22/05/2018

KANTAURIKO ITSASARGIRIK GARAIENA: GORLIZ

Gorliz Bizkaiko kostan eta Bilbotik gertu kokatzen den herria da. Negu gorriaren ostean, kanpora ateratzeko beharra sentitzen genuen. Gainera, oso gauza politak irakurrita genituen herri honi buruz;    horregatik, asteburu eguzkitsu batean, Gorliz familian bisitatzea erabaki genuen. Bazatoz gurekin Gorliz ezagutzera?

KANTAURI ITSASOKO ITSASARGIRAINO PASEO EDER BAT

Egia esan, Gorlizeko itsasargia bertako punturik erakargarriena da. Joan aurretik, asko eta asko entzun dugu itsasargi honi buruz, horregatik, El Pinar aparkalekuaren atzeko aldetik abiatzen den bidetik igotzea erabaki genuen.

Hau famiarekin lasai egiteko ibilbidea da, haur zein jaioberri karrotxoekin joan daiteke eta. Bideak 4’2 kilometroko joan etorria dauka eta  kostako inguru paregabeaz gozatzeko aukera ematen du. Beraz…Jantzi botak eta jarrai gaitzazu!

Ibilbidearen informazioa:

*WIKILOC IKUSI

 

 

Bideak poliki-poliki goraka garamatza, itsasargiraino. Aurrena, langa baten aurretik pasako gara. Handik aurrera ibilgailurik ez da ibiliko. Aldapan gora,Txikiek ederki pasako dute, hantxe bertan, bide bazterrean, behiak eta oreinak gertutik ikus daitezkeelako.

 

 

hainbat baserri, behiak eta oreinak atzean uzi eta gero, bidearen azken zatiari eutsi behar diogu, beti ere aldapan gora. Berehala topatuko dugu itsasargiraino 700m falta direla gogora ekarriko digun kartela, eta hortik aurrera, bideak sigi-saga jarraitzen du kostako itsaslabarren irudi ederrak oparituz. Non gaude? Itsaslabarren berde zoragarria itsasoko urdin paregabearekin topatzen den lekuan.

Bideaz eta paisaiaz gozatzeko unea da, geldiunea egiteko momentua da, arnasa hartu eta kresalaren usainaz mozkortzeko garaia da…Txori digitalak isiltzeko instant bat.

 

 

Haurrek jakin-mina badute, ibilbidea  kala bat zer den eta itsaslabarrak nola sortzen diren  azaltzeko aprobetxa dezakegu. Gai bagara,  ipuinak asmatzeko erabiliko dugu bidea: Badakizu. Kantauri itsasoa jenio txarreko agurea da. Egun askotan haserre egoten da eta

Bidearen zati honetan  ibilbidea zaildu egiten da. Mendiaren hegalean  askotan luiziak gertatzen dira eta hesituta dago. Gainera, hortik aurrera jarraitzeko  “ zure ardurapean “ dioen seinale bat topatzen dugu.

 

 

Tontorreraino iristean eraikin txuri eta modernoa topatzen dugu. Itsasargia 1990. urtean eraiki zen estilo abangoardistari helduz. Dorre zuria 21 metroko erraldoia da goiko aldean beirazko linterna bat daukalarik. 165 metroko itsaslabar baten gainean kokatuta dago, horregatik, Kantauri itsasoko itsasargirik garaiena da. Eraikina egurrezko bankuaz inguratuta dago eta handik kostako ikuspegi ezin ederragoaz gozatzeko aukera paregabe  dugu. Ustikoetxea lurmuturra eta Billano uhartea (Herensuge-uhartea) paisaia horretako protagonista nagusiak dira, zalantzarik gabe.

 

Gorliz faro

Faro de Gorliz

Familia ausarta eta abenturazale bazarete, ordea, itsasargiak oraindik ezuste gehiago gordetzen ditu.  Itsasargiaren bazter batetik ateratzen den bide bati jarraituz  itsaslabarraren magalera iritsiko gara. Pasa den mendeko 30.hamarkadan zulatua izan zen bertan bateria militar bat Espainiako Gerra Zibilean zehar ezartzeko eta erabiltzeko. Ausartzen al zarete garai hartako tulenetan sartzera?

 ASTONDOAKO DUNAK

Gorliz dunas

Gorlizeko badia dunak.

Gorlizeko badiaren mutur batean  hizkuntza askotan idatzitako kartel xume bat topatzen dugu. Astondoako dunak hemen daude. Baina, zer garrantzia du duna batek? Dunak kostako paisaiaren elementu garrantzitsuak izan dira, kostako herriak Kantauri Itsasoaren itsasaldi bizietatik eta baita ekaitzetatik babesteko ezinbesteko biotopoak izan dira eta direlako. Astondoako dunak gainera apartak dira, Euskal Kostaldean bakarrak,6.000 urte inguruko adina dutelako eta petrifikatuta daudelako.

Gorlizeko badiak duna-sistema bat dauka bere bizkarrean eta xarma handia ematen dio paisaiari.

 

BADIA ETA HONDARTZA DENON ESKURA

Playa de Gorliz

Gorlizeko hondartzarako egurrezko pasabideak.

Baina ez dugu utziko ezta zokorik ere bisitatu gabe! Gorlizeko badiak  bere ertzean ibilbide irisgarria dauka. Bidegorri batek zeharkatzen du muturretik muturrera eta bizikletaz, patinetez zein oinez ibiltzeaz gain, mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako egokituta dago. Bidaide elkartearen laguntzaz  eta “Hondartza denontzat” ekimenari esker badia eta hondartzarako sarrerak guztiz egokituta daude eta denontzat irisgarriak dira.

 

PINTXOAK ITSASOARI BEGIRA

Badiaren mutur batean, Plentziako ibai-ahoa topatzen dugu, Plentzia, Gorlizeko ondoko herria da eta badiaren itsats ertzeko paseoari jarraituz iristen da.Txalupak ur lasaietan kulunkatzen eta pintxotako tabernak puri-purian pintxoak jaten eta itsasoari begira topatzeak liluratzen gaitu. Goazen ba, Gorlizeko eta Plentziak eskeintzen duten plazer honetaz gozatzera!

Horretarako,  Yendo por la vida  blogeko Esther eta Txemaren aholkuei jarraituko diegu : Txurrua tabernara sartuko gara sona handiko kalamarrak jatera. Lehengo tabernen estilokoa da, argi naturala, egurrezko mahai handiak partekatzeko eta giro herrikoia. Bertako raziorik preziatuena  kalamar frijituak limoiarekin dira, fresko-freskoak. Horrelakorik ez da jada topatzen kostako hainbat tabernetan baino.

Elkarren ondoan, Portu Taberna topatzen dugu. Bertako tortilla pintxoak mundialak dira, ez galdu aukera eta argi ibili! Barratik ziztu bizian desagertzen dira eta.

NON APARKATU DUGU?

Aparkatzeko lekua egon badago, baina … azter ditzagun aukerak:

Aurrena, Gorliz Arrien kanpinean gaua pasatzea pentsatu genuen: http://www.campinggorliz.com/es/inicio.html , baina neguan itxita dago. Martxoaren 1etik urriaren 31a arte irekitzen du.

Hondartza pareko aparkaleku bakarrean  “No aparcar autocaravanas” seinalea ikusi genuen, horregatik, handik ere alde egin genuen. Ez ginen gustura sentitu.

Azkenean, El Pinar aparkalekuan geratu ginen, Gorlizeko ospitaleko atzekaldean kokatuta dago eta badiaren ondoan. Han ez dago kartelarik, baina udan 2’20mtara altuera mugatuta dagoela ikusi dugu.

koordenadak:

N43º 25′ 6.8″

O 2º 56′ 40.7″

 

Pena da Gorlizek autokarabana gunea ez izatea bertako edertasunaz lasai disfrutatu ahal izateko, udan nahiz neguan. Agian etorriko da gunea jartzen duten eguna, baina bitartean, asteburu paregabea izan dela esan behar dugu: Kantauri itsasoko itsasargirik garaienera igo gara ibilbide zoragarria familian gozatuz; Bertako duna petrifikatuak ezagutu ditugu eta  turismo irisgarriak zein garrantzia duen ikasi dugu. Gainera, Plentziako pintxorik goxoenak jan ditugu… Ez al duzue zuek ere Gorliz gozatu nahi?

 

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterEmail this to someone

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak markatu dira *

También te interesará...