FURGONETAZALEENTZAKO OPARIAK, NAHI ADINA
Opariak egiteko garaia iritsi da, eta argi dugu furgonetazaleentzako opariak beti direla aukera ona. Izan ere, ilusio handia egiten du furgonetarako gauzatxo berriak estreinatzeak, ezta?
Olentzero gure etxetik igaro den arren, agian despistatutako Errege Magoren bat iritsiko da gure ateraino. Gainera, gure urtebetetzea ere laster da… Edo, zer arraio! Kapritxotxo bat emango diogu geure buruari! Inspirazio bila, ez dugu une batez ere zalantzarik izan: beste kanper bidaiari batzuen blogak irakurri eta ideiak apuntatu ditugu. Nor hobe haiek baino opariak egiteko eta jasotzeko lan zail honetan gidatzeko? Ez al zaizue iruditzen?
Yescapako blogean gustu guztietarako opari mordoa proposatzen digute, kanpinerako osagarrietatik hasi eta furgonetazaleentzako irakurgai interesgarrien harpidetzetaraino. Guri haien proposamenetako lau opari izugarri gustatu zaizkigu, eta zergatik kontatuko dizuegu:
España Discoveryrako harpidetza

Autokarabanazaleei besoak zabalik harrera egiten dieten ostalaritza-establezimenduen eta tokiko ekoizleen sarearen gida da hau. 200 kokapen baino gehiago eta 600 zerbitzugune eta gaua pasatzeko leku biltzen ditu. Guk asko gozatzen dugu bertako jendearekin harremanetan jarriz eta produktu freskoak zuzenean ekoizleei erosiz. Horrela ezagutu ditugu Nekeas upategiak eta Artajo olio-errota bezalako leku zoragarriak. Urtero berritzen dugu gure harpidetza, eta horregatik ez da inoiz falta España Discovery gida gure furgonetan. Izan ere, nori ez zaio gustatzen bidaiatzea eta gaua leku seguru eta xarmagarrietan pasatzea?
Mugikorrak kargatzeko eguzki-panela

Opari praktikoa, burutsua eta ekologikoa da, hirurak batera. Iluntzen duenean argia egiteko ere mugikorra erabiltzen duten horietakoa bazara, hauxe da zuretzako opari ezin hobea: WhisperPower Ibéricaren 13 Wp-ko Semiflex eguzki-panela. Eguzki-panel honek mugikorrak zein tabletak kargatzen ditu… Guri dagoeneko bururatu zaigu nori oparitu 😉
Abentura-jarduerak

Abenturazaleek, kirolaren eta aire zabalaren maitaleek, beren lekua behar dute opariak egiteko eta jasotzeko garaian. Horregatik, poz-pozik hartuko dute zaldiz paseatzeko, mendiko bizikletaz ibilbide bat egiteko edo antzeko jardueraren bat egiteko opari-bonua. Familian bizi izan ditugun esperientziarik zirraragarrienek Lleidako Noguera Pallaresa ibaian rafting-jaitsiera egitera eta Andorrako Grandvaliran mushing-ibilaldi eder bat egitera eraman gaituzte. Biak Rocroi Aventura enpresaren eskutik. Ez al zaizue sekulakoa iruditzen?
Yescapako opari-bonuak

Opari-ideia honek begiak zabal-zabal utzi dizkigu… Nola ez zitzaigun lehenago bururatu? Gure familian bada astebururako furgoneta uzteko behin eta berriz eskatzen digun norbait, baina badakizue… Uf! Hori beste kontu bat da! Yescapako opari-bonu honek gure gertuko pertsonei askatasunez bidaiatzea zer den sentiarazteko aukera ematen digu. Aurten berandu ibili gara, baina datorren urterako Olentzerori horietako bat eskatuko diogu. Arrakasta ziurtatuta dago!
CAMPERVAN DE RUTA
Campervan de Rutako lagunek Gabonetarako sei opari proposatzen dizkigute. Eta nork azalduko dizkigu haiek baino hobeto, irudien bidez?
Olentzerok, furgonetan ogi txigortua eta etxeko marmelada gosaltzea zenbat gustatzen zaigun jakinda, aurrea hartu zien eta ogia txigortzeko tramankulu batekin iritsi zen etxera. Egia esan, bete-betean asmatu zuen, dagoeneko hurrengo asteburuan ateratzeko eta txigorgailuan egindako ogi txigortuei hortzak sartzeko irrikaz baikaude. Haien ideia guztien artean, beraz, hauxe aukeratu dugu furgonetazale den lagunen bati oparitzeko… Hori bai, oraindik guk geuk probatu behar dugu.
Hauek dira Campervan de Rutak proposatutako sei opariak… Eta badakizue, gustatzen bazaizkizue, ez ahaztu LIKE ematea 😉
VIAXANDO EN FURGO
Romanek, Viaxando en Furgo blogetik, opariei buruzko azken artikuluetan https://viaxandoenfurgo.blogspot.com.es/2017/11/20-regalos-de-aliexpress-para-viajeras.html eta AliExpressko 15 opari kanper furgonetaz bidaiatzen dutenentzat (2. zatia), aurrekontu txikietarako opari-aukera zabala proposatzen digu, AliExpress webgunetik hartua… Guk ez dugu webgune hori bereziki gogoko, baina… Aitortu behar dugu eskaintza askotarikoa eta prezio oso lehiakorrak dituztela.

Furgonetazaleentzako oparien artean, oso ideia merkeak eta tentagarriak proposatzen dizkigu, hala nola kamisetak, USB memoriak edo kuxinak, guztiak ere furgoneten irudiekin apainduak. Gu betidanik izan gara irratiaren zale amorratuak, eta duela hilabete eskas gure semearen urtebetetzean iritsi zen opari polit batekin geratzen gara: furgoneta itxurako irrati bat, martxan dagoenean argia igortzen duena. Askatasunez bidaiatzeari buruzko irratsaioak entzuteko opari ezin hobea 🙂
FURGOSFERA

Furgosfera aldizkariaren orrialdeetan beti aurkitzen ditugu beren ihesaldien kontakizunak idazten dituzten lagunak, behin eta berriro inspiratzen gaituztenak. Izan ere, ez dago ezer hoberik furgonetan eseri, te bero-beroaren katilu bat esku artean hartu eta Furgosfera aldizkaria lasai irakurtzen arratsaldea igarotzea baino. Beraz, haien dendan aurki ditzakegun furgonetazaleentzako opari guztien artean, bikote ezin hobea apuntatuta geratzen da: Furgosfera aldizkarirako harpidetza eta haien katilu polit bat.
Bai, katiluak berak esaten digu… “Dena zurekin hasten da”. Zer oparituko dizut oraingoan?
