ZUMAIAKO FLYSCHA: GURE PLANETAREN HISTORIA
🔅 FLYSCHA BISITATZEN: EUSKAL KOSTALDEKO PAISAIAK
Azkenaldian, mundu guztiak ezagutu nahi du Zumaiako flyschak gordetzen duen sekretu handia, bertako paisaia ederretan film bat grabatu edo, besterik gabe, formazio ikusgarri hau agerian uzten duen kostaldeko tarte luzea argazkitan jaso. Baina… zer da flysch bat? Euskal Kostaldeko Geoparkean ezagutuko dugu. Goazen Zumaiara!
🔅 NON DAGO ZUMAIAKO FLYSCHA?
Euskal Kostaldeko Geoparkea Zumaia, Deba eta Mutrikuko udalerrietan hedatzen da. Bertan, 13 kilometroko labar ikusgarriek osatutako kostalde zoragarriak flysch izeneko formazio geologikoa gordetzen du.
🔅 ZER DA FLYSCH BAT?
👁 Baina, zer da flysch bat? Alemanieratik datorren hitza da, eta «irristakorra» esan nahi du, gutxi gorabehera.
Formazio geologikoak dira, itsas hondoan sedimentatu eta pilatu diren material gogorren eta bigunen geruza txandakatuez osatuak. Gerora, duela 20 milioi urte inguru, Lurraren barneko indarrek geruza horiek altxatu zituzten, gaur egun ikus ditzakegun horma bertikal ikusgarriak sortu arte. Gertaera horri esker, geologoek errazago azter ditzakete formazioak, irisgarritasunagatik ez ezik, duten tamainagatik ere. Izan ere, dagoeneko aipatu dugu kostaldeko 13 kilometro hartzen dituztela.
Gutako askori zerbait berria iruditu arren, leku hau erreferentzia geologiko garrantzitsua da duela 50 urte baino gehiagotik, eta gaur egun planetako azaleramendu geologikorik garrantzitsuenetako bat da, UNESCOk aitortua. Zergatik? Bada, flyschak geologoek gure planetaren sorrera aztertzeko erabil dezaketen liburu batekin alderatzen baditugu, beste inon ez ditugu hemen bezalakoak aurkituko. Hau da, beste leku batzuetan liburu horretako «orri solteak» aurkitzen baditugu, Euskal Kostaldeko Geoparkean «kapitulu» osoak ditugu; beste era batera esanda, 50 milioi urte baino gehiagoko historia.
🔅 NOLA BISITATU ZUMAIAKO FLYSCHA?
Gaia liluragarria iruditu zitzaigun, eta orain arte kontatu dizuegunaren zati bat Geoparkearen bidez Interneten erreserbatu genuen itsasontziko bisita gidatuan azaldu ziguten (Zumaia-Deba-Zumaia).
Gainera, erreserba nahikoa aurrerapenez egitea gomendatzen dizuegu. Itsasontziko irteerak ez dira urte osoan egiten, eta udan eskari handia izaten duen jarduera da.
Bisitan zehar informazio ugari jaso genuen, baina bada bereziki harritu gintuen bitxikeria bat, Zumaiatik oso gertu bizi arren guk ere ezagutzen ez genuena. Zergatik dago kostaldeko tarte luze hau erabat birjina? Nola liteke bertan eraikin bakar bat ere ez egotea?
1970eko hamarkadan proiektu nuklear handi bat jarri zen martxan, Euskal Kostaldean zehar banatutako hiru zentral nuklear eraikitzeko asmoz: Lemoizen, Ispasterren eta Deban. Baina Lemoizkoa baino ez zuten eraiki, eta hura ere ez zen inoiz martxan jarri. Bada, gaur egun hainbeste miresten ditugun flyscheko labar zoragarri horien gainean zentral nuklear horietako bat eraiki nahi izan zuten. Imajinatzen duzue? Gaur egun, lursailak Gipuzkoako Foru Aldundiarenak dira.
Itsasontziko ibilaldiak ordubete inguru irauten du, eta bidaiaren amaieran, haurrak ondo portatu badira, patroiak ontzia gidatzen uzten die. Txikiei izugarri gustatzen zaien unea da.
Lehorrera itzultzen gara, eta Zumaian bazkaltzera goaz. Nola ez, alde zaharrera jotzen dugu pintxo batzuk jatera, bertako giro atseginaz gozatzeko aukera ere badago eta.
Pintxo-errondak Idoia taberna-jatetxean amaitzen ditugu. Itsas triku bat, berenjena bete bat eta txangurro betea eskatzen ditugu, Getariako jatorri-deiturako txakolinarekin lagunduta 🙂. Onenetakoa, benetan.
🔅 ITZURUN HONDARTZAKO FLYSCHA
Orain Itzurun hondartzara oinez joango gara, flyscha ezagutzeko lekurik irisgarri eta interesgarrienetako batera. Geoparkearen eskutik bisita gidatua egiteko aukera ere badago.
Egia esan, lan kontuengatik aurretik ere egin nuen hondartzako bisita gidatua; beraz, oraingoan familia gidatzea egokitu zitzaidan. Hondartzako eskaileretatik jaisten gara eta ezkerrerantz jotzen dugu. Bertan, beste formazio eder bat ez ezik, «Urrezko iltze» bat eta haren oroitzapenezko plaka ere aurkitzen ditugu. Agintari zientifikoek 2010ean jarri zituzten, leku hau geologiaren ikerketarako mundu mailako garrantzia duen eremu gisa ofizialki aitortzeko.
Arratsaldea lasai amaitzea beti da aukera ona. Lekuaz gozatu eta hondartzaren gainean dagoen Zelai Talasoterapia Hoteleko terrazan kafe bat hartu behar da. Ikuspegiak zoragarriak dira, eta aitortu behar dugu FurgoBidaiaken leku hau bereziki gustuko dugula. Ahal bada, afaltzera geratzea ere merezi du, sukaldea (behin baino gehiagotan gozatu duguna) bikaina baita.
Bisita honi azken «urrezko iltzea» jartzeko, esan beharra dago herri honetan autokarabanak eta kanperrak oso ondo hartzen dituztela. Izan ere, tren-geltokitik gertu zerbitzuak dituen autokarabana-gune bat dago, eta udarako beste bat prestatzen dute kirol-portuaren ondoan. Biak doakoak dira.
Eta ez, ez gaituzte han isolatuta uzten. Txalupa batek herrira eramaten gaitu, edo nahi badugu, Santiago hondartzara. Ez al da zoragarria?
Artikulu honetan Zumaiako flyschera egindako bisita kontatu dizuegun arren, jakin ezazue formazio geologiko hau inguruko herrietan ere, Deban eta Mutrikun, berdin-berdin ederra dela. Herri horiek eta Euskal Kostaldeko gainerako txokoak bisitatzera animatzen zaituztet. Gogoz zaudete?
Gustatu zaizue Zumaiako flyscha bisitatzen bizi izan dugun esperientzia? Animatu zuek ere!




















