| |

CARAMAPS, BESTELAKO APLIKAZIO BAT

Gure bidaia guztietan, aplikazio baten laguntzaz prestatzen dugu ibilbidea. Bertan, interesguneekin batera, atseden hartzeko lekuak ere planifikatzen ditugu: non geldituko garen bazkaltzeko, non utziko dugun furgoneta aparkatuta hiri handi bat bisitatzeko edo non aurkituko dugun lasai-lasai lo egiteko autokarabana gune bat. Bidaiari gehienek, autokarabanazaleek zein furgonetazaleek, mugikorreko aplikazio gogoko bat edo batzuk izaten dituzte bidaietan erabiltzeko. Guk duela gutxi Caramaps probatu dugu, eta ziurtatu diezazuekegu bestelako aplikazio bat dela. Goazen ezagutzera!

Caramaps aplikazio gaztea da; autokarabanazaleen Tripadvisor bezalakoa dela esan genezake. Europa osoan 45.000 kokapen ditu, baina erabiltzaileen parte-hartzeari esker egunetik egunera hazten ari den aplikazioa da. Nahikoa da bere webgunean erregistratzea, profil bat sortzea eta aplikazioaz gozatzen hastea.

ZER GUSTATU ZAIGU CARAMAPS APLIKAZIOTIK?

INTUITIBOA ETA INTERAKTIBOA

Oso aplikazio intuitiboa da, eta furgonetak zein autokarabanak gelditzeko lekuak erabiltzailearen kokapenaren arabera antolatzen ditu. Interesguneak mapan zein zerrenda moduan ikus daitezke. Gainera, leku bakoitzak, aparkalekua, autokarabana gunea edo kanpina izan, bihotzen bidezko puntuazio bat du, lekuak begiratu batean baloratzeko aukera ematen diguna. Beste erabiltzaileen iritziak irakur ditzakegu, baita lekuari buruz geure iritzia eman ere.

Gure ibilgailuekin gelditzeko interesgarria iruditzen zaigun leku bat bisitatzen badugu eta mapan agertzen ez bada, gure profilaren bidez aplikaziora gehi dezakegu. Horrela, erabiltzaileok sistema honen parte-hartzaile eta eraikitzaile bihurtzen gara.

Caramaps aplikazioa
Donostiako autokarabana gunea, Caramaps aplikazioan

 BIDAIA ETAPAZ ETAPA PLANIFIKATZEA

Caramaps aplikazioa
Bidaiaren plangintza, etapaz etapa

Etxean bidaia etapaz etapa planifika dezakegu, eta ondoren nahikoa da “etapa honetara joan” dioen lekuan klik egitea. Aplikaziotik Google Maps nabigatzailera igaroko gara, eta hark zuzenean helmugara eramango gaitu.

TXATEATU, AURKITU ETA GOZATU

Caramaps aplikazioa
Inguruan dauden autokarabanazaleen zerrenda, txateatzeko

Caramapsek autokarabanazaleentzako WhatsApp moduko bat du,  Geochat izenekoa. Horren bidez, zure inguruan dauden Caramapseko beste erabiltzaileekin harremanetan jar zaitezke. Lekuak eta aholkuak partekatzeko edo bidaian laguntza behar duzun une batean komunikatzeko modu oso atsegina da. Adibidez, joan nahi dugun autokarabana gune batean leku librerik geratzen den jakiteko erabil dezakegu.

CARAMAPS ANFITRIOIAK

Beharbada, Caramapsen berezitasunik handiena anfitrioien sare bat izatea da: partikularrak, nekazariak, mahastizainak… beren lur pribatuetan autokarabanazaleak hartzen dituzten pertsonak. Guk, pertsonalki, turismo mota honen alde egiten dugu, bidaietan eskualdeko jendearekin harremanetan jartzeko, bertako produktuak dastatzeko eta haien bizimodua zein jarduerak gertutik ezagutzeko aukera ematen baitigu. Hori guztia aurkitzen dugu hemen, Caramapseko anfitrioien bidez. Dagoeneko 220 inguru dituzte, gehienak Frantzian.

PARTEKATU ETA BIDAIATU

Azkenik, zoragarria iruditzen zaigu informazio hori guztia lehen unetik sare sozialetan partekatu ahal izatea, bidaiarion artean elkarri laguntzeko.

CARAMAPSEN BI AURPEGIAK

Aplikazioaren Premium bertsioak mapak eta haien informazioa Interneteko konexiorik gabe erabiltzeko aukera ematen du, urtean 4,49 € ordainduta. Horrela, Europa osoko mapak edo bisitatuko ditugun eskualdeetakoak bakarrik deskarga ditzakegu, eta mugikorraren memorian gorde. Zoragarria!

Aplikazioa hainbat  hilabetez probatu, lau bidaia baino gehiago egin eta  ia funtzio guztiak erabili ondoren, erabiltzeko erraza, praktikoa eta oso moldakorra iruditu zaigu. Gainera, Premium bertsioak oso prezio arrazoizkoa du. Gure ustez, Caramapsek benetan laguntzen die gu bezalako bidaiariei: autokarabanazaleei, furgonetazaleei eta errepideko bidaien zein abenturaren maitaleei. Komunitatean elkarlanean aritzeko, bidaietan aurkitzen ditugun leku interesgarri guztiak baloratzeko eta partekatzeko aukera ematen digu. Gainera, anfitrioien bidez, bisitatzen dugun eskualdearekin eta bertako kulturarekin harremanetan jartzen gaitu. Oso aplikazio osatua da, edozein poltsikorentzat eskuragarria.

How useful was this post?

Click on a star to rate it!

Average rating / 5. Vote count:

No votes so far! Be the first to rate this post.

As you found this post useful...

Follow us on social media!

We are sorry that this post was not useful for you!

Let us improve this post!

Tell us how we can improve this post?

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude