| | | | | | |

FERDINAND CHEVALEN JAUREGI IDEALA

Ferdinand Chevalen Jauregi Ideala

Ferdinand Chevalen Jauregi Idealak mende bat baino gehiago darama artistak inspiratzen. Arte-korronte guztietatik kanpo, inolako arau arkitektonikorik jarraitu gabe eraiki zuten, eta, hala ere, surrealistek miretsi egin zuten, art brut edo arte gordinaren adibide gisa aitortua izateraino. Gainera, 1969an Monumentu Historiko izendatu zuten. Zer gehiago eska dakioke arte naïf-eko maisulan honi?

Hauteriveseko (Frantzia) kalezuloen artean, harro altxatzen da Ferdinand Chevalen obra: Jauregi Ideala.

NOR IZAN ZEN FERDINAND CHEVAL?

«Le facteur Cheval» izenez ezaguna zen, postari lanetan aritzen baitzen. Herrikideek adimen gutxiko gizontzat hartzen zuten, eta agian, nork daki horregatik ote zen, bizimodu bakartia izan zuen. Bere fantasiazko mundu propioa sortu zuen, eta hamarkadetan zehar jauregiaren eraikuntzan irudikatzen joan zen.

Ferdinand Chevalen oroimenez egindako egurrezko tailua. Hauteriveseko atsedenlekua.

JAUREGI IDEALAREN HASTAPENAK

Ferdinand Hauterives herriko postaria zen, eta egunero, euria egin nahiz eguzkia atera, ibilbide bera egiten zuen oinez. Egun batean, forma bereziko harri bat jaso zuen. Hura izan zen jauregiaren proiekturako lehen inspirazioa. Ordutik aurrera, gutunak banatzen zituen bitartean, harriak biltzen hasi zen. Hasieran poltsikoetan gordetzen zituen, gero saski batean, eta azkenean, eskorga batean.

BIZITZA, HARRIZ HARRI

Chevalen ustez ideala zen jauregi hau sekulako lana izan zen. 1879an hasi zen eraikitzen, eta bi hamarkada behar izan zituen kanpoko hormak altxatzeko; beste hamahiru urte, berriz, obra amaitzeko. Dena eskuz egin zuen, gizon bakar batek: Hauteriveseko postariak.

Ferdinand Chevalen Jauregi Ideala

Ferdinandek bertan lurperatua izan nahi zuen, bere obrarekin, bere ametsarekin, bere fantasiazko munduan. Baina agintariek baimena ukatu zioten. Horregatik, 78 urte zituela, hilerrian lursail bat erosi eta beste zortzi urtez lanean aritu zen bere mausoleoa eraikitzeko. Obra amaitu zuen, eta hogei hilabete geroago hil zen, 1924an. Ironikoa, ezta?

ZEIN IZAN ZEN FERDINAND CHEVALEN INSPIRAZIO-ITURRIA?

Ferdinand ez zen inoiz bere herritik urrundu, eguneroko posta-banaketa egiteko egin behar zituen kilometroak izan ezik. Orduan, nondik ateratzen zituen bere obra exotikoan irudikatzen zituen ideiak? Besterik gabe, banatzen zituen postal eta aldizkarietako irudietan inspiratzen zela pentsatu behar dugu.

Ferdinand Chevalen Jauregi Ideala
Hiru erraldoiak: Zesar, Vercingetorix eta Arkimedes.

Kanpoko hormak estilo arkitektoniko desberdinen nahasketa dira, eta erabilitako materialak forma bitxiko harriak, fosilak eta harea izan ziren, zementuarekin elkartuak. Eraikinaren barruko korridoreak eskulturez, erliebeez eta Ferdinandek berak idatzitako poema eta esaldien grabatuez apainduta daude.

Ferdinand Chevalen Jauregi Ideala
Itsas barraskiloen maskorrez eta oskolez egindako palmondoa.

Galeria.

Hartz baten erliebea galeriaren barruan.

Elefante baten erliebea galeriaren barruan.

Mendebaldeko fatxada.

Ferdinand Chevalen Jauregi Ideala
Gargola.

Gaur egun jauregia Hauterives herriarena da, eta noizean behin musika-emanaldiak egiteko agertoki gisa erabiltzen dute. Udan, gainera, argi- eta soinu-ikuskizunak antolatzen dituzte egilearen omenez.

 
Pelikanoen habia.

Ekialdeko estiloko tximiniak.

Ez dut uste jauregi honetara egindako bisitak, ideala izan ala ez, inor axolagabe utziko duenik. Esperientzia paregabea da ametsez eta forma bitxiz osatutako eraikin honetan murgiltzea, adimenez eta espirituz leku ezezagunetara bidaiatzera eramaten baikaitu. Noizean behin Ferdinanden poemaren bat edo gogoeta egitera bultzatzen duen esaldiren bat irakurtzeak, edota hiru erraldoien aurrean liluratuta geratzeak, bisita hau benetan erakargarri bihurtzen dute.

BIDAIAKO INFORMAZIOA:
http://www.facteurcheval.com/

Camping Château

How useful was this post?

Click on a star to rate it!

Average rating / 5. Vote count:

No votes so far! Be the first to rate this post.

As you found this post useful...

Follow us on social media!

We are sorry that this post was not useful for you!

Let us improve this post!

Tell us how we can improve this post?

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude