9/04/2017

PÉRIGORD NOIR: DORDOÑAko PLAZER ILUNAK

Perigor Noir xarma handiko paisaiak dituen Frantziako alderdia da. Baso oparoak eta landa soro zabalak ditu, bertan gaztainondoa eta intxaurrondoa nagusi direlarik. Harriz eta arbelaz eraikitako herrixkak harkaitzetatik zintzilik ageri dira nonahi. Historiaurrean, kobazulo eta aterpe lurraldea izan zen; beranduago, normandoen kontrako gerra asko izan ziren eta garai haietatik gaztelu bilduma zabala geratu zaigu. Dordogne ibaia ere hortxe dago, liluragarria da eta bere meandroetan zehar ibiltzea plazer handia. Orain…Ba al zatoz guzti honetaz gozatzera?

dordogne-map

 

Dordogne, antzinako Perigord probintzia, Frantziako Aquitaniako mendebaldean kokatuta dago. Xarma handiko lurraldea da eta bere interesgune nagusiak ulertzeko modurik onena koloreen bidez aipatzea da:

p-rigord-0

Perigord Berdea: Nontrom du hirigune nagusia eta inguruan dituen harizti eta mendi berde eta zabaletatik jasotzen du izena.
Perigord Zuria: Periguex du hirigune nagusia eta izenak kare harriz osatutako lurrari erreferentzia egiten dio.
Perigord Purpura: Bergerac herria du hirigune nagusia eta bertan ardoa da landa-gai nagusia, hortik datorkio izena. Paisaia mahastiz estalita dago.
Perigord Beltza: Lurpean hazten den boilurrari zor dio izena. Diotenez, lurralde honetako basoak Dordogna osoko ilunenak dira eta gaztainondo eta intxaurrondoz beteta daude.
Saindu Guztien lau egunetako zubian Perigord Noir ezagutzeko aukera izan genuen…Geure erara.

 

 

A- SARLAT LA CANEDA

Place de la Liberté Perigord Noir
Sarlar la Caneda, Perigord Beltzaren bihotzean dago. Kareharriz eta arbelaz eraikitako etxetxoak Erdi Aroko kasko ederra osatuz kiribiltzen dira, hiru estilo arkitektoniko agerian utziz: Erdi Arokoa,Gotikoa eta Errenazentista.
Bertako Turismo bulegoak gomendatzen zuen oinezko ibilbidea egin genuen hiria ezagutzeko eta eraikinik nabarmenenak ezagutzeko. Gehien gustatu zitzaizkigun lekuak hauek dira:
Herri gunean kokatuta dagoen Place de la lierté eta Udaletxea edo Hotel de ville; La maison de la Boétie;  Gisson hotela, barrutik bisitatu daitekeen jauregi xarmagarria; eta Sainte Marie, XII. mendeko antzinako eliza, 2000. urtetik aurrera merkatu estalia bihurturik eta bitxikeri handia dena.

Place de La Liberté Dordogna

Place de La Liberté

 

Estalitako merkatuko sarbiderako atetzarrak.

Baina benetan bisitatu beharrekoa larunbat goizeko merkatua da. Postuz-postu paseatzea zentzumenetarako plazer bat da. Artisauak lanean ikustea, trufak, gazta eta bertako intxaurrak dastatzea eta erostea… Merkatu honetan egin beharreko horietakoak dira. Hau da eskualde osoan dagoen merkaturik ospetsuena eta ingurune horietako produktuen erakusleiho nagusia. Merkatuan ekoizle txikien presentzia handia egoten da, bertako produktu freskoak erosteko aukera handia eskainiz eta turismo jasangarria indartuz. Gure bidaietako filosofiarekin guztiz bat egiten duen filosofia.

marché de Sarlat France

Lurraldeko produktuak eta bertako artisaua gure enkargua erakutsiz.

 

B- LES JARDINS D’EYRIGNAC

Maison Artaban Eyrignac Dordogne

Artaban etxea.

France Passión bazkide gisa lorategietako aparkalekuan gaua pasa eta gero – beste sarrera batean gauak pasatzeko era honi buruz idatzi genuen- goiza lorategiak bisitatzen emango dugu.

 

sara-y-dordona-169

 

Sarrera garestitxoa (12’50€/p) ordaindu ondoren, sartu ginen lorategi sonatu hauek ezagutzera: Manoir d’Eyrignac. Diotenez, Lorategi hauek Arte Topiarioan eredugarri izateaz gain Frantziako ederrenetarikoak dira. Bertan 300 landare-irudi baino gehiago eta familia bereko hainbat belaunaldik jarraian zaindutako 50.000 landare inguru ikusgai dago. Ez da gutxi, ezta? Lorategiaz gozatzeko paseo ederra eman genuen landare eskulturaz gozatuz. Adi egon txoko eder ugari ditu eta: Pagoda txinatarra, Artaban jauretxea eta Lorategi Zuria.

 

sara-y-dordona-176

Handik kilometro batzuetara Marqueyssac lorategia dago, ospe handikoa ere, baina esan dugunez sarrerak garestiak dira eta aukeratzea komeni da . Norbaitek ikusten baditu gustatuko litzaiguke blogean informazioa uztea 🙂

C- DORDOÑA IBAIAREN GAINEKO BEGIRADA

Cingle de Monfort Dordogne

Monfort meandroa gaztelua urrutian ikusten delarik.

Ez dago Dordogna ibaiaren gaineko begirada ederraz gozatzea bezalakorik, horregatik, geure ibilbideari jarraituz, Carlux herrixka zeharkatu, de la Falaise (D703) deituriko errepidea hartu eta handik gutxira bide bazterrean furgoneta aparkatu genuen Cingle de Monfort Dordonaren bihurgune begiratokitik ikusteko. –Cingle, frantsesez, meandro esan nahi du-

D- DOMME, ZINTZILIK DAGOEN BASTIDA HANDIA.

Porte des Tours Domme Dordogne

Porte des Tours

Harkaitz batetik zintzilik dagoen XII. mendeko bastida honek arrazoi ugarri ditu bisitatua izateko: Iritsi eta berehala Porte des Tours topatu genuen, herrirako sarbidea da eta sartu ahal izateko argi ibili behar da, autoak ere arkupetik igarotzen direlako. Place del a Halleraino oinez joan ginen. Herriko plaza nagusia da, bertan konkrezio kobazuloak daude eta baita ere Erdi Aroko hainbat eraikin interesgarri, haien artean nabarmenena La Maison du Gouverneur (orain udaletxea), bastidako jauntxoen seinale. Izkin batean ere L’eglise Notre Dame de L’Assomption dago, gogortutako eliza da. Baina gauza guztietan gehien gustatu zitzaiguna Belvedere de la Barre begiratokitik Dordogna ibaia eta bailara osoaren gainean zeuden bistak izan ziren.

sara-y-dordona-203

Begiratokitik dauden bistak

Furgonetara itzuli aurretik, Dommeko eraikinik ospetsuena ikusteko geratu ginen: La maison du batteur á monai. Herriko eraikinik interesgarriena da, Aitzinean etxe horretan txanponak egiten ziren eta gaur egun ospe handiko bitxigile baten bitxi-denda dago.

Maison de la monai Domme Dordogne

Maison du batteur à monai (eskub).

Haurrekin joaten bazarete, Place de la Halletik irteten den tren turistikoa hartzea ez da aukera makala. 20 minutuko itzulia egiten du trenak eta bidean zehar herriko historia eta bitxikerien azalpenak entzuteko aukera izango duzue.
Bastidaren oinetan autokarabanentzako aparkaleku zabala dago, baina oinez igotzeko bide tartea dago.

E- LA ROQUE GAGEAC ETA DORDOGNE IBAIAREN LILURAK

 

La Roque Gageac Dordogne

 

Goiz-goizetik kayak batzuk alokatu eta Dordogne Ibaian zehar ibilaldia egitea familian erabaki genuen. Autokarabana gunean bertan alokatu daitezke eta handik abiatzen da ibilbidea Les Milandes herriraino.

 

dscn0948

Ibilaldian zehar ibaiaren lasaitasunaz eta paisaiaz gozatu ahal izan genuen, kontuan hartu behar da ere urriaren 31an oso jende gutxi animatzen dela horrelako ekintzak egitera eta bake ederrean joan ginen ibaian behera. Ibilbidea guztiz gomendagarria da, izan ere Dordognako gazteluak ikusteko modu originala baita. La Roque Gageac eta Les Milandes artean ikusi genituen gazteluak hurrengoak dira: la Roque Gageac, Castelnaud la Chapelle, Fayrac, Beynac, eta azkenik, Les Milandes gaztelua. A zer pila!

dscn0935

Gainera, ibaian zehar egindako ibilaldi isil hura probestuz bertako fauna eta flora deskubritzeko aukera izan genuen, honela, animalia ugari ikusi genituen: ahatak, beltxargak, koartzak..Eta baita martin arrantzale bat ere!

Presak alde batera utzi eta Beynac herrian lurreratu ginen hamaiketakoa egiteko eguzkipean. Hiru ordu eman genuen ibilaldi osoa egiteko eta furgonetara itzultzeko, alokairuak jartzen zuen ibilgailuan.

La Roque Gageac herriko camping-car gunean eman genuen gaua (ikusi mapa)

 

F-LES EYZIES DE -TAYAC-SIREUIL: TROGLODITEN BABESLEKU

sara-y-dordona-240

Eyzies herriak herriko etxeekin bat egiten duen trogloditen babesleku bitxia dauka, baina atentzioa gehien ematen duena babeslekua osatzen duen harkaitz zabala da. Barrutik bisitatu daiteke, baina kanpotik behatzea ere merezi du. Goiko aldean trogloditaren irudia dago, zaindari.

 

sara-y-dordona-241

G- MAISON FORTE REINAC

Montignac (Tursac) eta Eyziec arteko errepidean  La Maison Forte Reinac topatu genuen. Hauxe da Perigord osoko gaztelurik harrigarriena. Oso ongi mantentzen da eta Frantzia osoko labar-gaztelu bakarra da. Kanpotik ikusita txikiagoa dirudi, bere barruak bolumen handiagoa hartzen baitu. Erdi Arotik gaur egun arteko tortura-tresnen bilduma zabala biltzen du.

sara-y-dordona-251

Maison Forte Reinac, aparkalekutik.

Eyzies herriko autokarabana gunea oso gomendagarria da, ibaiaren ondoan dago, lasaia da eta atseden hartzeko primeran dator.

H-LA ROQUE SAINT-CHRISTOPHE

La Roque Saint-Christophe Dordogne

Makina eta asmakuntzak kanpotik ikusita.

Kilometro bat luze eta 80 metroko altuera duen Izugarrizko kareharrizko horma da. Bere barruak aurre-historiatik Errenazimenduraino gizakiok probestu ditugun  zulo natural ugari gordetzen ditu. Aparkaleku zabala dauka bisita egiteko, beraz lasai joan merezi du eta.

Egun hartan,  France Passion formularekin gonbidatu gisa pasa genuen gaua, non? antzar –baserri batean. Goizean baserria eta bere instalazioak bisitatu ahal izan genituen eta foie erosi genuen. Esperientzia honi buruz gehiago jakin nahi baduzu  HEMEN kontatzen dizugu.

 

I-SAINT LEÓN SUR VEZÉRE: GOSARI BUKOLIKOAK

Saint Leon sur Vezére Dordogne

Herri hau “Plus Beau village de France” zerrendan dago, eta ongi merezita dauka. Ibai ertzean dagoen erromatar eliza bisitatu eta Vezére ibai ertzari jarraituz doan bideari segika paseo eder bat eman genuen. Horrela, “Le Déjeneur sur L’Herve” kafetegi liluragarria ikusi bezain pronto, berriz gosaltzea erabaki genuen paisaiaz eta eguzkiaz gozatuz.

Herri honetako autokarabana gunean aparkatu genuen.

 

J-CHÂTEAU DE COMMARQUE

sara-y-dordona-304

 

Bidaiaren azken geltokia Commarque gazteluan jarri genuen, leku harrigarria benetan. Eyzies-de-Tayac herritik gertu dago, baso baten barrenean, beraz, kartelak badaude ere  ez da oso ageriko lekua. Gure harridurarako han topatu genuena ez zen izan gaztelu soil bat, eraikin multzo interesgarria baizik: babesleku trogloditak, Erdi Aroko eraikinak… Gauza guztien artean guk  kobazulo-etxeak eta hauek nola daude girotua ikustea gomendatzen dugu, baita homenaje dorrearen puntaraino igotzea ere, bista ederrak daude handik.

 

Commarque

koba-etxeak, Commarque

Gainera arku-tiroa egin ahal izan genuen. Sarrerarekin batera eskaintzen den doako ekintza da, oso interesgarria da eta langile bat dago tiratzen erakusteko eta oinarrizko ezagutzak emateko. Esperientzia polita eta oso gomendagarria da.

Commarque Dordogne Furgobidaiak

Arku-tiro gunea, Commarque

 

Commarque Périgord Noir

Arku-tiraketa

Perigor alderdiak bidaiaria maitemintzen duela diote, lurralde hartara joanez gero errepikatzen dela, kolore bakoitzeko bidaia bat egin ohi dela: berdea, zuria, gorria eta beltza. Gu iritzi berekoak gara, noizbait itzuliko gara beste kolore bat deskubritzera. Zein izango da hurrengoa??

 

BIDAIATZEKO INFORMAZIO PRAKTIKOA
Périgord inguruan camping-car guneak eta kanpinak biltzen duen mapa

 

Bidaia hau egiteko erabili ditugun camping-car guneak zehaztuta:

Sarlat La Caneda: Autokarabana-gune zabala dauka hirigunetik gertu eta primeran dago eguna pasatzeko.

N44º 53′ 45″        E1º 12′ 44″       7€/24h

Jardin d’Erignac lorategien aparkalekua
N44.93874            E 1.31663

Domme

N44º 48′ 4″         E1º 13′ 18″

La Roque Gageac

N44º 49′ 27″              E1º 11′   2″             8€/noche

Eyzies

N44º 56′ 19″              E1º 0′ 33″

Saint León sur Vezère

N45º 0′ 43″         E1º 5′ 22″

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterEmail this to someone

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak markatu dira *

También te interesará...