletasunean izan da.
Normalean, etxean, edarien gustuak honela banatzen dira: Cola-Cao, kafe ebakia eta kafe hutsa.
Baina begira zer diren gauzak! Italiara iritsi eta hirurok kaputxinoaren zale bihurtu ginen.
Esnearekin egindako kafe mota bat da (kafea baino esne gehiago duena), gainean apar-geruza batekin. Edonor erraz liluratzen du, batez ere Lericikoek!
«ALICI SOTTO SALE»: GOAZEN MERKATURA!
Sestri Levanteko merkatua bisitatu genuen. Bertan, eskualdeko saltxitxak, salamiak eta gaztak aurkitzeaz gain, hainbeste desiratzen genituen «alici sotto sale» aurkitu genituen: gatzetan ondutako antxoak.
Camogliko arrantzaleek erabat artisau-erara harrapatzen dituzte antxoa hauek.
Prestaketa-prozesu osoan arreta handiz zaintzen dituzte, eta ontze-prozesuaren ondoren kristalezko potoetan sartzen dituzte saltzeko.
Prestaketa zaindu horren emaitza benetako jaki gozoa da, arrainzaleek galdu ezin dutena.
«PANDOLCE»: GOSARI MARDULA EGITEKO
Furgonetako gosariak etxekoen antzekoak izaten dira: egun osorako energia hartzeko modukoak.
LIGURIAN pandolce ezagutu genuen. Izenagatik asmatuko zenuten bezala, ogi gozo bat da.
Bizkotxo gogor samarra da, pinaziz, mahaspasaz eta fruta konfitatuz betea.
Esne-kafetan bustitzeko eta indarrak hartzeko aproposa iruditu zitzaigun.
PASTA ETA PESTO ALLA GENOVESE
Lericiko pastificcio batean erositako pasta freskoa.
Zer prestatuko dugu gaur?
Pasta!
Baina Italian gaude, eta oraingoan gutizia txiki bat egingo dugu: pasta artisau-erako pastificcio batean erosiko dugu.
Bertan, pasta egiten duten gela eta salmenta-mostradorea gortina txiki batek baino ez ditu bereizten.
Pasta pisuaren arabera saltzen dute, eta forma eta kolore askotakoa aurki dezakegu, baita betea ere…
Goxo-goxoa!
Baina hirugarrena falta zaigu!
Zein saltsarekin lagunduko dugu pasta?
Bada, Ligurian gaudela eta GENOVATIK hain gertu, erantzuna argia da: pesto alla genovese.
Saltsa berde hau oliba-olio birjina estra, albahaka (basilicum), baratxuria, pinaziak, parmesano gazta eta pecorino gaztarekin egiten da.
Diotenez, pestoa erromatarren antzinako «Moretum» delakoaren ondorengo zuzena da.
Nork daki!
Pesto alla genovese, Porto Venereko Via Capellini kaleko 70. zenbakian erosia.
ESKUAK OREAN: FOCACCIA, FARINATA ETA TORTA PASQUALINA
Ezin dugu Liguriari buruz hitz egin focaccia aipatu gabe.
Pizzaren antzeko irin-opil bat da, eta hainbat motatakoa aurki dezakegu: bianca, Reccoko gaztarekin egindakoa edo betea.
Hori bai, beti egur-labean egina.
Hiru motatako focacciak, barbarinekin batera.
Farinata urarekin eta txitxirio-irinarekin (ceci) egiten den opil gazi oso mehea da.
Guk farinata di cipolle (tipuladuna) aldaera dastatzeko aukera izan genuen.
Betiko pizzaren alternatiba da, eta guretzat «salbamenduko platera» izan zen oso nekatuta geunden egun haietan, furgonetara itzultzean sukaldatzeko gogorik ez genuenean.
Farinata di cipolle.
Torta Pasqualina Liguriako espezialitatea da, eta Aste Santuko jaki tipikoa ere bada.
Beraz, sasoi horretan geundenez, jaki gozo hau probatzea erabaki genuen.
XVI. mendetik datorren opila da, eta jatorrian gattafura izenez ezagutzen zen.
Opil gazi hau alkatxofaz eta arrautza egosiz beteta zerbitzatu ziguten.
Itxura ona du, ezta?
Torta Pasqualina, patata batzuekin lagunduta.
GOAZEN ARRANTZARA… ARRANTZA-LONJETARA!
Arrantza-lonja Santa Margherita Liguren.
Aukerak ez dira alferrik galdu behar!
Izan ere, ezin da Santa Margherita Ligureko kaietan paseatu bertako lonjaren batean «afarirako arraina harrapatzera» sartu gabe.
Liguriako itsasoaren sakonean, 1900eko hamarkadaren hasieratik, gamberi rampanti preziatuak edo ganba gorriak arrantzatzen dituzte.
Ezaugarri zientifiko, gastronomiko eta kulturalengatik babestu beharreko produktu tipikoa dira.
Baina entsalada bat nahiago baduzue, moscardini ere aurkituko dituzue, olagarro txiki mota bat, egosita entsaladari gehitzen diotena.
Izan ere, produktu freskoak zuzenean ekoizleei erostea, bertako jendearekin harremanak izatea eta haien artean murgiltzea dira kanperrez bidaiatzean gehien liluratzen gaituzten gauzetako batzuk.
KAFEAREN ORDUA: BACI DI DAMA ALA CAMOGLIESI?
Ezin ginen agurtu kafearen orduan gozoki eder bat dastatu gabe!
Alde batetik, baci di dama tentagarriak aurkitu genituen: hurritzaz betetako pastatxo gozo-gozoak.
Jatorriz Piamontekoak dira, baina Ligurian ere oso zabalduta daude.
Mokadu bakarrean jateko modukoak dira; beraz, gozoki hauek ez dute luzaroan irauten gure furgonetako armairuan.
Bestalde, Camogliko Via Garibalditik egindako pasealeku luze batek tentazio gozo eta liluragarri honetan erortzera eraman gintuen: camogliesi direlakoak.
Bertako gozoki tipikoak dira, choux orearekin eginak eta ronezko pastel-kremaz beteak.
Edo, hobeto esanda, ron ugariz eta pastel-krema pixka batez beteak!
Mamma mia!
Agian artikulu hau irakurri ondoren gose pixka bat sartu zaizue…
Edo agian furgoneta hartu eta Liguria bisitatzeko gogoa piztu zaizue.
Nork daki!













