| | | | |

SENDAVIVA | Natura eta ikuskizunak familian

Sendaviva Nafarroako parke bat da, non natura, ikuskizunak eta dibertsioa bat egiten duten, aurkikuntzaz eta emozioz betetako giro batean. Naturako jarduerek, animaliekin izandako harremanak, ikuskizunen zirrarak eta atrakzioetan sentitzen den adrenalinak bisita hau haurren zein helduen gogokoenetako bat bihurtzen dute. Zalantzarik gabe, Sendaviva natura ikuskizun bihurtzen den lekua da. Bazatoz gurekin ezagutzera?

Non dago Sendaviva?

Sendaviva parkea Argedasen dago, Tuteratik 30 minutura eta Errege Bardeetako Parke Naturaletik oso gertu. Zalantzarik gabe, parekorik gabeko ingurune natural batean kokatuta dago, Nafarroako Erriberaren bihotzean.

Abentura zain dugu!

Horixe oihukatu genuen denok furgonetako atzeko atea ixtean, eta oraindik ez genekien ondo zer genuen zain… Parkea aintzira handi baten inguruan dagoen naturagune zabala da. Bidezidor bizi honetan barrena ibiltzean, animaliak, ikuskizunak eta atrakzioak aurkituko ditugu bidean. Gainera, aurtengoa berezia da, Sendaviva urteurrena ospatzen ari baita: 15 urte bete ditu, eta sorpresa ugari daude. Hemen ez dago aspertzeko astirik.

Jarduerarik lasaienak aintziran daude, eta bertan mahukak jaso genituen karramarroak arrantzatzeko edo txalupan paseatzeko. Hala ere, gure txikia oso hunkituta zegoenez, uraren gainean zintzilik dagoen haurrentzako tirolinan ere ibili nahi izan zuen. Benetako gozamena!

Sendaviva

Hegazti harraparien anfiteatroan planetako bazter guztietako hegaztiak eta haien ehiza-teknikak ezagutu ahal izan genituen. Sai zuri bat harri batekin ostruka-arrautza bat hausten ere ikusi genuen! Adi egon, hegaztiak aurreko muinotik hegan iristen baitira, eta haien hegaldiak zein beheraldiak ikusgarriak dira. Europako falkoneria-ikuskizunik onenetako baten aurrean gaude. Milaka urteko tradizio hau Gizateriaren Kultura Ondare Immaterial izendatua izan da.

Sendavivako falkoneria

Emozio biziak eta lasaitasun-uneak uztartu nahi genituen, eta, horregatik, Baserriko gunera abiatu ginen, tarte batez jarduera ludikoez eta hezigarriez gozatzera. Bertan, behi bat jezten ikasi eta esnearen ezaugarriak bertatik bertara ezagutu genituen, indioilar eta pauma ederrak zituen hegazti-korta dotore bat ikusi genuen, eta haur zein helduak birziklatzera animatzen dituen joko dibertigarri batean parte hartu genuen. Ez ahaztu aulki hegalarietan ibiltzea! Parkearen ikuspegi zoragarriez gozatzeaz gain, haurtzarora itzularazi ninduen atrakzioetako bat izan zen.

Sendavivako aulki hegalariak

Lehen adrenalina-dosi handia hartzeko unea iritsi da. Zinta garraiatzailea hartu genuen Basoko muinora igotzeko, eta handik 300 metroko maldan behera jaurti ginen flotagailu erraldoi baten barruan. Tubing atrakzioaz ari gara,Europako txirrista zuzenik handienaz!

Sendavivako Tubing atrakzioa

Gainera, benetako gozamena da Basoko gunea estaltzen duen pinudian barrena paseatzea. Basoa sorginduta dago, eta bertan etxeko txikienentzako jarduerak aurkituko ditugu, baita ipuinak kontatzen dizkigun maitagarri bat ere 🙂

Asko gustatu zitzaigun pinudian behera jaistea eta Argazki Safariko Bidezidorra egitea. Bertan, ugaztun batzuk eta hegazti ugari ikus daitezke. Han paumak dira nagusi.

Sendavivako argazki-safaria

Bidezidor batetik bestera, eta aurrera jarraitzen dugu! Belarjaleen Bidezidorrak oreinen, ahuntzen eta beste hausnarkari batzuen artean eramaten gaitu hurrengo adrenalina-dosiraino: Bobsleigh atrakziora. Lera berezi batean igo eta ia kilometro batez maldan behera ziztu bizian jaistea abenturazale ausartenentzat baino ez da.

Baina ikuskizunen batek aho zabalik utzi bagintuen, Mundo Zoorprendente izan zen, talde txikietan egiten den jarduera interaktiboa. Bertan, bi esploratzaile jatorrek animalia ugari aurkeztu zizkiguten, oihan txiki baten itxura zuen dekoratu bikain batetik ateratzen zirenak. Gure begien aurretik makila-intsektuak, txintxillak, sugeak, Txileko tarantula arrosak eta Madagaskarko labezomorro erraldoiak igaro ziren. Ba al dakizue zer sentitzen den labezomorro erraldoi bat ukitzean? Bai, izan ere, animalia batzuk ukitu egin zitezkeen. Benetan aho zabalik utzi gintuen ikuskizuna!

Sendavivako Zoorprendente ikuskizuna
Txileko tarantula arrosa, Sendavivako Zoorprendente
Zoorprendente ikuskizuneko animaliak, Sendaviva

 

Sendaviva guztiontzat

Ibilbidean zehar ohartu ginen parkea erabat irisgarria dela gurpil-aulkientzat eta haur-kotxeentzat. Atrakzioetaraino iristeko sarbideak,  mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako plazak eta komun egokituak ditu. Ez da harritzekoa duela zortzi urte Oztoporik Gabeko Saria jaso izana, erabat irisgarria zen lehen aisialdi-parkea izateagatik. Ordutik, ahaleginak egiten jarraitu du turismo irisgarri eta inklusiboaren erreferente izateko. Eskerrik asko,  Sendaviva! Horrelako xehetasunak ez zaizkigu oharkabean pasatzen.

Sendavivako turismo irisgarria

Sendavivan gaua pasatzea autokarabanaz (edo autokarabanarik gabe)

Emozioz betetako egun oso baten ondoren, gure etxe gurpildunera joan ginen atseden hartzera. Bai, irakurri duzun bezala! Izan ere, Sendaviva parke ikusgarria izateaz gain, autokarabanazaleen laguna da, eta bere autokarabana gunean hartzen gaitu, etxebizitza-ibilgailuentzako gordetako 14 plazarekin. Hori gutxi balitz, parkea irekita dagoen bitartean erabil daitezkeen zerbitzuak ere badaude. Gainera, autokarabanarik ez duen beste familia batekin bazoazte, Sendavivak ostatu hartzeko aterpetxe bat ere badu. Erosoago, ezinezkoa!

Sendavivako autokarabana gunea

Koordenadak: N42º 11′ 27″   O1º 35′ 6″

Sendaviva bisitatzeko gure gomendioak…

Sarrerak Internet bidez erreserbatzea gomendatzen dizuegu. Horrela, parkera sartzea askoz erosoagoa eta azkarragoa izango da, jendetzarik eta ilararik gabeko beste sarbide batetik sartuko baitzarete. A! Gainera, sarrera bakoitzean 3 euro aurreztu ahal izango dituzue. 😉

Sendavivako aplikazioa
Sendavivako aplikazioa

Sendavivako aplikazioa deskargatuta, parkea esku-ahurrean izango duzu: atrakzio guztiei buruzko informazioa, mapa, ordutegiak… Abenturatik klik bakarrera egongo zara!

Eman gozamenerako aukera bat zeure buruari eta ez galdu Azokako izozkitegian gofre goxo-goxo bat dastatzeko aukera. Parkeko gune guztietan jateko lekuak dauden arren, guk esnegainarekin eta txokolatearekin egindako gofre zoragarri hau probatu genuen, eta errepikatu egin genuen. Aspaldian jan dugun onena dela ziurtatzen dizuegu.

Sendaviva berriro bisitatzea: bai, bigarren egunez jarraian joanez gero, sarrera bakoitzak 7 € besterik ez baitu balio. Parkeak bere 15. urteurrena ospatzeko modua da, 2018ko amaierara arte. Aukera hori aprobetxatzea ideia ona iruditzen zaigu, bigarren egunean gehien gustatu zitzaizkigun atrakzioetan berriro ibili edo lehen egunean probatu ez genituenak ezagutu ditzakegulako.

Ba al zenekien…?

Zuen seme-alabak robotikaren munduan hasi, Indiana Jonesen estiloko abenturaz betetako aste bat igaro edo benetako zientzialari gisa aritu daitezen nahi baduzue, orain aukera hori dute Sendavivak antolatzen dituen udako udalekuetan.

Sendaviva inguruan egiteko planak

Oraindik egun batzuk badituzu eta ingurua ezagutu nahi baduzu, familiarekin egiteko lau plan zoragarri proposatzen dizkizugu:

  • Bisita itzazu inguruko Argedasko haitzuloetako etxeak. Bertako biztanleek mendeetan zehar harkaitzean zulatutako bizileku naturalak dira, gaur egun erabiltzen ez direnak. Benetan ikusgarriak dira, batez ere gauez, koloretako argiekin argiztatzen dituztenean.
  • Ez galdu Errege Bardeetako Parke Naturala bisitatzeko aukera. Iberiar penintsulako estepa-eremuetako bat da, naturaren indarrak moldatutako paisaia ikusgarriekin.
Errege Bardeak, Nafarroa, FurgoBidaiak
Errege Bardeetako Parke Naturaleko ibilbidea.
  • Paseatu Tuteran eta ezagutu bertako katedralaren atari ikusgarria, Foruen plaza eta Monreal dorrea, edo parte hartu bisita antzeztu batean, parkeak berak antolatutakoan.
Sendavivan natura beste modu batean bizi izan dugu, eta, gainera, familiarekin igaro dugun astebururik onenetako bat izan da: zirraragarria, harrigarria, dibertigarria eta luzaroan gogoratuko duguna. Familia bidaiariok, ezin duzue galdu!

How useful was this post?

Click on a star to rate it!

Average rating / 5. Vote count:

No votes so far! Be the first to rate this post.

As you found this post useful...

Follow us on social media!

We are sorry that this post was not useful for you!

Let us improve this post!

Tell us how we can improve this post?

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude