Ikusi SORIA BISITATUZ 2 mapa handiago batean
IBILBIDEAREN DATUAK
Bidaiariak: 2 heldu eta 2 urteko ume bat.Furgoneta: Mercedes Vito – Marco Polo( Westfalia)
Distantzia: 413 km (joan-etorria)
Bidaiaren iraupena: ostiraletik igandera arte.
Aurrekontua: 63€ inguru erregaia + 75€ ostatua(2 gau)
Ostatua: Posada Los Leones
www.sorianitelaimaginas.com
www.castillodeberlanga.blospot.com
www.posadalosleones.com
BIDAIAREN INTERESGUNEAK:
Berlanga de Duero:
San Baudelio baseliza
Rello (gotortutako herria)
Tiermes arkeologi gunea (Montejo de Tiermes):
Gormaz gaztelu harresia
Asteburu honetan furgoneta garraio gisa soilik erabiltzea erabaki dugu. Ostatua Berlanga de Dueroko Los Leones herriko ostatuan pasako ditugu 2 gauak, ostiral eta larunbatekoak.
Ostiral arratsaldean abiatu gara eta Astigarragatik Berlanga de Dueroraino 3 orduko bidea dugu. Gaualdean iritsi gara baina posadan abegikor hartu gaituzte eta menu afaria zerbitzatu digute. Zuzenean ohera.
Larunbat goizean dena ikusteko gogoz jaiki gara eta lehengo bisita Berlanga de Duero bertakoa da.
Berlanga de Dueroko gaztelua
Hegia baten gainean gaztelua eta bere harresia zelatan ageri dira. Harresia 20 dorrez horniturik, gaztelua irisgarri zuen leku bakarra babesteko asmoz eraiki zen.Aintzinean, gaztelua, hiru eliza bakoitza zegokion auzoekin eta harresia ziren muino hartako osagaiak. Gaur egun, herria behekaldean asentatuta dago.
Gaztelua ezagutzeko bisita gidatuak antolatzen dira.
Colegiata Nuestra Señora del Mercado
Herria batu nahian edo, XV. mendean, gainontzeko elizak suntsitu eta Colegiata eraiki zen.
Iñigo Fernandez de Velasco eta Maria de Trovar andreak Pio X Aita Santuari egindako erreguen ondorioz Colegiata izendatzea lortu zuten. 4 urtetan eraiki zuten honetan dirutza xahutu ondoren.
Probintzia honetako Berpizkunde estiloko eredu garbia da, Juan de Rasinesek sortua. herriko plaza.
Herrixka bat da,eta beraz, patxadaz har dezakegu garagardotxoren bat bertako plazan eta ondoren inguruak aztertu.
Colegiatak gordetzen duen hondare misteriotsuena kaiman baten aztarnak dira. Kondairaren arabera bertako praile batek ekarri zuen Panamatik eta hasieran herriari animalia lasaia eta esaneko gisa aurkeztu bazitzaion ere, prailea zendu ondoren, kaimanak bere sen basatia berreskuratu zuen eta gauetan Berlangako neska virginak erasotzen hasi zen harik eta akatu arte.
Aguilera Atea
Gaur egun geratzen den harresiaren ate bakarra da eta Berlanga herrigunera sarbide nagusia.XII edo XIV. mendekoa da baina ongi kontserbatuta dago. Bere arkupetik pasa eta zuzenean Postigo kalean murgiltzen gara. Kale honetan egurrezko habez sostengatutako etxe atariak ikusten dira. Kale honetan aurrera joanda Berlangako Plaza nagusira sartzen gara. Ederra benetan.
San Baudelio baseliza – Erdi musulmandar erdi kristau.
Casillas de Berlangatik 2 km-etara kokatzen da. Gure bidaia honetako altxor txikia dela esan daiteke. baseliza honen historia bitxia da. Hasieran Monastegi gisa sortu zen, baina honek ez zuen luze iraun. Ondoren, familia baten eskuetara pasa zen eta hau baselizaren mantenuaz arduratu zen. Tarte horretan,baseliza, kulto gune gisa erabilia izan zen. Gero, Casillas de Berlangako herritarren esku geratu zen eta hauek ardiak gordetzeko ikuilu modura erabili zuten. Horrela jarraitu zuen 1927. urtean monumentu nazionala izendatu zuten arte. Hala ere, ondorengo urteetan, eta inolako arrazoirik gabe, herriko biztanleek baselizako margolanak antikuario bati saldu zizkioten eta honek Ameriketako Estatu Batuetara bidali zituen(Cincinati, Boston, Indianapoli eta New York)Gaur egun, Prado museoan ere ikusgai daude.
XI. mendeko baseliza hau harkaitz baten gainean eraiki zen.Bere sarrera herradura motako arku batek markatzen du, beraz, aurre erromanikoa izan arren estilo mozarabearen eragina jaso du.
Barrua zoragarria da. Sartu eta berehala topatzen dugu Palmera formako bukaera duen zutabe erraldoi bat.
Zutabe honek baselizako kupula sostengatzen du.
Eskailera batzuk goiko tribuna bateraino gidatzen ditu gure urratsak,5 nabetako mezkita txiki bat dirudi.
Pinturak erromanikoak dira eta eraikina baino mende bat geroago margotu ziren. Bi taldetan banatzen dira: lehenengoetan koloreen erabilpena sinplea da eta eskena profanoak irudikatzen dira. Bigarrenetan, berriz, kolore anitzak erabiltzen dira eta Kristoren bizitzaren eskenak irudikatzen dira.
Kanpokaldean, harkaitzan induskatutako Erdi Aroko nekropolia ikus daiteke. Benetan oilo azala jarri zitzaigun halako hilobi txikiak ikusterakoan.
Baseliza honek atezaina dauka eta haraino hurbiltzen denari harrera egin eta atea irekiko dio. Igande eta jaiegunetan 10etatik 14etara irekita dago.
Rello
Gure hurrengo geltokia Rello da. Herrixka hau ezezaguna izan arren oso interesgarri eta bitxia suertatzen zaigu. Muino baten gainean eta harresi baten barruan kokatzen da. Duero aldeko defentsarako horrela kokatuta dagoela pentsarazten digu, baina ez dago idatzizko dokumenturik honen inguruan.
Rello herrira sartzeko harresiak dituen bi ateetako bat aukeratu behar da. Guk errepide aldera ematen duen horretatik sartu gara.
Barruak ere ez gaitu epel uzten kalearteak xarma ikaragarria du eta.
Rello herriko “rollo” = (gaizkileak lotuta eta agerian jartzeko plazetan egoten zen tramankulua) oso berezia da, izan ere burnizkoa da. Honela da, eta horregatik, halako aho korapiloa sortu da gazteleraz:
“El rollo de Rello es de hierro de hierro es el rollo de Rello”
Montejo de Tiermes
Mokadutxo bat hartu eta kuluxka egin ondoren Montejo de Tiermes aldera gidatu dugu.
Bertan, antzinako herri keltiberiar baten aztarnak eta hauek gordetzen dituen museoa bisitatu ditugu.
Museoak hiriak izandako hiru aroak erakusten ditu: keltiberiar aroa, erromatar aroa eta Erdi aroa.Gainera, bertan gai ezberdinak ikusgai daude, hauen artean: armak, keramika aleak edota txanponak.
Aztarnategiaren ondoan Santa Maria Baseliza dago.
XII. mendean eraiki zen eta erromatar estilokoa da.Bere kapitelak ederrak dira, bertan mitologiako gaiak, ehiza eskenak edota kristau eta musulmandarren arteko gudak irudikatzen dira.
Los Leones Posada aldera itzuli gara neka-neka eginda afaltzeko eta lo egiteko.
Igande goiza lasaitasunez hartzen dugu. Berandu samar jaiki eta bapo gosaldu ondoren (Los Leones Posadako etxeko erroskilak mundialak dira) Gormaz gaztelu-harresia bisitatzera abiatu gara.
Gormaz gaztelu-harresia
Bertaraino igo daiteke kotxez eta furgoneta ondo-ondoan aparkatuta utzi eta gero gazteluaren barruko hondarren sekretuak ezagutzera goaz.
Harresi hau garai hartako(X. mendea) handienetakoa zen (Gaur egun, seguruena, Kroaziako Ston herriko harresia izango da handiena) eta jatorri musulmandarra dauka.Zibilizazio ezberdinek borrokatu dute honen jabetza izateko: herri keltiberiarrek, erromatarrek, kristau eta musulmandarrek…
Bi kalifar ate dira sarrera nagusiak: Homenaje atea eta Almanzor atea.
Harresia ikaragarria da eta bertatik goza ditzakegun Duero eta lautaden gaineko bistak paregabeak dira.
Gaztelu-harresitik jaisten den bide ondoan dago San Miguel de Gormaz baseliza, baina itxita dago eta ikusi gabe hasi behar dugu etxera itzultzeko bidea.
Bazkaltzeko Valonsadero mendiraino hurbildu gara, Soria hiriburutik oso gertu. Bidaia lasai bukatzeko modu egokia iruditzen zaigu. Handik Astigarragaraino itzuli gara.
Utzi erantzuna