| | | | | | | | | | | | | | |

ARCACHONGO BADIA KANPER FURGONETAZ

irteerak-272

Arrantzan eta ostren hazkuntzan tradizio handia duten herriz beteta, Arcachongo badia Frantziako seigarren Itsas Parke Naturala da, paisaia harrigarriz beteriko leku benetakoa. Goazen ostrak jaiotzen diren lekura!

Arcachongo badian zeharreko ibilbidea

Egia da hiru egun ez direla nahikoa inguru honetako xarma guztiak ezagutzeko… Dunak, padurak, hondartza basatiak eta Akitaniako basorik zabalenetako bat, Landak. Hala ere, guk ezinbesteko bost bisita aukeratu genituen inguru honetaz gozatzeko:

1.- LE TEICHEKO HEGAZTI-ERRESERBA

irteerak-084

Gaskoiniako Landetako Eskualdeko Parke Naturalean dago. 110 hektareako naturagune babestua da, eta bertan hegazti basati ugari bizi dira, padura, baso, aintzira eta lezkadiz osatutako ingurunean.

irteerak-085
Sei kilometroko bidezidorra lasai eta belarriak erne ditugula zeharkatuz gero, hegazti horietako asko ezagutzeko aukera izango dugu. (Horretarako, etxeko txikienak trebatu beharko ditugu).
irteerak-127
Prismatikoak badituzue, primeran! Ibilbidean zehar jarritako behatoki guztietatik hegazti ugari ikusi ahal izango dituzue. Bestela, parkearen sarreran maileguan uzten dituzte, fidantza baten truke.
arcachon

Bidearen amaieran, gurpil-aulkientzat ere egokituta dagoen Le Chemin des Outils (Tresnen Bidea) zeharkatzen dugu. Bertan, animalien anatomian eta trebetasunetan inspiratutako tresnak eta osagarriak erakusten dituzten panelak daude, basa-bizitzaren behaketan oinarrituta. Ondoren, beste bide batetik jarraitzen dugu, non animalia bakoitzaren aztarna zein den asmatu behar dugun… edo koloretako plakaren atzean erantzuna aurkitu. Familia osoarentzat benetan ibilaldi entretenigarria da.
irteerak-130

 

2.- PILATEKO DUNA

irteerak-201

 

115 metroko altuera, 2,7 kilometroko luzera eta 500 metroko zabalera. Bai, neurri horiek ez dute gezurrik esaten: Europako dunarik altuenaren aurrean gaude, Pilateko duna edo La Dune du Pilat. Frantzian babestutako naturagunea da, eta bidaia honetako paisaiarik ikusgarrienetako bat.

Ohikoena La Teste-de-Buchera eta bertako aparkalekura (4 € / 4 ordu) hurbiltzea da, eta apiriletik Domu Santu egunera arte jartzen duten eskailera handi batetik dunara igotzea. Baina guk nahiago izan genuen gure erara egitea… modu alternatibo samarrean. Kontatuko dizuegu: Pyla campingean lekua hartzen dugu eta 93. partzela aukeratzen dugu, dunaren azpian bertan. Handik nahi duzunean igo eta jaitsi zaitezke, igoerak erromeria batean zaudela sentiarazi gabe.

 

arcachon21

 

Hareazko mendi erraldoi eta eder honen oinetan furgonetako bizimoduaz gozatzeak “Alizia Herrialde Miresgarrian” ipuinean geundela sentiarazi zigun. Behetik hareazko erraldoiari begiratzen genion, eta hiru inurri eta furgoneta txiki-txiki bat ginela sentitzen genuen. Gailurrera igo ginenean, ordea, ia munduaren jaun eta jabe ginela zirudien.

 

Pilateko duna ilunabarrean.
Pilateko duna ilunabarrean.

 

Eskailerarik gabe gailurrera igotzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Pauso sendoz igo behar da, oinak hondarretan nabarmen hondoratzen baitira, eta beharrezkoa bada atseden hartu, selfie-makila borrokarako prest dugula. Goitik ikusiko ditugun paisaiek ederki sarituko dituzte izerdi guztiak. Ikuspegia hiru koloretan laburbil daiteke: urre-kolorea, berdea eta urdina. Ingurura begiratuta, dunaren gandorra, Ozeano Atlantikoa eta Landetako pinudia ikusiko ditugu.


irteerak-193

Jaistean denetik ikusten da, baita korrika doazen eta txankletak galtzen dituzten pertsonak ere… Txikitan erakutsi zidaten mendian eta harkaitzetan beti alboz jaitsi behar dela; dunarekin ere gauza bera gertatzen da.

Kanpina ez zitzaigun aparteko ezer iruditu, baina ACSI txartelarekin ez zen garestia.

3.- L’HERBE

irteerak-236
L’Herbe badia osoko ostren hazkuntzan aritzen diren herririk xarmagarrienetako bat da. Zergatik? Benetakoa delako: kale estuak harearen gainean kokatutako etxetxo eta ostren hazkuntzarako etxolaz beteta daude, eta bertako biztanleak eta turistak pauso bakoitzean elkartzen dira.


arcachon22

 

Dena ostren inguruan dabil: hazkuntza, salmenta, jatetxeak… Ostrak zuzenean saltzen dituzten etxola askok atzealdean espazio bat ere badute, jaki txiki eta gozo horiek Ozeano Atlantikoari begira dastatzeko. Leku pintoreskoa da benetan, eta ezin dugu galdu ostrak dastatzeko aukera, itsasotik zuzenean ahosabaira.


arcachon23
Inguru honetan gaua pasatzeko, berriro ACSI sareko kanpin bat aukeratu genuen: Flower Camping La Canadienne, lasaia eta familiarra.

 

4.- ANDERNOS-LES-BAINS

irteerak-325

 

Herri hau ostren hazkuntzarako eta udako oporretarako helmuga da, neurri berean. L’Herben ez bezala, Andernosen ostren hazkuntzako auzo bat dago, zuzeneko salmentarako etxola tipikoekin, hondartzako turismo-eremutik argi bereizita.

 

Ostren hazkuntzako auzoa.
Ostren hazkuntzako auzoa.

 

Bisita ostren hazkuntzako auzotik hasten dugu, eta kaian zehar kolore biziz margotutako etxola-ilara bat aurkitzen dugu. Ostren hazle bat edo beste itsasora ateratzen ikusteko aukera ere izaten dugu.


irteerak-298

 

Handik oso gertu Saint-Éloi eliza aurkitzen dugu, eta haren ondoan, IV. mendeko galo-erromatar herrixka baten aztarnak, Monumentu Historiko izendatutako lekua.

 

Galo-erromatar herrixkaren hondakinak.
Galo-erromatar herrixkaren hondakinak.

 

Ibilaldi labur batean hondartzako turismo-eremura iristen gara, krepe-dendak, boutiqueak eta eguerdiko Ricard edalontziak nagusi diren lekura.


irteerak-322

Dendak eta terrazak jendez gainezka daude, eta deigarriena Bèlisaire kaia da. 230 metro baino pixka bat gehiagoko luzerarekin, Frantziako luzeena da.

 

Le Bèlisaire kaia.
Le Bèlisaire kaia.

 

Gustura amaitzen dugu paseoa. Lázaro izozki-dendara hurbiltzen gara, eta erabat artisau-eran egindako izozki batzuk erosten ditugu (irish coffee, pruneau et armagnac eta banana txokolatearekin). Hori bai, ohartarazten dizuegu ia ostren prezio berean saltzen dituztela.


irteerak-341

 

5.- LÈGE-CAP-FERRET

La Poissonnerie, inguruko kolonia-estiloko etxe tipikoa.
La Poissonnerie, inguruko kolonia-estiloko etxe tipikoa.

 

Badiaren amaiera ixten duen lurmuturrean hiru erakargarri aurkitzen ditugu: itsasargia, lurmuturraren muturra eta Alfabetoaren Bidezidorra.

Cap-Ferreteko itsasargiak, 53 metroko altuerarekin, 360 graduko ikuspegi zoragarriak eskaintzen dizkie bisitariei: ostren hazkuntzako eremua, Pilateko duna, Île aux Oiseaux edo Txorien Uhartea eta ozeanoa. Gure bidaia begirada bakar batean laburbilduta.


irteerak-343

 

Cap-Ferreteko muturra erromesaldi-leku moduko bat bihurtu da. Haizeak astindutako dunen eta ur zakarreko hondartzen mutur horretaraino bidaiari ugari iristen dira, kostaldearen, dunaren eta ozeanoaren ikuspegi zoragarrien bila. Hala ere, orain La Puntako hondartza debekatutako eremua da, eta hesi batekin itxita dago jendearentzat, kartelak dioenez arriskutsua delako.

 

irteerak-379

 

Aurreko bidaia bateko argazki eder batzuk berreskuratu ditugu, hondartza honetara hurbiltzerik izango bagenu ikusiko genukeena erakusteko.

 

La Pointe hondartzatik ikuspegiak.
La Pointe hondartzatik ikuspegiak.

 

Arantza hori kentzeko, dunen eta basoaren artean ibilaldi eder bat egiteko aukera ematen diogu geure buruari. Le Sentier de L’Abécédaire edo Alfabetoaren Bidezidorra da, bost kilometro ingurukoa, eta inguruaren edertasun basatiak txundituta uzten gaitu.

 

arcachon24

 

Badakigu leku eder asko bisitatu gabe utzi ditugula, baina… A zer ostrak! Hona itzuli beharra daukagu! Ez al zaizue iruditzen?

 

BIDAIAKO INFORMAZIOA:

LE TEICHEKO HEGAZTI-ERRESERBA

Koordenatuak: N44º 38’ 25” W1º 1’ 11”

PILATEKO DUNA

Koordenatuak: N44º 35 52” W1º 11’ 59”

L’HERBE

L’Herben aparkatzeko koordenatuak, herriaren goialdean:

N44º 44’ 58.2” W1º 10’ 51.0”

ANDERNOS-LES-BAINSEKO AUTOKARABANA GUNEA

Koordenatuak: N 44°44’38” W 1°06’30”

Cap-Ferreteko itsasargia

http://www.pyla-camping.com/

http://www.lacanadienne.com/

How useful was this post?

Click on a star to rate it!

Average rating / 5. Vote count:

No votes so far! Be the first to rate this post.

As you found this post useful...

Follow us on social media!

We are sorry that this post was not useful for you!

Let us improve this post!

Tell us how we can improve this post?

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude