Askotan esaten dugu bidai batek beste bati jarraitzen diola, eta guri hori askotan gertatzen zaigu. Ia hilabete daramagu Kroazian zehar eta orain Bosnia ezagutzeko gogoa jarri zaigu… Goazen ba!
BOSNIA ETA HERZEGOBINAN ZEHAR
Brac irla(Kroazia) atzean utzi eta Boniako lurraldea ezagutzeko prestatzen gara. Muga zeharkatzeko ongi prestatzen ditugu dokumentu guztiak, batez ere furgonetaren karta berdea. Bosniak ez dauka Kroaziak daukan izaera europar hori, paisaia ere urdinetik berdera aldatzen da Neretva bailaran sartzerakoan eta laster antzematen dugu ere jendea zeharo ezberdina dela.
POCITELJ
Kilometro dexente egin eta gero, musulmandar izaera nabarmena duen herrixka honetan geratzen gara. Mostar herritik 30kmtara dago, Neretva ibaiaren bailaran. Furgoneta errepidearen ondoan dagoen aparkaleku batean uzten dugu (N 43 08.001. E 17 43.851.). Berehala, mahatsak saltzen duen gizon bat ateratzen zaigu bidera. Mahats kukurutxo bat erosten diogu gogo handirik gabe eta harek urrezko prezioan kobratzen digu (lehenengo ikasgaia).
Abuztuaren bihotzean egonik goizeko hamarretan sekulako beroa egiten du, hala ere herriko kale malda pikuetan gora egiten dugu, barrutik bisitatzeko asmoz. Kutsu bohemioa topatzen diogu…Zertxobait beranduago, daramagun gida-liburuan artista kolonia baten bizitokia dela irakurtzen dugu.
Gavran-Kapetanovic gotorlekua 1444.urtean eraiki zuten eta monumentu ikusgarrienetakoa da. Baina honetaz gain, herria osatzen duen etxe multzoak Bosniak duen monumentu nazionalen zerrendan dago eta UNESCOk Gizateriaren Ondarea izendatua da.
Herriak antzinako hainbat otomandar hammam gordetzen ditu; XV.mendean otomandarren konkistarentzat garrantzia handiko puntu estrategikoa izan baitzen.
Hadzi Alijala meskitara igotzea gomendatzen dugu. Herriren goiko aldean dago, baina nekeak merezi izan zuen, otoi egitera sartu baino lehen meskitaren kanpoko iturrietan eskuak eta oinak garbitzeko ohitura ikusteko aukera izan genuelako.
MOSTAR
Kroazian ez bezala, Mostar hiriak zuloz betetako eraikinez beteta jasotzen gaitu, gudak utzitako orbain ederrak. Hiri zaharraren metro batzuetara baino ez gaude, alderdi turistikoenetik oso gertu.Furgoneta hantxe aparkatu eta hiria ezagutzera abiatu gara.
Hiri zaharra eta Zubi zaharra (Stari Most) ikusi beharrekoak dira hemen; Gizateriaren Ondarea 2005.urtetik eta antzinako Jugoslaviako monumentu historikorik ospetsuenak biak.
Alde zaharreko kaleetan barrena Kujundziluk turkiar azokarekin topatzen gara. Begiratzeko asko dagoen arren, ez dugu ezer erosten; gelditu, regateatu… Ongi ezagutzen dugu nola funtzionatzen duen horrek eta oso astuna egiten zaigu: Gainera, Artisau objektuen ordez “made in txina” asko topatzen dugu postuetan… Kontuz zer erosten duzuen. Giroaz gozatzea eta te bat artesa erabakitzen dugu, atseden hartzeko hiria ezagutzen jarraitu aurretik.
Mostar hirian “La chispa de la vida” traba egiten zigun etengabe nahi genuen argazkia hartzeko…Azkenean, hortxe dago eta Coca-cola konpainiak noizbait iragarkiren baterako erostea espero dugu.
MOSTAR HIRIKO ZUBI ZAHARRA
Gaur egun antzinako Jugoslaviako monumenturik ospetsuenetarikoa da. Jatorrizko zubia, XVI. mendean eraikia eta otomandar inperioaren ikonoa, guda garaian (1993) dinamitaz lehertu egin zuten eta gatazkaren sinbolo nagusia izatera pasa zen une horretatik aurrera. Gerra amaitu zenean, berriz, zubia berreraikitzeari ekin zioten UNESCOren laguntzaz eta gaur egun Bosnia eta Herzegovinako adiskidetze nazionalaren sinbolo nagusia da.
HELEBIJA ETA TARA DORREAK
Zubiaren albo bietan Helebija eta Tara dorre bikiak aurkitzen dira. Lehenengoa, otomandarren garaian gartzela gisa erabilia izan zen eta gaur egun hiriaren historiari buruzko museoa baten zatia da. Bigarrena, Balkaneetako guda garaiko argazkiak biltzen duen erakusketa hartzen du bere barne.
Asko ibili eta gero, Lonely Planet gida-liburuan azalduta agertzen zen begiratokira iritsi ginen eta handik hainbeste aldiz ikusitako hiriaren irudia hartu ahal izan genuen.
Begiak zorroztuz gero, zubian txingurri multzo bat ikusiko duzue. Jendea bilduta agertzen da ibaiara jauzi egin nahi zuen tipo baten inguruan. Ene!Eta baita jauzi ere! Taxalo eta biba artean ospatu zuen jendeak, guk, berriz, beldur pittin bat pasa genuen txoro harengatik.
Hemen duzue une hartako familia-argazkia… Ez da ez egunero paraje haietaraino iristen eta!
Utzi erantzuna