10/11/2016

ZARAUTZ PINTXOZ PINTXO

Zarautz

Gipuzkoako kostaldeko herri honek soberako xarma dauka bisitatzeko. Zarauzko hondartza surf egiteko hondartza erraldoia da, surflari handien bilgunea eta World Surf League elkarteak munduko surf txapelketa jokatzeko sustatzen duen hondartza.  Gainera,  badauka malekoi luze eta ederra paseoan ibiltzeko; eta guzti honen teloia Iñurritza da, itsas-duna harrigarria eta biotopo babestua…Baina ez gara horregatik etorri, Zarautz pintxoz pintxo ezagutu nahi dugu, Ba al zatoz gurekin?

Kontuz! ibilbide hau ez dago halamoduz pentsatua eta eginda, askotan esan dugu, pintxoz joatea gareastia da eta honelako ibilbide bat egin aurretik ikerketa-lan bat egin dugu. Gure ibilbideari jarraituz gero, oinetako erosoak jantzi, irribarrea eta “egun on” ezpainetan eraman, jantzi lasa…, baina batez ere, ez ahaztu diru-zorroa ederki beteta eramatea.

 

JOSHE MARI

Calamares

Gure lehenengo geltokia Musika plaza da, Zarauzko pintxo-poteoaren bilgunea. Bertan, Joshe Mari taberna dago, eta han inoiz dastaturiko kalamar goxoenak zerbitzatzen dituzte. Gainera, ez zaigu pasa kalamarren tamaina eta kopurua; razio ederra da. Laguntzeko, Orio herrian ekoizten den Katxina txakolina aukeratu dugu. Ezin hobeto hasi dugu pintxo-ibilbide hau.

 

TXIKI POLIT

guindillas

 

Plazatik atera gabe, pare-parean, Antzar jokoaren antzera, gure ibilbideari jarraitzen diogu: pintxoz-pintxo…Orain Txikipolit. Han pipar frijitu plater bat hautatu dugu dastatzeko. Piparren Garaia da eta bertako produktua da, km 0; horregatik, oso egokia iruditu zitzaigun. Ondoren, mingaina minduta ez geratzeko gazta eta urdail azpikoz betetako berenjena pintxoak hartu ditugu. Edateko, berriz, etxeko vermouth goxoa.

 

BAR LUKAS

Bar Lukas

Plazatik atera eta kale artean galdu gara Lukas tabernaraino iritsi arte. Taberna bat baino gehiago dela esan beharra dago, izan ere, han pintxo goxoak hartzeaz gain tabernako paretetan erakusgai dauden koadro ederraz goza daiteke. Ekimen ederra da herriko artistak eta euren artelanak ezagutu ahal izateko.

Lukas tabernan betiko pintxoa aukeratu dugu: antxoa gaziak. Betako produktua izan gabe, ondoko herrikoa dela badakigu, Getariakoa. Pintxo ederra da, naturala, osasuntsua eta apaingarririk gabekoa. Gure filosofiari jarraituz jokatu nahi dugu, bertako produktuen alde.

 

SALEGI

Salegi

Salegi tabernak barra ederra eta deigarria dauka. Alde batetik, pintxoen itxuragatik;  bestetik, pintxoen aurkezpenagatik: ohar elebidunetan idatzirik  pintxoen osagaien laburpena ageri da. Asko kostatu zaigu mokadua hautatzea…Egia esan, begiak dantzan ditugu, baina, azkenean, masailez betetako kaneloia eta ontto eta foiez betetako crepe bat aukeratu dugu. Bi pintxo ezin goxoagoak.

 

JAKOBA

Pulpo

Jakin-min handiz sartu gara Jakoba tabernara. Txoritxo batek esan digu hemen sushi pintxoak prestatzen dituztela! Gu euskal-sushi hori dastatzeko prest gaude. Baina, putza! Badirudi eskaintza hori oso ezaguna dela herrian, eta gu iristerako guztiak bukatuak direla. Hala eta guztiz ere, ez dugu etsi gure pintxo-poteoan eta olagarro razioa eskatu dugu. Freskoa, samurra eta gustoz ezin hobea.

Jakien kalitateaz gain, Jakoba tabernako zerbitzariaren harrera beroa eta izaera jatorra nabarmendu behar dugu. Oso gustura sentitu gara bertan.

 

NAPARRAK

Solomillo con foie

Ibilbide honen azken urratsek Napar tabernaraino eraman gaituzte. Han haragia aukeratu dugu: foie plantxan egina eta foie azpizun puska baten gainean. Zein baino zein goxoago eta oso gomendagarriak txakolinaren indarra apaltzeko. Bai, honez gero, txakolinez lepo gaude eta bukatu behar dugu…Berandu baino lehen.

Pintxoak digeritzeko, Zarauzko malekoian  eta Inurritza biotopoko egurrezko pasabidean zehar paseo zoragarri bat eman dugu, plazer handiz.

 

ibilaldiak2-289

Beste baterako, “Toldotxo” pintxoa dastatzea gustatuko litzaiguke. Karlos Argiñanok Zarauzko hainbat hostalarirekin batera martxan jarritako ekimen ederra da, pintxo hori Zarautz herriaren ikonoa bihurtu nahi dute eta. Izena udan hondartzan jartzen diren toldoetatik hartzen du, polita, ezta? Beste baterako izango da…Bitartean, irakuleren batek dastatzen badu, konta dezala, ados??

 

*Sarrera hau nire lankideari, Arani, eta baita bere parkeko lagunei ere eskeini nahi diegu. Pintxoetan ongi jantzitako zarauztarrak dira eta aholku ederrak eman dizkigute. Eskerrik asko!!

 

BIDAIATZEKO INFORMAZIOA:

http://www.turismozarautz.com/

Autokarabana-gunea

 

 

How useful was this post?

Click on a star to rate it!

Average rating / 5. Vote count:

No votes so far! Be the first to rate this post.

As you found this post useful...

Follow us on social media!

We are sorry that this post was not useful for you!

Let us improve this post!

Tell us how we can improve this post?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

[related_post themes="flat" id="5365"]
error: Edukia babestua!! Contenido protegido!!