24/08/2017

ERDI AROKO IBILBIDEA NAFARROAKO ERDIALDEAN

Nafarroako Erdialdean zehar bidaiatzeak historiako liburu bat irakurtzea bezalakoxea da: jauregiak, gotorleku handiak… Iraganarekin lotzen gaituzte, horregatik, bidean behin eta berriro geldituko gara lurralde honek Erdi Aroan izan zuen garrantzia deskubritzeko. Goazen Nafarroako Erdialdean zehar Erdi Aroko ibilbide bat egitera!

Baina, zein da Nafarroako Erdialdea? Guretzat ere ez da oso agerikoa, horregatik, mapa xume bat erabiliz azaldu nahi dugu.

 

Nafarroako Erdialdeak  hurrengo eskualdeak biltzen ditu: Zangotza, Mendi Behera, Erriberri , Baldorba eta Lizarraldea. Ibilbide honetan zehar ikusi ditugu paisaiak  aldatzen: batzuetan, labore sail horiak;  bestetan, olibondoz eta mahastiz landatutako lursail berdeak. Gainera, Nafarroako Erdialdea historia hutsa da: eliza gotortuak, armarriz apaindutako etxeak, gazteluak, Erdi Aroko txokoak gordetzen dituzten herri xamangarriak… Guztiek gogora ekartzen digute Nafarroako Erreinuak nolako garrantzia izan zuen historian zehar. Honetaz gain, Donejakue Bideak alderdi hau ekialdetik mendebaldera zeharkatzen du eta baseliza ederrak aurki daitezke han-hemenka, haien artean Eunate baseliza. Antzinako jauntxoen antzera sentitzeko ibilbidea dugu aurretik.

 

 

UXUE

Erdi aroa deskubrituz Nafarroako erdialdean, Uxue

 

Muino handi baten gainean Uxue herria dago, izen bereko bailararen zaindari. Erdi Aroko herrixka honen kaxkoak garaiko etxe multzo eder bat biltzen du, Uxueko Santa Maria gotorleku-elizaren inguruan. Parean dagoen muino batetik behatzen aritu ginen paisaia eta herrixkaren estanpak zein ederrak ziren….Hala ere, hurrengorako geure buruari zin egin diogu denbora gehiago eskainiko diogula herri honi.

SAN MARTÍN DE UNX

Ardo bikainengatik aski ezaguna da. Herri honetako Erdi Aroko kaleetan zehar paseatzean argazkiak egiteko hamaika arrazoi topatuko ditugu:jauretxe dotoreak, aldaba politak, eta kaleartean sigi-saga goraino,San Martin de Tours elizaraino, eramaten gaituen Erdi Aroko ibilbide laburra. Goitik zonalde osoko ikusmira ederra dago eta guk ez bagenuen ikusi ere, Nafarroako erromanikoak eman duen elizarik politenetarikoa den San Martin de Toursek gordetzen duen kriptak merezi du, benetan.

 

ERRIBERRI

Palacio de Olite, ruta medieval por Navarra

Erriberriko jauregiaren ikuspegia.

Erriberri armarri ederrak erakusten dituzten harrizko etxez josita dago eta gure inguruan dauden jauregi eta gaztelurik harrigarrienetakoak biltzen ditu. Erdi Aroan zehar erregearen egoitza izan zen, eta askotan errege-erreginei harrera egiteko erabilia izan zen. Hau da Erriberriko errege jauregia, edo ezaguna den bezala, Erriberriko gaztelua. Gaur egun, eraikuntza hiru zatitan banatuta dago: jauregi zaharra, edo gaur egungo paradorea; San Jorge kaperaren aztarnak; eta azkenik, Jauregi berria, gaztelu gisa aipatua eta bisitatzen den eraikina da.

 

Placio de Olite, galería del rey , ruta medieval por Navarra

Erregearen galeria eta dorre Handia.

 

Eraikin multzoa berreraikia izan zen eta orain filmetako gazteluen itxura dauka. Bisita gidatua izan daiteke, nor bere kaxa audiogiden laguntzaz edo papertxo baten laguntzaz. Denbora dugunez, guk azkeneko aukera hautatzen dugu (4€/per),  gure kabuz ibiltzeko azalpena duen papertxo baten laguntzaz.

 

Palacio de Olite

Erriberiko teilatuak eta Talaia dorrea.

 

ERRIBERRIKO ERREGE JAUREGIA

Eraikina hiru solairuz osatuta dago eta karakol moduko eskailerak igoz bisitatzen da. Beheko solairuan gehien harritzen gaituena arkuen gela da. Bere garaian zeharo umela zen gela, ganga sendo bat dauka bere gainean sostengatzen zituen erreginaren lorategi esekiei eusteko, hain zuzen.

 

Plaza de Carlos III, ruta medieval por Navarra

Erriberriko kaleak jauregitik ikusiak.

 

Erreginaren ganberak, hutsik egonda ere, xarma berezia dauka. Leihoaren ondoan eta lorategiei begira edozein senti daiteke erregin. Lorategiak, euren garaian, sekulakoak omen ziren. Leonor erregina oso apetatsua zen eta hantxe landatzen zituen bere laranjondoak gero gorteko adiskideei oparitzeko.

 

 

Palacio de Olite, estancia de la reina.

Erregina ganbera

 

Jauregitik Olite herriaren ikusmira ederra dago. Paisaiaz gozatu ondoren, Talaia dorrera igo ginen 360 graduko bistak disfrutatzeko. Jauregitik atera aurretik, masusta-arbolaren patiotik pasa ginen. Bertan dagoen masusta-arbolak 300 urte ditu eta kondaira batek dioenez Karlos III.ak berak landatutakoa da. Arbola Nafarroako Munumentu Naturala izendatua izan da; beraz, ezta hostorik ikutu 😉

 

 Palacio de Olite, Torre de Los Cuatro Vientos.

Lau Haizeen dorrea

 

Errege Jauregia bisitatu ondoren, Oliteko kaleetatik – “ruas” deituak – paseatu ginen: ardo batzuk hartu eta erdi Aroko kutsuaz gozatu genuen; Karlos III.aren plaza, Teobaldotarren plaza eta Santa María elizaren arkuteria irudietan hartzea ezinbestekoa izan zen.

 

Karlos III.aren plzaza

 

Agian beste batek Ardoaren Museoa bisitatzea gomendatuko litzaizuke… Orain arte aipatu ez badugu ere, Olite ardogintzan tradizio handiko herria da. Bodega Cooperativa Olitense 1911. urtean sortu zen eta gaur egun Olite ardoaren hiriburutzat hartzen da…Baina ez, badakizue guk gidoitik ateratzea gustuko dugula… Nekeas bodegetara (Añorbe) joan ginen, Baldizarbe bailararen bihotzean.


NEKEAS BODEGAK

Bisita gidatua telefonoz adostu genuen joan aurretik, bertan lo egingo genuela ere esan genien. Nooola? Galdetuko diozue zuen buruari. Bai, beste post batean kontatu genuen bezala, “furgonetaz gaua pasatzeko erak”, España Discobery– ren bazkideak gara eta sare honen bidez autokarabana erabiltzaileok (furgoneta edo kanper barne)gaua pasa daiteke baserri, gaztandegi, bodega eta abarretan.

 

 

Goizean goiz, Pacok, bodegen sortzaileak, harrera egin zigun segidan bisitarekin hasteko. Asteburu horretan ezkontza-despedida ospatzen ari zen alderdi horretako mutil taldea gurekin batera sartu zen.Pacok bodegetako historia, funtzionamendua, lan-filosofia eta baita Nekeas ardoaren ekoizpenari buruzko xehetasunak eman zizkigun, biziki eta lehenengo pertsonan kontatuz.

 

 

Metalezko kupelen geletan zehar ibili ginen eta baita makinen gela ere ikusi genituen. Azken honetan, Pacok olioa hotzean nola lortzen den azaldu zigun. Olioa? Bai,Nekeas kooperatibak ardoa ekoizten duelako, baina baita bi motako olioa ere: Arroniz eta Arbekina.

 

 

Bisitari bukaera emateko, Nekeas bodegak ekoizten dituen ardo arrakastatsuenen dastaketa egin genuen. Chardonay motako ardo txuria eta garnatxa motako ardoa, El Chaparral izenekoa. Biak ardo bikainak.

 

 

Egia esan, oso bisita interesgarria iruditu zitzaigun. Bertan, Nafarroako usain gozoak ezagutzen ikasi genuen. Aukera izanez gero, hurbildu zaitezte Nekeas bodegetaraino , enoturismo egiteko modu erlaxatua da autokarabana edo kanper albora utzi gabe.

 

TUBAL JATETXEAN IZANDAKO BIZIPENAK

errege lurretan izanik ez zegoen gure planetatik kanpo afari eder bat egitea; horretarako, Tafallako Tubal Jatetxea aukeratu genuen.

Tubal jatetxea, Tafalla

Tubal jatetxeko platerrak

 

Ez da gure ohitura, baina oso nohizean behin horrelakoak egitea atsegin dugu. Ez dago afari eder eta goxo batekin gozatzea bezalakorik; hare gehiago, honaino etorrita ezinbestekoa iruditu zitzaigun. Zergatik? Arrazioak zainduak baina aldi berean mardulak dira; Nafarroako produktuak erabiltzen dituzte: orburuak, piperrak, zainzuriak…; eta gainera, zerbitzua azkarra eta prestua da. Zer afaldu genuen? Menu klasikoa, 49€/lagun, guztiz gomendagarria erregeen antzera, mokadu goxoaz bapo afalduta ohera joan nahi baduzue.

 

ARTAXONAKO HARRESIA (ARTAXONA)


Bidaiaren bukaerara hurbiltzen ari gara, baina oraindik ez, oraindik Artaxona bisitatu behar dugu!Artaxona XI.mendeko Nafarroa Erdialdeko harresirik garrantzitsuenetarikoa da. Muino baten gainean bederatzi dorrek zutik diraute, hasieran herria inguratzen zuten hamalauetatik.Gainera Erdi Aroko eraikin multzoa ezin ederragoa da, filmetakoa dirudi. Eta baita filmetan agertu ere: “Robin eta Marian”, adibidez, bertan filmatu zelako.

 

 

Iruñeatik etorritako bistari talde batentzako hastear zegoen bisita guidatuan kolatu ginen (4€/laguneko). Artaxonako Turismo bulegoak eskaintzen duen bisita eta azalpenak hasi orduko, San Saturnino elizaren aurrean kokatu ginen. XIII. mendeko Monumentu Historikoa eta Artistikoa da.

 

 

Eliza hau, biltzen dituen ezaugarriengatik, harrigarria eta bitxia da. Hasteko elizataria dugu, eraikinak apainduta duen zati bakarra da. Atariko tinpanoan zizelkatutako irudiek San Cernin Sainduaren historia kontatzen digute; nola iritsi zen maratiri izatera. Atariak, gainera, hamabi arku dauzka, sei albo bakoitzean…Baina apostulurik gabe… Non ikusi ditugu? Ah, bai! Oliteko Santa Maria elizan! Diotenez, hara eraman omen zituzten.

 

 

Eraikina nabe bakarrekoa da,antzinako erromatar baseliza baten gainean eraikia. Estilo gotikokoa da, hau da, apaindutan urria. Gure ustez logika dauka; zertarako gastatu apainketan bere funtzioa defentsarena bazen?

Aldarea hesi batez itxita dago eta, gidak kontatu zuenez, Done Jakue bidean atzera eta aurrera zebiltzaten erromesengandik erlikiak babesteko funtzioa zuen.

Karakol-eskailera piku batzuetatik gora igoz teilatura iritsi ginen, herensugearen bizkarrera. Egia easan, hauxe izan zen bisita honetako gauzarik harrigarriena.

 

San Cernin elizako teilatua, Artaxona

San Cernin elizako teilatua: “herensugearen bizkarra”

Teilatua bitxia da; harrizko teilak kokaturik daude herensuge baten bizkarra irudikatuz, hortik bere izena. Teilatuaren izkinetan dauden zuloetatik ura jaitsi eta kanalizazioen bidez jasotzen zen aljibe edo uharka batzuetan.Ongi pentsatua, elizaren barruan gorde eta babestu behar baziren, ura beharko zuten erasoek irauten zuten bitartean.Gainera, teilatuaren perimetroak goardia igarobidea dauka eta handik lortzen da 360 graduko ikusmira ederra. Primerakoa izan zen!Gure lehenengo aldia izan zen herensuge baten bizkarrean igota!

 

Artaxona

Herensugearen bizkarretik ikusmira.

 

EUNATE

 

Etxerako bueltan, geldiune bat egin genuen Done Jakue bidean dagoen eliza misteriotsu eta ederrenetariko bat ezagutzeko: Eunateko Andre Mariaren Eliza.

Zelai baten erdian, bakarti, altxatzen den baseliza eder honek (1770)historialariak aztoratuta dauzka; elizaren jatorria ez da garbia eta inork ez daki seguru zein izan zen eraikuntzaren helburua. Hori bai, arkupeetan aurkitutako aztarnengatik,erromesak lurperatzeko erabilia izan zela ondorioztatu da. Arkupe bakoitzeko lurperatze bat.

 

 

Baselizak ezaugarri deigarriak dauzka, eraikuntaren egiturari begira, oin oktogonala dauka; goian linterna bat (erromesak gidatzeko balio omen zuena)eta bere perimetroan, arkuteri bitxi samarra dauka…Askok diotenez, arkuteritik datorkio izena (ehun+ate). Eta halaxe uste genuen guk ere, bisitaren egunera arte. Baina sarrera kobratzen duen arduradunak azaldu zigunez, Eunate XIX.mendeko idazle erromantiko baten izena da. Jatorrizko idazkiek diote berriz, (On+ate) izenetik datorkiola, elizaren ondoan zutik dirauen etxearen izena, hain zuzen.

Baina zein ateri egiten dio erreferentzia izen horrek? Baselizaren bizkarrean Obanoseko “Nekeas” izeneko lurrak daude. Izen horrekin ezagunak ziren Baldizarbeko bailara osoan lan egiteko, ibiltzeko edota landatzeko zailak ziren lurrak. Bada, juxtu baselizaren bizkarrean paso bat dago eta hortik ate ona edo On+ate izena.

Gainera, ia konturatu gabe, bigarrengo misterio bat argitu genuen: nondik datorkion Nekeas bodegari izena ;)!

Erdi Aroa Nafarroako Erdialdean, Eunate

 

Kontua da, hitz eta pitz ari ginela elizaren inguruko zurrumurruak jakin genituela… Gaur egun, Eunaten ezkontzak ospatzen dira, baina dirudienez baseliza honetan ezkontzen diren bikoteek ez dute elkarrekin gehiegi  irauten. Beraz, ezkontzekotan bazaudete, hobe urruti!

Gure ustez, eguzki jartzea unerik aproposena da baseliza bisitatzeko, orduan jasotzen baita hobekien tenpluak duen mistizismoa.

Ikusten duzun bezala, Nafarroako Erdialdea zentzumenak hazteko eta handitzeko alderdia da… Filmetako paisaiak, xarma handiko herriak, jauregiak, apeta gastronomikoak eta tenplu misteriotsuak zai dituzu ibilbide honetan.

Zoaz eta konta iezadazu zure bizipenak :)!

 

BIDAIAREN INFORMAZIOA:

Tafallako autokarabana gunea

GPS  KOORDENADAK:

42.52583   /   -1.6825
N 42º 31′ 33” / W 1º 40′ 57”

Oliteko autokarabana gunea

GPS KOORDENADAK:

42.48056   /   -1.6475
N 42º 28′ 50” / W 1º 38′ 51”

Artaxonako aparkalekua

GPS KOORDENADAK:

N42º 35′ 31.7″  /  01º 45′ 53.9″

 

 

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterEmail this to someone

2 responses to “ERDI AROKO IBILBIDEA NAFARROAKO ERDIALDEAN”

  1. EHfurgo says:

    Bidaia ederra benetan!!! Herri batzuk ezagutzen ditugu, baino Artaxona falta zaigu, hurrengorako apuntatuta!!!

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak markatu dira *

También te interesará...