Ljubljana eslovenieraz “maitatua” esan nahi du eta “patrikako” hiria dela esan daiteke, egun bakar batean paseatuz ezagutu dezakegu eta. Europako hiriburu berdeenetakoa da eta hirigunea oinezkoen alderdi zabal bat da; horregatik, ezagutzeko modurik atseginena familiarekin paseo bat ematea da. Bazatoz?
IBAI ERTZETIK PASEATZEA
Ljubljanica ibaiak hiria bitan banatzen du eta ibai ertze bitan giro handiko kafea eta jatetxeak topa ditzakegu. Sekulako plazerra da kaleko giro honetaz disfrutatzea: paseatzea, izozki bat jatea edota terraza batean eseri eta goizeko eguzki epelean arpa jotzen aritzea.
PRESERNOV TRG
Presernov plaza hiriko txokorik ospetsuena izateaz gain, alde zaharra eta zentroaren topagunea da. Plaza honetan aurkituko ditugu San Nikolas katedrala, gorri kolore deigarria duena; eta France Preseren estatua, Eslovenieraz idatzi zuen lehenengo poeta erromantikoa.
HAUPTMAN ETXEA ETA LIBURUTEGI NAZIONALA
Biak eraikin modernista dira eta biak Joze Plecnik arkitektoak moldatuak. Plecnik Ljubljanan jaio zen eta XX. mendean hiriaren birmoldaketa aurrera eraman zuen ia laguntzarik gabe. Hari zor zaizkio Zubi Hirukoitza eta baita Merkatu Nagusiko kolomadiaren moldaketak, beste gauza askoren artean.
COBBLER ZUBIA ETA ZUBI HIRUKOITZA
Biak Pleznick arkitektoak moldatuak izan ziren eta oso deigarriak dira: Cobbler zubiak greziar estiloko habeak dituelako eta Zubi Hirukoitzak Venezia ekarri zigulako gogora. Zer deritzozue zuek?
MERKATU NAGUSIA, ARRANDEGIA ETA LONJA
Vodnikov plazan dagoen kaleko merkatuan interes handiko arkitektura aleak topa ditzakegu, baina baita hiriari bizitza ematen dioten gazta, ezti, barazki eta frutaz osatutako postuak ere. Merkatua lekurik aproposena da bertakoekin harremanetan jartzeko eta batez ere barazki eta fruta freskoak erosteko. Hamaiketakoa egin beharko dugu , ezta?
Eraikinaren sotoan, arrandegi eta lonja topatuko ditugu. Gure antzera, produktu freskoaren zaleak bazarete bisitatu beharreko lekua da eta ezinbestekoa erosketa onak egin nahi baduzue furgonetan afari goxoa prestatzeko gauean.
HERENSUGEAREN ZUBIA
Noski, gure paseoan ezinbestekoa da Herensugearen zubia ikustea eta argazki mordoa ateratzea. Hori bai, pazientzia izan, mundu guztiak eraman nahi duelako handik herensugearekin argazki bat.
FUNIKULARREZ GAZTELURA IGO
Etxeko txikienen gustura ibiliko gara orain eta Alde zaharretik abiatzen den funikular hartuta 70m gora egingo dugu Ljubljanako gaztelura igotzeko. Gaztelua Esloveniako hobekien kontserbatuen artean dago, baina erakusketa-gela pare bat besterik ez ditu barruan.
Han goian interesgarriena talaiatik lortzen diren bistak, arma-patioaren inguruan dagoen giroa zein Gostilna na Gradu jatetxe ospetsua dira: . Jatetxe horretan jateak mundiala izan behar du, hiriko jatetxerik onenetarikoa da eta. Antzinako errezeta eta plater tipikoak prestatzen omen dituzte, horretarako kalitatezko lehen gaiak erabiltzen dituztelarik. Guk ez genuen probatu… Baina aitzakia ederra izan daiteke berriz ere itzultzeko.
BARRUKO MERKATUAN BAZKALTZEA
Ribca jatetxean bazkaltzea aukera tentagarria suertatu zitzaigun. Leku atsegin eta jatorra hau barruko merkatuaren sotoetan dago, lonjaren elkarren ondoan. Leku paregabea da arrain freskoa prezio onean jan nahi badugu. Mahai inguruan eserita zaudela arrandegitik sukaldera zuzenean doazen arrain erretiluak pasatzen ikusiko dituzu. Bere kalamar eta antxoa frijituak ezin goxoagoak dira. Hatzak zurrupatzeko modukoak!
KAFE ETA POSTREA ALDE ZAHARREAN HARTZEA
Ibaiaren eskuineko aldean (hiriaren ekialdean) Estare Mesto aurkitzen da, alde zaharra. Hiriaren auzorik zaharrena da, arratsaldea pasatzeko eta gure paseoari bukaera emateko tokirik egokiena. Barroko estiloko eraikin ugari dago bertan eta baita denda, jatetxe eta kafetegi xarmangarri asko. Guk Esloveniako postrerik tipikoenak hemen dastatzea gomendatzen dugu.
Marley and Me jatetxea oharkabe erraz pasatzen den horietakoa da, jatetxe xumea baita. Bertan zerbitzatzen diren plater eta postreak, berriz, Eslovenian dastatu ditugun onenen artean daude. Kremna Rezina eta Prekmurska gibanika gozoak Ljubiljanan igarotako egun horren saria izan ziren.
+ BAT NAHI?
Gaztelura igo nahi ez baduzue, baina bista ederaz gozatu nahi baduzue, guk, Ljubljanski Neboticnikera , Ljubljanako etxe-orratzera igotzea gomendatzen dizuegu. etxe-orratza Cankarjeva cesta 4. zenbakian dago. Hirurogeita hamar metroko altuera du eta azkeneko terrazatik begiratuz gero, hiriaren gaineko panorama paregabeaz gozatuko duzue.
BIDAIA INFORMAZIOA:
Zentrotik gertu dagoen aparkalekua: 3’60 €/ h
Helbidea: 8 Emonska cesta
GPS: N 46.04680º E 14.50240º
Utzi erantzuna