21/03/2017

SEGOVIA 24 ORDUTAN

Segovian zehar bidaiatzen ari ginen eta  bost eguneko ibilbidea honek probintziako hiriburura eraman gintuen, ezinbestean. Hiriak ondasun kultural eta arkitektoniko aberatsa izan arren, 24 orduko bisita baino ez genion eskaini, “mea culpa”, hurrengo baterako utziko ditugu museo, gaztelu eta etxe dotoreak. Txerri errearen erreinuan aitaren batean pasa zitzaigun eguna eta bisitatu beharrekoak baino ez genituen ezagutu. Orain… Segovia tximistaren abiaduran ezagutu nahi?

Segoviara iluntzean iritsi ginen eta, bisitatzeko unerik egokiena ez zela uste genuen arren, laister konturatu ginen guztiz oker ginela; hiria gauez argiztatuta ezagutzeko aukera paregabea ematen du eta. Los Hoyos aldapan gora eta behera ibili ginen eta Harresiaren Begiratokitik harresia, katedrala eta baita Erdi Aroko multzoaren ikusmiraz ere gozatu ahal izan genuen. 

katedrala gauez Segovia

Segoviako katedralaren ikuspegia gauez

Goiz-goizetik oinezko ibilbidea hasi genuen. Zezen-plazatik atera ginen, bertan Segoviako autokarabana gunea dagoelako. Bost minutuz oinez ibili eta gero, Sendero del acueducto delakoa topatu genuen eta honi segika Azogejo plazaraino iritsi ginen; Segoviako plazarik inportanteena da Plaza Nagusiarekin batera.

Azogejo plaza Segovia

Azogejo plaza

Historiaz betetako eraikinak topatu genituen hiriko kaleetan zehar ibiliz, Casa de los Picos eta Alpuente kondearen jauregia, kasu. Plaza Nagusira iritsi ginenean hiriko lekurik builosoena eta biziena iruditu zitzaigun, kontuan hartu behar da segobiar askoren topagunea dela, eta ondoren –”a chatear”– hau da, poteatzera joaten dira tabernen kaletik eta tapa ederrak jaten dituzte, dohan. Eta guk? Guk ere bai! Poteatu genuen eta tapak jan genituen!

Plaza nagusia Segovia

Plaza Nagusia jendez gainezka

El Sitio tabernan Rueda ardo txuria eta kalamar-tapa batzuk dastatu genituen. Jose María taberna-jatetxean, 2014ko Pago de Carraovejas ardo beltza eta bertako torrezno batzuk- txerriaren azala frejitua- dastatu genituen. Baina Segovia txerrikume errearen erreinua da, horregatik, Lazaro jatexean eseri ginen euren txerri erreaz gain La Granjako babarruntzarrak eta Pontxe segoviarra, bertako postre tipikoa, dastatzeko. Ederki jatea gustuko baduzue hauek dira Segovia hiriburuan gomendatzen ditugun hiru esperientzia gastronomikoak.

Plater tipikoak Segovia

Txerrikumea labean, babarrunak eta Segoviako Ponche

Bapo bazkaldu ondoren ez dago paseo eder bat baino hoberik, eta halaxe egin genuen: Segoviako alkazarra bertatik bertara ikustera joan ginen. Ez ginen barruan sartu, baina hau tximistaren abiaduran egin beharreko bisita bat dela esan dugu, beraz…

Alcazar harresiak Segovia

Alcazar eta harresien Ikuspegia

Alkazarreko lorategietan zehar ibili ginen eta bertatik harresitutako hiri multzoa, katedrala eta mendizerra elurturik ikusten ziren.

Harresia Don Juan II Segovia

Don Juan II harresibidea

Itzulera ere liluraz beteta egon zen. Eguzkia jaisten hasi zen eta Ronda de Don Juan II ezin hobea zen une horretaz gozatzeko, kutsu erromantikoa dauka eta. San Andres ate dotorea zeharkatu genuen laister eta judutar auzoari azken agurra egin genion. Azkenean, “Ruta del acueducto soterrado” delakoan arkuei jarraituz Postigo izeneneko begiratokiraino heldu ginen, eta han Segoviako begietatik begiratuz agur esan genion hiriari.

 

San Andres atea segovia

San Andres atea

Antonio eta Soniari Euren hiriaren txokorik ederrenak deskubritzeko emandako aholkuak bihotzez eskertu nahi dizkiegu. Eskerrik asko!

 

BIDAIETAKO INFORMAZIOA:

Segoviako autokarabana-gunean aparkatu eta gaua igaro genuen. Zezen plazaren ondo-ondoan dago eta dohakoa da. Hirigunetik 15 min oinez baino ez dago eta leku lasaia iruditu zitzaigun. Ur garbia betetzeko, grisak eta wc husteko zerbitzua dauka, baina lo egiteko aldapan dago.

Informazioa hemen: https://www.areasac.es/segovia/segovia/segovia_2416_1_ap.html

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterEmail this to someone

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak markatu dira *

También te interesará...