3/07/2020

ARABAKO ERRIOXA, ZENTZUMENEN LILURA HUTSA

Egutegiaren orriak pasa ahala, udaberria loratu, udara ximeldu, hemen da udazkena.  Mahastien artean paseatzeko eta hori-gorrien artean galtzeko garaia iritsi da. Toloño mendi tontorretik Ebro ibaiaraino bidaiatzeko unea da. Arabako Errioxan zentzumenak liluratzen uzteko tenorea da.

Goazen elkarrekin Arabako puska hori ezagutzera. Goazen Arabako Errioxara!

Campos de viñas, La Rioja Alavesa, Sierra de Toloño

Mahastiak Toloño mendikatearen oinetan.

NON DAGO ARABAKO ERRIOXA?

Arabako Errioxa Arabako zazpi koadriletako bat da eta Euskal Herriko eremu ikusgarrienetakoa. Toloñoko gailurretatik  Ebroaren ertzeetaraino zabaltzen diren lur emankorretan,  munduko ardorik goxoenetarikoa egiteko behar diren fruituak hazi eta heldu egiten dira, Errioxa Jatorri Izendapena duen hiru azpizonaldetako bat izanik.

 

MAPA DE LA RIOJA

 

 

GURE IBILBIDEA

 

BASTIDA,  ARABAKO ERRIOXARAKO ATARIA

Pakearen plaza eta Asunción eliza, Arabako Errioxa

Pakearen plaza eta Asunción eliza.

Bastida, Arabako Errioxarako ataria, gure ibilbidearen hasiera izateaz gain, zur eta lur utziko gaituen ondarea deskubritzeko, nortasun handiko herria ezagutzeko eta ardo goxoen lurralde honekin maitemintzeko ezinbesteko parada da. Armarriz jantzitako etxez zipriztinduriko kaleetan zehar paseatzea plazer hutsa da. Guztien artean, Salazar, Paternina eta Garaizabal familien jauregiak nabarmentzen dira. Izan ere, Urrezko Aroaren ondorioz, Bastida oinetxe gehien biltzen duen Arabako Errioxako herria da,  herriko Beheko aldean, benetako Multzo Artistiko Monumentala biltzen duelarik. Paseo ederra da Kristo Santu baselizaraino garaman bideari jarraitzea, herrian gora. Begiratokiraino iritsita gainera,  Bastida inguratzen duten lurren ikuspegi ederraz gozatzeko aukera izan genuen. Goraino iristeko, Pakearen plazatik abiatu behar da, Udaletxearen eraikin barrokoa eta Jasokundearen eliza atzean utzita. Elizaren atzeko aldetik abiatzen da bidea eta berehala topatuko dugu Bastidan zehar barreiaturik dauden  70 dolareetako bat: La Mota dolarea. Erdi Aroko auzoguneak zeharkatuz, De La Mota eta Del Olmo, Toloño Arkuperaino eta Kristo Santu baselizaraino iristen da.

 

La Mota, Bastida, Arabako Errioxa

La Mota Erdi Aroko auzogunea.

Hamaiketakoaren ordua iritsita, berriz, azkar asko jaitsi ginen Frontin kalera: pintxoak dastatzeko gunera. Zer mokadu gomenda dezakegu? Begotxu tabernaren piper beteak primerakoak dira eta gainera lasai eska dezakezu euskaraz 😉

Lo egiteko Bastidako autokarabana gunea primerakoa da.

Bastidako autokarabana gunea

 

ZIEKO, MAHASTI ARTEAN PASEATZEN

Zieko herriak arkitektura monumentala, xarma handiko ibilbideak eta kutixi gastronomikoak biltzen ditu. Herrigune historikoa  armarriz apaindutako oinetxez zipriztindurik dago. Haien artean, Udaletxearen egoitza dena, Ramirez de la Piscina Jauregia, eta Ladrón de Guevara Jauregia, “Casa de los Hierros” deiturikoa, oso nabarmenak dira.

Elciego, La Rioja Alavesa

Zieko herriko armarriak

Zieko herrigunea ederra bada, are ederrago bere ingurunea. Horregatik,  Arabako Errioxa Turismo Bulegoak proposaturiko “Mahastien artean” ibilbidea egin genuen. Sei kilometroko ibilbidea da, gutxi gorabehera. San Roque baselizaren begiratokiraino igotzen da, aurrena; ondoren, ibilbideak Ebro ibaiaraino mahastien artean paseatuz eraman egiten gaitu; eta bukatzeko, herrirantz itzuliz, Marques de Riscal upategi famatuen eraikin modernista ikusteko parada izango dugu. Ibilbide zoragarria da eta denon artean zaindu beharrekoa. Ardo ekoizleei eta upategiei eskerrak eman behar zaizkie euren mahastien artean ibilbidea egiten baimentzen dutelako.

La Rioja Alavesa, bodegas Marqués de Riscal, paseando entre viñedos

Marques de Riskal upategien eraikin modernista.

 

Mahastien artean, Zieko, Arabako Errioxa

Mahastien artean paseatuz, Zieko

Ibilbidea egin eta gero Barrihuelo gozodenda eta okindegian buñuelo goxoak eta merenge itzelak erosi egin genituen. Zertarako? Aspadiko partez furgonetan hartu dugun kaferik goxoena laguntzeko. Onena zera da, Zieko herrian bertan autokarabana gunea dagoela, dohakoa eta zerbitzu guztiak eskaintzen dituelarik.

Àrea de autocaravanas de Elciego

Panadería Barrihuelo, Elciego, Merengues

Merengues de la panadería Barrihuelo, Elciego.

Gure ibilbideak sigi-saga  jarraitzen du hori, gorri eta berdez jantzitako mahastien artean barrena. Paisaia koloretako mosaiko zoragarria bihurtzen da, udazken bete-betean. Hala ere, gure furgonetaz bidaiatzen,  Arabako Errioxa  ardo goxoen  eta pasaia liluragarrien eskualdea baino askoz gehiago dela deskubritu genuen :  historia eta ondarearen zaindari bikaina. Bilar herrian geldiune bat egin genuen Araba Errioxako aztarnarik ederrenetarikoa begiztatzeko: Sorginaren txabola trikuharria. Lurperatze mota hau oso ugaria da Arabako Errioxako koadrillan. Hori dela eta, Trikuharrien ibilbide tematikoa egiten animatu ginen. Ezagutu nahi duzue? Hemen duzue, oso-osorik:  Trikuharrien ibilbidea

 

Sorginaren Txabola, Bilar, Arabako Errioxa.

Sorginaren Txabola, Bilar, Arabako Errioxa.

NAVARIDAS

Navaridas herritik kilometro eskas batera, A3212 errepidetik gertu, Santa Eulalia nekropoli dago. X. mendean, lurralde honetako biztanleek euren hildakoak harrizko zoruan egindako zuloetan hilobiratzen zituzten. Giza itxurako hilobi multzo handiak dira non heldu nahiz haur hilobiratu baitziren.

Necrópolis de Santa Eulalia, La Rioja Alavesa, Patrimonio

Giza itxurako hilobiak lehen planoan.

ESKUERNAGA

Eskuernaga, Rioja Alavesa

Eskuernagan, armarriz jantzitako oinetxe ederren artean paseatuko ginen,  Kaleartean galdu eta herriko dendan etxean egindako txorizoa eta egurrezko labean egindako ogia erosteko parada izan genuen. Baina oraindik ez dugu esan Eskuernagak duen berezitasuna: hilerri ateoa. Hilerria oso bitxia da, hilobiak oso anitzak dira eta heriotzaren beste aldetik,  nork bere begiratzeko moduaren isladak iruditu zitzaizkigun.

GUARDIA,  ARABAR ERRIOXAKO BIHOTZA

Mirador de Laguardia, Rioja Alavesa

Vistas desde el mirador de Laguardia

Guardia, Hondarribia eta Artziniegarekin batera, Euskal Herriko Erdi Aroko herri ederrenetarikoa da. Arabako Errioxaren bihotzean kokaturik dago, muino baten puntan, garai bateko Nafarroako erregeek lurralde honetako mugak defendatzeko agindu izanaren seinale. Hortik datorkio ere Guarda edo Guardia izena.

Paganos atetik sartuz ibilbidea hastea egokiena da, herrian mantentzen den bost ateetako bat da. Harresian barrena, harrizko kale estuetan zehar ibiliko gara tarteka-marteka egurrezko atetzarrak erakusten dituzten oinetxe dotoreak topatuko ditugularik. Guardiako txoko guztiak deskubritzeko prest? Ataurre paregabea duen Santa María de los Reyes, gotiko berantiar estilokoa, San Joan eliza eta jatorri militarra duen abade dorrea eta Berpizkunde estiloko udaletxea.Guardiako interesgunerik handiena, berriz,  lur azpian dago: antzinako lurrazpiko upategiak. Upategirik interesgarrienetarikoa Fabulista Upategia da, Samaniego jauregiren azpiko osoa hartzen du eta bertan ardoaren beratze karbonikoa eta mahats-biltzeari buruz dena ikas daiteke bisita gidatu bat eginez gero.

Ba al zenekien, Felix Maria Samaniego idazlearen jabetzakoak izan zirela jauregia zein upategia?

Gainera, Guardia Arabar Errioxako tokirik animatuena da, tabernak eta jatetxeak jendez lepo ez dira falta. Askotan ibili gara mokadutxoak hartzen  eta oso gustukoak ditugu Hiruko tabernako ardo beltzetan egositako txorizo pintxoak.

Eta herri xamangarri hau agurtzeko Paganos atetik atera eta aurrean dagoen begiratokitik begiratu. Arabar Errioxako lurraldean dagoen ikusmira ederrenetarikoa izango duzu begi aurrean: mahastiak Toloño mendikatearen oinetan.

Herri honetako historia hobeto  ezagutu nahi baduzue , ordea,  La Hoya Interpretazio Zentrora hurbildu beharko duzue.  Guardia herriaren oinetan kokaturiko herri zeltiberiarraren historia ezagutzeko parada izango duzue. Ikerketen arabera, baliteke hiria abandonatu izana Guardia hiriak gaur egun okupatzen duen muinora bizitzera joateko. Bertako erakusketan La Hoya hiriko antzinako etxeen erreprodukzioak ,azalpen- bideoak eta indusketetan aurkitutako objektu bildumak marko polita ematen digu garaiko bizitza nolakoa zen imaginatzeko eta segidan kanpoan dauden indusketa eta herriaren aztarnak bisitatzeko . Bisita dohakoa da eta oso interesgarria haurrekin ere egiteko.

Ez ahaztu ardoaren lurraldean gaudela, horregatik, Guardia utzi aurretik,  Villa Lucía “con los cinco sentidos”, ardoaren lehen zentro tematikoa guztiz inklusiboa , bisitatu beharrekoa da. Arabako kuadrila honek zipristintzen duen upategiren bat bisitatu aurretik  leku aproposena da ardoaren inguruan oinarrizko ezagutzak jasotzeko. Bisita gidatua interaktiboa eta atsegina da, baina ikusgarriena 4D-n eginiko “ En tierra de sueños” filma laburraren proiekzioa da. Filma honek  Nazioarteko 17 sari jaso ditu… Baina ez dizugu dena kontatu nahi! Zoazte bisitatzera!

Villa Lucía, Laguardia, Centro temático del vino inclusivo, Rioja Alavesa

Villa Lucía Guardia herria atzean duela.

Orain bai, upategi bat ezagutzeko unea iritsi da. bodegas Eguren Ugarte upategietan behin baino gehiagotan izan gara eta aproposa da bisita gidatua egiteko eta bertako  Martín Cendoya jatetxean menu tradizionala jateko: odolkia eta bertako baratzako tomateak, patatak errioxar erara eta saiheskiak xirmendutan erreak… Dena bertako ardoekin lagunduta,  benetako pekatuak. Ah! Eta ez ahaztu  botila ardo batzuk erostea!

Gure antzera, autokarabanaz ibiltzen bazarete, Villa Lucíaren sarreran dagoen aparkalekuan  edota Baigorri upategiaren aparkalekuan gaua pasa daiteke. Biak España Discobery autokarabanismo gidan topatuko dituzue.

Parking de invitados de Bodegas Baigorri : 42º33’56.8″ N 02º41’11.4″W

Bodegas Baigorri, amanecer entre viñedos, Rioja Alavesa

Baigorri upategiaren mahastiak.



 ARABAKO MOREDA eta EUSKAL OLIOA EZAGUTZEN

Moreda de Álava, Rioja Alavesa

Arabako Moreda herriko etxe armarridunak.

Arabako Errioxa mahastien lurraldea da, bai eta olibondoena. Jakin badakigu ekoizle txiki asko dagoela eta olio-errota askok kantitate txikiekin lan egin arren kalitate handiko olioak lortzen dituztela. Arabako Moreda herrian  armarriz apaindutako etxez osaturiko hiri-bildu polita topatzeaz gain , La Equidad olio-errota kooperatiba ezagutzeko aukera dugu. Bertan ekoizten duten  olioa oso goxoa da eta Euskolabela darama.

Ez ahaztu botilatxo batzuk erostea!

Trujal La Equidad, Moreda de Álava, Rioja Alavesa

Antigua maquinaria del trujal La Equidad

Arabako Moredatik gertu paseo polita daukagu, askok Mantibleko zubia deitzen diote, eta horrela aipatzen dituzte errepideko seinaleek. Baina teoria ezberdin irakurri eta gero, Assako zubia deituko diogu. Jakin nahi duzue zergatik? blog honetan irakur dezakezue zergatia.

Puente de Assa, Rioja Alavesa

Assako zubia (Mantible)

 

LABRAZA, HERRI GUDARIA

Labraza, Rioja Alavesa

Labraza

Labraza muino baten tontorrean kokatzen den kutsu militarreko herrixka da eta antzina hamabost dorre eta gaztelu bat izan zuen harresi batez inguraturik dago. Hori dela eta.  Multzo Historiko-Artistiko izendapena dauka. Euskal Herrian harresiturik dagoen herri txikiena da eta harri lauzaz osaturiko kaleetan gora eta behera ibiltzea, tunel eta pasabideetan barrena sartzea  edota erronda paseoan zehar ibiltzea  Erdi Arora berriz  garamatzan benetako atzeranzko bidaia da.

Alderdi honetan autokarabanaz gau pasatzeko hurregoa gomendatzen dugu:

Área de autocaravanas de Oion

Paseo de ronda, Labraza, Rioja Alavesa

Erronda paseoa.

 

Arabar Errioxan zehar egin berri dugun ibilbidea benetan zentzumenen lilura hutsa da. Berezko izaera duen eskualdea ezagutu dugu, ingurune paregabean kokaturik: mahasti, olibondo eta zereal zelaiez osaturiko paisaia. Ikusgarria benetan. Ah! Eta ez ahaztu bihurgunez bihurgune ardoaren aromaz eta olioaren mikaztasunaz limurtzen utzi garela…

Gustatu al zaizue Arabar Errioxa? Ba zatozte orain bisitatzera eta kontaiguzue zer moduz joan zitzaizuen.

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterEmail this to someone

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak markatu dira *

También te interesará...