14/02/2017

ITUREN : INAUTERIEN BURRUNBA

Malerreka eskualdearen bihotzean, Nafarroako iparraldean, Ituren herrixka dago. Urtarrileko azken egunetan bertako lasaitasuna desagertu eta inauteriak edo ihoteak- han dioten bezala- ospatzeko joareak astintzen dituzte . Gure arbasoen inauteriak dira eta ezagutzeko mina genuen! Zatoz gure-gureak diren inauteriak ezagutzera!

FurgoBidaiak ez da inoiz  luma eta purpurinaren aldekoa izan, horregatik, asteburu honetan, Lantzeko inauteriekin batera Kultura-intereseko ondasuna izendatua izan diren Ituren eta Zubietako inauteriak (Nafarroa) ezagutzera abiatu gara.

Iturengo joaldunak

Landa eremuko inauteri horien jatorria denboraren lerroan galtzen da, eta gainera, euskal kulturan hagitz maitatua den pertsonaia erakusten du: joalduna, hau da, joarea daramana edo duena. Ituren eta Zubietako ospakizunetan  urtarrileko azken bi egunak ospetsuenak dira. Egun horietan, Iturengo biztanleak Zubietarako bidea egiten dute (3km), joareak astinduz eta adarra joz. Zubietako plaza barreneraino zalaparta handiz iristen diren arte. Hurrengo egunean, berriz, Zubietakoek Iturendarrei bisita itzultzen diete eta berriz.

Guretzat lanegunetan bertara joatea ezinezkoa denez,  ikerketa txiki bat martxan jarri genuen, eta horren ondorioz, urtarrileko azken igandean  “Puska biltze” ospatzen dutela jakin genuen. Jakin nahi al duzue nola bizi genuen “Puska biltze” eguna?

Ituren udaletxea inauteriak

Iturengo udaletxeko balkoia

Eguerdia zen Iturenera iristerako eta desfilea edo paseoa ordu-bata aldera egiten dute. Ez da erraza 6mko furgoneta herrian aparkatzea, baina azkenean, parke xume baten ondoan lekua aurkitu genuen. Asfaltatu gabeko lur zatia da eta Ezka ibaiaren gaineko zubia pasa eta gero aurkitzen da. Oso ondo seinalatuta dago.

Herriko plazara iritsi eta udaletxea inauteriz jantzita topatu genuen, fantasiazko buruak ageri ziren udaletxeko balkoian. Herriko ostatuan, udaletxeko arkupeetan, sartu ginen hamaiketako berantiar bat egiteko, desfilea hasi arte. Sekulako tortilla-pintxoa atera ziguten, ia ogi-tartea zela esango nuke nik!

Herriko gazteenak, urduri, herriko plazan desfilatzeko prest zeuden, eta halako batean, udaletxeko atzeko atetik helduak iritsi ziren desfileari hasiera emateko.

PASAIA 160-001

 

Orduan, Joaldunen ohiko jantziei erreparatu genien: abarkak oinetan, parpailadun gonazpikoa, ardi-larrua sorbaldetan eta gerri bueltan jarririk joare bi lagundurik, koloredun zapia lepoan eta Ttuntturro izeneko kapela konikoa. ¡Benetan ederra!

Ttuntturroa Ituren inauteriak

Ttuntturroa, koloretako zintadun kapela eder hori.

Aurrena, herriko plazan atzera eta aurrera ibili ziren. Hantxe konturatu ginen egun honetako desfilea “etxekoentzat” dela; kanpotarren begiradatik at egin nahi duten zerbait dela, alegia. Hala ere, turista gutxi batzuk zeuden, baita japoniar bat ere kamerari tik eta tak txinpartak atera nahian.
Desfile alai honi segika txaranga eta plazan bildutako lagun gehienak abiatu ginen herriko kale bakanetan zehar, adarraren deia eta joareen burrunbadapean.

 

Une hura zirrara handiz bizitu genuen, joareak geure belarrietan burrunbaka eta adarraren deia bailara osoan zabaltzen zela. Antzinako garaietara bidaiatzea bezalakoa zen, gizakiok Naturarekin bestelako harremana genuenekoak…Naturaren parte ginenekoak…Iturengo inauterietan, edo ihoteetan, helburua horixe baita, Natura esnatzea joareak astinduz.
Joaldunak euren lehenengo geltokira iritsi ziren, ateak zabalik hartzen dituen baserri bateraino eta han geldiune bat egingo dute etxeko jaun-andereek prestatu duten hamaiketakoa egiteko. Hau da benetako “Puska biltzea”,

Primeran pasa genuen goiza, geureak diren ohiturak maite ditugulako, gure semeari nolakoak diren bertatik bertara erakutsi nahi diogulako eta, zer demontre, luma eta purpurinen inauteri txatxu horiek maite ez ditugulako.

Agur purpurina eta gora euskal inauteriak!!
(Iturengo biztanleei: ez haserretu gurekin hain ederki gordetzen duzuen sekretua hemen zabaltzeagatik: Iturengo puska biltze eta joareen desfilea. Gainera, ez egotzi gero guri errua, datorren urtean japoniar gehiago herrian agertzen badira 😉

 

BIDAIA- INFORMAZIOA:

http://www.turismo.navarra.es/esp/organice-viaje/recurso.aspx?o=3082

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterEmail this to someone

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak markatu dira *

También te interesará...