| |

GIBRALTAR EGUN BATEAN

Dagoeneko Ingalaterrara furgoz bidaiatu dugu, eta jakin-min handia genuen Ingalaterraren zati bat Erresuma Batutik hainbat eta hainbat kilometrora nolakoa izango zen jakiteko. Telefono-kabina gorririk ba al da? Pubetan tximinia izaten al dute? Twinings te ingeles goxoak aurkituko ote ditugu?… Goazen Gibraltarrera egun batean ezagutzera!

Gibraltarko harkaitza
Ikuspegia Harkaitzeko behatokitik

HISTORIA PIXKA BAT

Gibraltar antzinatean Monte Calpe izenez ezagutzen zen, Heraklesen bi zutabe mitikoetako bat. Musulmanek okupatu zuten, XVI. mendearen erdialdean Gaztelako Koroan sartu zen arte. Hala ere, Espainiako Sezesio Gerra piztu zenean, anglo-holandar flotak okupatu zuen eta, gerra amaituta, Britainiar Koroari lagako zitzaion Utrechteko hitzarmenaren bidez (1713). Harrezkero, “harkaitza” bi herrialdeen arteko eztabaidagai izan da, eta badirudi betiko izango dela.

GIBRALTAR OINEZ

La Línea de la Concepcióndik (Cádiz) paseo labur batean heltzen da. Mugan bertan, kontrolak igaro ondoren, pixka bat gehiago ibili eta Gibraltarko nazioarteko aireportuko pista zeharkatu behar da, beti oinez. Berehala aurkitzen ditugu ohiko autobus ingelesak, gorriak eta bi solairukoak. 5. autobusa hartu eta Market Place-n jaisten gara; han, arku bat zeharkatu ondoren, Casemates Squaren sartzen gara. Plaza zabala da, antzina tropak biltzen ziren tokia. Gaur egun terrazaz josita dago eta aurki dezakegun lekurik bizienetako bat da.

Casemate Square
Casemate Square

Gibraltarko erdigunean barrena oinez abiatzen gara, kale nagusiak edo Main Streetek markatutako bideari jarraituz. Dendaz betetako kalea da, gehienbat teknologia eta argazkigintzakoa. Han jende asko zebilen erakusleihoak begira-begira, aukera paregabe baten bila. Berehala iristen gara Hegoaldeko bastioira, eta haren ondoan Trafalgarko hilerria dago. Historia oro har eta historia militarra bereziki gustuko badituzue, hemen zatitxo bat dago. Trafalgarko batailan hil zirenen hilobiak ikus eta irakur daitezke. Kalearen amaieran Gibraltarko Lorategi Botanikoak edo La Alameda aurkitzen ditugu, herritarren artean hala ezagunak baitira.

Gibraltarko lorategi botanikoak
Gibraltarko lorategi botanikoak

Denbora luzea eman genuen han, eta familian egiteko bisita ezin hobea da, 6Ha inguruko hiri-oasi txiki gisa aurkezten baitzaizkigu; han landare subtropikalen bilduma handia eta zoo bihurtutako gune bat ikusi ahal izan genituen. Lorategiak “La Roca”ren oinean daudenez, funikularra edo Cable-car hartu genuen harkaitzera igotzeko (14’50€); hura, egiaz, babestutako naturagune bat da: Gibraltarko harkaitzaren natura-erreserba.

Ikuspegia funikularretik La Roca aldera

Guk ez genuen ilararik jasan, baina, hala ere, ez dago gaizki sarrerak internet bidez erreserbatzea. Igo ginenean, erreserban soilik paseatu eta 360º-ko ikuspegi ikusgarria eskaintzen duen behatoki harrigarrira hurbiltzea erabaki genuen, baina sarrera bat ordaintzeko aukera ere badago La Rocak gordetzen dituen toki historiko guztiez gozatzeko: O’harako bateria eta 100 tonako kanoia, San Migelgo leizea,Bigarren Mundu Gerrako tunelak… «Turistada» egiteko gogoa baduzue, beste behatoki bat ere badago, ordainpekoa, Skywalk, kristalezko plataforma baten gainetik hurbiltzeko aukera ematen duena.

Baina, zalantzarik gabe, Gibraltarko erreserbaren erakargarri handiena bere tximinoak dira.

Gibraltarko natura-guneko tximinoa
Gibraltarko natura-guneko tximinoa

EZ DA URRE DISTIRATZEN DUEN GUZTIA

Main Streetek teknologia eta argazkigintza saltzeko denda ugari ditu, baina guri, kamerarako objektibo batzuen prezioak begiratuak genituenez, ez zitzaigun aukera hain paregabea iruditu.

La Roca natura-erreserba bat da, baina bere tximinoak gizakiaren eskuz ematen zaizkien frutekin elikatzen dira.

Harkaitza ez da funikularrez bakarrik irisgarria; ordaintzen baduzu eta “money” badaramazu, taxi pribatuak daude, errepide estuetan gora eta behera etengabe ibiltzen direnak turista aberatsak eramanez.

MEREZI DU

Gibraltarko kultura eta hizkuntzen nahasketaz gozatzea, nahaste-borrasteaz esan nahi ez badugu behintzat. Inoiz ez dakizu ingelesez, gaztelaniaz edo bien arteko hizkera batean hitz egingo dizuten.

Main Street-etik paseatzea eta gure bidean aurkitzen ditugun monumentu eta toki historikoei erreparatzea.

Gibraltarko Lorategi Botanikoen lasaitasunaz gozatzea.

Teleferikoz harkaitzera igotzea eta haren behatoki handira hurbiltzea.

NON UZTEN DUGU FURGOA APARKATUTA?

Alcaidesa Marina autokarabanen area, La Línea de la Concepciónen.

Furgoa La Línea de la Concepciónen aparkatzeko aukerarik onena Alcaidesa Marina area da. Kudeaketa pribatuko area bat da, eta ezin hobea gure kanpamentu-base gisa Atun Gorriaren Ibilbide honetako azken bi geldialdietarako: La Línea eta Gibraltar.

Areak La Línea de la Concepción kirol-portuaren barruan leku bat eskaintzen digu. Hesi bidezko sarrera du eta egunean 24 orduz zaintzen dute. Ura betetzeko eta husteko zerbitzuak ditu, baita garbitegi-postu bat ere. Gainera, egiaztatu ahal izan genuen bezala, oso ondo kokatuta dago oinez sartzeko, bai La Líneara goazen bai Gibraltarrera goazen. 12€/24h balio du

Koordenatuak: 36.15556 / -5.35417
N 36º 09′ 20” / W 05º 21′ 15″

Ikusten duzunez, posible da nahasketa anglo-gaditarraz gozatzea, funikularrez igotzea eta ikuspegiekin txunditzea, Harkaitzaren Erreserban edo Main Street-en paseatzea… Gibraltar, zalantzarik gabe, nortasun propiodun beste leku bat da, galdu ezin duzuna. Eta zuk, egon al zara inoiz Gibraltarren?

How useful was this post?

Click on a star to rate it!

Average rating / 5. Vote count:

No votes so far! Be the first to rate this post.

As you found this post useful...

Follow us on social media!

We are sorry that this post was not useful for you!

Let us improve this post!

Tell us how we can improve this post?

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude