22/01/2017

ELUR ARTEKO EGUNAK NAFARROAKO PIRINIOETAN ZEHAR

Pirinioetako paisaia ikuskizun ikaragarria da eta bere oinetan dauden herriak edertasun eta xarma handiko lekuak dira. Asteburuan,  familiarekin lasaitasunaz eta elurraz gozatzera eta baita Izaba eta Otsagabia bezalako herri paregabeak ezagutzera irten gara… Badakigu, hotza egiten du, baina guk bidaiatzen jarraitu nahi dugu.

OTSAGABIA

IMG_1038
Salazar bailaran kokatua, Nafarroako Pirinioetako herririk ederrenetarikoa da. Bere monumentu bakarra, San Juan Evangelista eliza, ezin izan genuen barrutik bisitatu, gehienetan itxita dago eta. Baina, jakin badakigu barruan Berpizkunde garaiko erretaula ederra gordetzen duela.
Hala ere, gure iritziz, Otsagabia ezagutzeko ez dago bere kaleetan paseatzea, argazkiak ateratzea eta eskaintzen digun lasaitasunaz gozatzea baino hoberik. Ba al zenekien Las 7 Maravillas rurales 2016 lehiaketan hautatua izan zela?

Etxe tipikoen multzoa Nafarroako Pirinioetako arkitektura motaren eredu ederra da: harrizko etxeak dira, teilatu makurtuak dituztenak eta euren artean espazio estu bat gordetzen dutelarik: etxekarte deituak.

IMG_1087

Gainera, Erdi Aroko jauregi galantak ditu: Urrutia, Iriarte eta Donamaria; erraz ezagut ditzakegu euren fatxadetan ageri diren armarri ederrengatik. Herriko armarrian eta baita hainbat etxeetako armarrietan ere otso bat agertzen da irudikaturik; gogora ekartzeko, seguruenik, Otsagabia izenaren jatorria : “otsoen habia”.

Otsagabia armarria otsoa

Otsagabiako etxe baten armarria.

Anduña ibaiak herria bitan banatzen du eta Erdi Aroko zubiak edo harrizko zubiak bi aldeak lotzen ditu. Bitxikeri gisa kontatuko dugu Zatoia eta Anduña ibaiek bat egiten dutela puntu honetan eta hemendik aurrera Salazar ibaia bihurturik jarraituko dutela bidea.

IMG_1041

Herriaren bihotzean Otsagabiako Naturaren Interpretazio Zentroa dago. Umeekin, semea eta ilobarekin, bisitatzen dugu. Hiru solairutan banatuta dago eta Salazar bailararen informazioa zein Irati basoko ekosistemen informazioa ere eskaintzen ditu. Sarrera doakoa da eta haurrak oso motibaturik ibili ziren bisitan zehar.

Otsagabia centro interpretación naturaleza

Otsagabiako Naturaren Interpretazio zentroan barrena.

Gainera, Otsagabia Pirinioetako eta Irati basoko atea dela esan daiteke eta bere inguruak oinezko ibilaldi gozagarriz beterik dago; elurtea dela eta, beste baterako utzi ditugu guk baina ibilaldiak eta Muskilda baseliza ezagutzera joan gara, herritik lau bat kilometrora.
Muskilda Andrearen omenez eraiki zen XII. mendean, itsasmailatik mila metrora dagoen muino baten gainean eta handik Pirinioetako gailurren gaineko bista ederrak daude. Gainera, Muskildako paraje hauek Goi Erdi Aroan sorginkeriaren kontrako jazarpenen eszenatokia izan ziren, 1539. urtean Otsagabiako alkatea bera ere Muskildako lurretan akelarreetan parte hartzeaz akusatua izan zelarik.

Ermita Muskilda Otsagabia

Muskilda Andre Mariaren baseliza.

Haurrek elurraz gozatu nahi dute eta Abodiko pistak aldera mugitzen gara furgonetaz. Abodi eski-estazioa nordikoa iraupen- eski (esquí de fondo delakoa) praktikatzeko lekua parta da. Haurrek ederki pasa dute inguru horretan, elur bolak elkarri jaurtiz, leraz aldapatxoak jaisten eta elur-panpina egiten.

Otsagabia1

Egun nekagarri honen bukaeran Otsagabiako furgoperfektora itzuli gara gaua pasatzera, Kixkia jatetxearen ondoan dagoen aparkalekua da. Kixkia erretegi-sagardotegiak oso itxura ona du eta apuntatu dugu beste batean bisita gastronomikoa egiteko, Txotx egiteko edota txuletaren bat dastatzeko ardo goxoaz lagundurik.

Asteburuari bukaera emateko, Kabila-enea gaztandegiari bisita egiten diogu eta Izaban zehar paseatzen gara lasaitasun ederrean.

KABILA-ENEA

Kabila-enea Eki gazta erronkaria

Kabila-enearen sarrera

Uztarrotzen, Na-140 errepidearen ondoan, aurkitzen da Kabila-enea, harrizko baserria. Han egiten dituzte mota ezberdineko gaztak: gaztanbera eta gazta-zaharra Kabila-enea izenez, “Delicias del Pirineo” gazta eta guk erosi genuena; “Ekia”, Erronkari jatorri izendapena duena eta ardi latxaren esnez egina.
Erosi genuenean gainera, gazta zatiak hozkailuan nola gorde ongi mantentzeko azaldu ziguten: gazta puska ontzi hermetiko baten barruan sartu behar da ogi zati batekin, horrela, gazta ez da lehortuko ezta lizunduko ere. Ogi pusketa lizunez betetzen denean, beste ogi pusketa batez ordezkatu eta kitto.

Ondoren, etxearen bigarren solairuan dagoen Gaztaren Museoa ikustera igo ginen. Artzaintzaren historian zehar ibilbide polita eskaintzen duen museoa da, testu, argazki eta tresna ugari biltzen duen aretoan.

Uztarroze museo del queso Kabila-enea

gazta egiteko moldeak, prentsak, ontziak eta bulunbak.

IZABA

Izaba

San Cipriano eta elurtutako gailurren ikuspegia.

Asteburuko ihesalditxo honi agur esaten diogu Izaban; Erronkari bailarako eta Ezkai baiaren ondoan dagoen herri xarmagarrian zehar paseatuz.
Atentzio eman zigun San Ciprianok, XVI. mendeko harresitutako elizak, eta herriko etxeetan Eguzki-lorearen presentzia handia. Bazter hauetan, oraindik sinismen zaharrak mantentzen diren seinale.

IMG_1059

Azkenean, asteburua osatua eta polita gertatu zaigu: Otsagabia ezagutu eta elurraz gozatu dugu; Naturaren Interpretazioan ingurune honetako berezitasunaz ikasi dugu; sorginkeriaren historia gogora ekarri dugu Muskildako baselizan; Gazta erosi eta nola gorde behar den ikasi dugu; eta azkenik, Izabako kaleetan zehar lasaitasuna aurkitu dugu. Egia esan, Pirinioetako alderdi hau gero eta gehiago gustatzen zaigu. Eta zuri?

 

BIDAIA INFORMAZIOA:
Abodiko eski nordikoko zentroa
Otsagabiako parking eta furgoperfektoa:  N 42°54’22.4″   W  1°05’15.4″

Camping Osate

Kixkia erretegi-sagardotegiak

Naturaren Interpretazio Zentroa

Kabila-Enea gaztandegi eta museoa

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterEmail this to someone

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak markatu dira *

También te interesará...