| | | | | | | | | | | | | | |

GAZTELAKO KANALA KANPER FURGONETAZ: Herrera de Pisuergara ihesaldia

Asteburuko  ihesaldi batek Palentzia hiriburuaren  eta Palentziako Mendialdearen arteko erdibidera eraman gaitu,  Herrera de Pisuergako xarmak eta ingeniaritza-lan handi bat ezagutzera: Gaztelako Kanala. Bazatoz?

Herrera de Pisuerga  Palentziako iparralderako sarbidea da. Herria  Burejo eta Pisuerga ibaiek bat egiten duten lekuan dago,  eta bertan Gaztelako Kanalaren iparraldeko adarraren zati bat ezagutzeko aukera dugu.  Garrantzi handia du, hanka zuriko ibai-karramarroaren habitat naturala delako. Bertako karramarro hori desagertzeko arriskuan dago gaur egun, karramarro amerikarraren eta karramarro seinaledunaren presentziaren eta mehatxuaren ondorioz.  Gainera, oso ezaguna da Ibai Karramarroaren Gorespen Jaialdiagatik, Eskualdeko Interes Turistikoko Jai izendatua.

Herrera de Pisuergako interesguneen mapa

 

Ihesaldi honetako bisitarik erakargarriena, zalantzarik gabe, Gaztelako Kanalean itsasontziz egindako ibilaldia da. Herrera de Pisuergatik kilometro gutxira dago, hego-ekialderantz. Bertan, aparkaleku zabal bat, bazkaltzeko mahaiez hornitutako atsedenleku txiki bat eta Gaztelako Kanalaren iparraldeko adarrari dagokion tarteko Interpretazio Zentroa  aurkitu genituen. Tarte hori Marqués de la Ensenada itsasontziak zeharkatzen du.

 

Gaztelako Kanala, Marqués de La Ensenada
Marqués de La Ensenada itsasontzia

 

Baina…  zer dakigu Gaztelako Kanalari buruz? HISTORIA PIXKA BAT…

Fernando VI.a erregearen ministroa zen Ensenadako markesa izan zen ingeniaritza-lan handi honen bultzatzaile nagusia. Espainiako Ilustrazioaren garaiko ingeniaritza-lanik handiena izan zen, XVIII. eta XIX. mendeen artean egina.  Eraikuntzan pertsona askok lan egin zuten, pikotxak eta palak tresna bakartzat erabiliz. 100 urte baino gehiago behar izan zituzten, eta, egia esan, ez zuten amaitu, iparraldean Reinosaraino eta hegoaldean Segoviaraino iritsi behar baitzuen.

 

Gaztelako Kanala, zubi esekia
Zubi esekiaren ikuspegia

 

Gaztelako Kanala elkarrengandik isolatuta zeuden eskualdeak lotzeko, soroak ureztatzeko eta salgaiak garraiatzeko eraiki zen. Zerealak ziren gehien garraiatzen ziren salgaiak. Pentsa, garairik oparoenean ia 400 gabarrak zeharkatzen zuten kanala!

Gaztelako Kanala garraiorako erabili zen XX. mendearen erdialdera arte, orduan trenbideak ordezkatu baitzuen. Gaur egun ondare-balio handia du, eta ibilbide osoa Kultura Intereseko Ondasun izendatuta dago 1991tik.

 

MARQUÉS DE LA ENSENADA ITSASONTZIAN IBILI ETA KANALA EZAGUTU GENUEN

Ilusio handiz itxaron genuen ontziralekuan kapitaina eta haren laguntzailea iritsi arte, itsasoratzeko prest. Bertan,  berehala ohartu ginen itsasontzia mugikortasun urriko pertsonentzat edo gurpil-aulkia behar dutenentzat ere irisgarria dela.

Itsasontziko ibilaldian, inguruko flora eta fauna bertatik bertara miresteaz gain, kanalaren historia eta bitxikeriak azaltzen dituen bideo bat ikus daiteke. Ondoren,  itsasontzia 6. zenbakiko esklusan sartzen da, Gaztelako Kanalean eraiki ziren 49 esklusetatik oraindik martxan dauden gutxietako batean.  Bertan, ura betetzeko eta ontzia igotzeko prozesua ikusi genuen, eta, azkenik,  5. zenbakiko esklusara iritsi ginen. Harrigarria izan zen! Kanala salgaiak garraiatzeko erabiltzen zen garaian bezala, esklusa bat urez betetzeko eta husteko prozesua berriz bizitzeko aukera izan genuen!

6. esklusa, Herrera de Pisuerga, Gaztelako Kanala
6. esklusa, urez betetzen ari den unean.

 

Ibilaldian, gainera, jolasteko eta bitxikeria ugari ezagutzeko aukera izan genuen Marco Topo joko interaktiboari esker. Horri buruz hemen hitz egin genizuen. Interpretazio Zentroan eskatzea besterik ez duzue 😉

Itsasontzia, gainera, garraiobide ekologikoa da, energia elektrikoak bultzatuta mugitzen baita. Horrela, ez du fluidorik isurtzen, ez du zaratarik egiten eta kanalean bizi diren landareak eta animaliak kaltetzea edo molestatzea saihesten du.

Baina itsasontziz ibiltzeaz gain, merezi du kanalaren inguru ederrean paseatzea. San Andres presa ikustea, egurrez eta altzairuz eraikitako  zubi eseki xarmagarria zeharkatzea,  sirgabidean ibiltzea edo Pisuerga ibaiaren gaineko begiratoki ikusgarrira hurbiltzea. Egin gauza bat: itxi begiak eta sentitu ibaia.

 

Marco Topo joko interaktiboa, Herrera de Pisuerga, Gaztelako Kanala
Marco Topo joko interaktiboa eta esklusatik igarotzea

Esperientzia hau bizitzeko asmoa baduzu eta, gainera, familiarekin bazoaz, ez egin guk egindako akatsa. Deitu eta erreserbatu (batez ere udan) . Zortea izan genuen, norbait ez zelako markesarekin zuen hitzordura agertu, eta, horri esker, azkenean Kanaleko ibilaldi ederraz gozatu ahal izan genuen… Abisatuta zaude 😉

 

KARRAMARROAK ARRANTZATZERA GOAZ!

Bai, irakurri duzun bezala, karramarroak arrantzatzera goaz. Burejo ibaiaren ondoan dago Karramarroaren Etxea, bertako hanka zuriko ibai-karramarroaren Interpretazio Zentroa. Kanpotik begiratuta ere berezia iruditu zitzaigun eraikina, eta hiru solairutan banatuta dago:  lehenengoan hainbat joko interaktiboz goza daiteke. Horien bidez, Burejo ibaiko karramarroa (hanka zurikoa) eta amerikarra bereizten ikastea, ibaiko objektuak birziklatzea eta beste hainbat jarduera proposatzen dira…

 

Ibaiaren Ikasgela, Herrera de Pisuerga, Gaztelako Kanala
Ibaiaren Ikasgelako lehen solairua

 

Denbora atsegina igaro genuen, eta gaiari buruz gehiago ikasteko aukera izan genuen. Eraikinaren bigarren solairuan ibai-ekosistema irudikatzen duen erakusketa bat dago, hiru akuario handirekin batera. Bertan, karramarroak hondoan hara eta hona dabiltzala ikus daitezke. Azalpenen atala esaldi eder honekin hasten da: “Bazen behin hanka zuriko karramarro bat, janariz eta babeslekuz betetako ur garbi eta freskoko ibai batean lasai bizi zena…”  Handik pantailaz pantaila ibili ginen, jakin-minez eta arretaz dokumental batzuk ikusten.  Horietan, gaur egun babestuta dagoen eta Burejo ibaian bizi den bertako hanka zuriko karramarroaren ezaugarriak, bizimodua eta ugalketa azaltzen dira. Azkenik, ibaietako orekarako bertako karramarroa kontserbatzeak duen garrantzia erakusten dute.

 

Herrera de Pisuerga, hanka zuriko karramarroari buruzko ikasgela
Hanka zuriko karramarroari buruzko dokumentazio-gela.

 

Hanka zuriko karramarroa ezagutzen dugunez, orain haren etsaiak arrantzatzera goaz: karramarro amerikarra eta karramarro seinaleduna. Ibaiaren Interpretazio Zentroan bertan, 2 €-ren truke, beitadun karramarro-sare batzuk alokatu genituen, eta karramarroren bat harrapatzeko zirraraz gozatu genuen. Ondoren, ibaira itzuli behar dira, harrapatu eta askatzeko arrantza baita.

 

Burejo ibaia, Herrera de Pisuerga, Gaztelako Kanala
Burejo ibaian karramarroak arrantzatzen.

 

Gainera, karramarroak gure sareetan erori arte itxaroten genuen bitartean, garagardo goxo batzuk hartu ahal izan genituen Interpretazio Zentroko tabernan eta terrazan.

 

Artisau-garagardoak, Palentzia
Rubia eta Pelirroja, Leongo eta Palentziako artisau-garagardoak.

 

Ba al dakizue, gainera, ibaiaren harrien artean bisoi bat korrika ikusi genuela? Zorte handia izan genuen!

 

GOAZ URETARA!

Guk bezala Herrera de Pisuerga  udan bisitatzen baduzue, eguerdian  eguzkiak gogor jotzen duenean, planik onena udal-igerilekuetara joatea da. Gainera, autokarabana gunetik oso gertu daude. Igerilekuak duela gutxi berritu dituzte; hortaz, komun eta dutxa oso berriak, ur fresko eta garbiko igerilekuak eta ondoan pilotalekua eta padel-instalazioak aurkitu genituen. Tentagarria, ezta?

Herrera de Pisuergako udal-igerilekuak

HEGAZTI-PARKEA:  parke zoologikoa

“Parque zoo” dioen kartel batek  jakin-min handia piztu zigun iritsi ginenetik. Horregatik, gure paseoetako bat zer den ikertzera bideratu genuen. Zoo bat? Hain leku txikian? Bada,  bai,  Herrera de Pisuergako udal-parkean dagoen hegaztien zoo txiki bat da. Sarrera librea eta doakoa da, eta askotariko hegaztiak hartzen ditu: antzarak, zisneak, ahateak, oiloak, indioilarrak, faisaiak, eperrak, usoak… Denbora atsegina igaro genuen parkeko freskotasunaz eta zooaren aniztasunaz gozatzen.

HERRIKO ALDE ZAHARRA BISITATZEN: PLAZA NAGUSIA

Herrera de Pisuergako alde zaharrean murgiltzea bezalakorik ez dago bertako giro herrikoiaz gozatzeko. Plaza Nagusiko izkina batean dagoen taberna batean gelditu ginen bermuta hartzeko. Han “chismorrito” deitzen diote. Izenak grazia handia egin zigun. Plazara ematen duten etxe guztiek xarma handia dute, baita arkupeek ere. Erdiko iturria eta udaletxea ere ez zitzaizkigun oharkabean pasatu. Gainera, gure bisitan Bigarren Eskuko Azokatxo bat egiten ari ziren, eta bertan altxorren bat edo beste aurkitu genuen. Zer iruditzen zaizue?

Plaza Nagusia, Herrera de Pisuerga
Herrera de Pisuergako Plaza Nagusiko iturria eta bigarren eskuko azokatxoa.

 

Plaza Nagusitik oso gertu dago Monterrosa janari-denda, gizakia ez baita  “chismorrito” hutsetik bizi…  Bertan  Herrera de Pisuergako odolki gozo-gozoak,  Chocolate Mata, gazta  eta olio-ogia erosi ahal izan genituen. Herrian erosketak egitea eta bertako produktu tipikoak ezagutzea ezinbestekoa da gure ihesaldietan 😉 Baina karramarroak falta zaizkigu!

 

KARRAMARROAK ARRANTZATZEN… PLATERETIK 😉

Ezin ginen handik joan bertako platerik ospetsuena, ibai-karramarroak, probatu gabe. Horretarako, herritarrek Pisuerga taberna-jatetxera joatea gomendatu ziguten. Antzinako estiloko lokala da, horman sari-bilduma handi bat ikusgai duena; guztiak ibai-karramarroak prestatzeari eta haien saltsak egiteari lotuta daude. Familia-giroko lekua da, eta, gainera, oso gustura hartu gintuzten, berandu iritsi baginen ere. Mila esker. Egia esan, ikusgarri zeuden karramarroez gain, egun hartan odolkia berriro jan genuen, etxeko urdaiazpiko-kroketen errazio bat hartu genuen, oilasko erre erdi bat… Sekulako otordua, prezio merkean.  Derrigorrez gelditzeko lekua da bertako karramarro tipikoak dastatzeko edo tokiko produktuez gozatzeko, dirutza gastatu gabe.

Pisuerga taberna-jatetxeko karramarroak, Palentzia
Pisuerga taberna-jatetxeko mokadu-platerak

 

GAZTELAKO KAPERA SIXTINOA

Ez ginen joan “Gaztelako Kapera Sixtinoa” ikusi gabe. Horrela ezagutzen da Virgen de la Piedad baseliza. Berezitasun nagusia da barrualdea Mariano Lantada margolari palentziarrak 1900 eta 1903 artean olioz margotutako freskoz guztiz estalita dagoela. Bertan, Ama Birjinaren bizitzako eszenak irudikatzen dira. Gangak, zutabeak… Ez da margotu gabeko txokorik geratu! Baseliza leku atsegina iruditu zitzaigun, tenplu erromaniko txiki bat, freskoek ematen dioten argitasun eta kolore ukituarekin. Oso berezia da, eta ez genukeen galdu nahi izango.

 

Virgen de la Piedad baseliza, Gaztelako Kapera Sixtinoa, Palentzia
Virgen de la Piedad baseliza, Gaztelako Kapera Sixtinoa

 

NON PASATU GENUEN GAUA?

Palentzian autokarabana gune ugari daude, eta Herrera de Pisuergakoa benetako luxua da: ibaiaren ondoan, belardian eta zuhaitzen itzalpean aparkatzeko eta gaua pasatzeko tokia eskaintzen du. Gainera, guneak urak husteko eta betetzeko zerbitzua du, Ibaiaren Ikasgelaren ondoan dago, eta haur-parketik, hegazti-parketik, igerilekuetatik eta herriko alde zaharretik oso gertu… Primeran!

 

Herrera de Pisuergako autokarabana gunea, Palentzia
Herrera de Pisuergako autokarabana gunea

 

Joan aurretik ezin genuen imajinatu herri honek hainbeste xarma izango zuenik.  Herrera de Pisuergak harritu egin gaitu Burejo ibaiaren ondoko autokarabana gune atseginarekin,  bertako gastronomia-berezitasunekin,  txikientzako jarduera askotarikoekin eta Gaztelako Kanalean egindako itsasontzi-ibilaldi ikusgarriarekin. Bisitatzera animatzen zarete? Gu dagoeneko  Palentziara itzultzeko gogoz gaude 😉

How useful was this post?

Click on a star to rate it!

Average rating / 5. Vote count:

No votes so far! Be the first to rate this post.

As you found this post useful...

Follow us on social media!

We are sorry that this post was not useful for you!

Let us improve this post!

Tell us how we can improve this post?

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude