29/05/2017

AQUATIC LANDES, LANDETAKO UR-PARKEA

Ez genuen oso garbi… guri ur-txirristetatik behera botatzearena ez digu grazia handirik egiten, baina haurrak ikaragarri gustuko du. Horregatik, gehiago pentsatu gabe internet bidez erosi genituen sarrerak. Aquatic Landes ur-parkera goaz!! Ay ene!!

 

Sekulako arrakasta dauka. Goiz osoan zehar ilara luzeak daude sartzeko, ateak ireki aurretik ere ilara zegoen… Pazientzia pittin bat izan parkeaz gozatu nahi baduzue. 

Iritsi bezain pronto, “aspaldiko ume hori” kanpora atera zen. Begien aurrean 0-3 urte bitarteko haurrentzako gunea genuen eta bertan hautxoak plisti-plasta zebiltzan gustora baino gustorago, gurasoen begiradapean.
 Aquatic Landes Landetako ur-parkea

180º-ko bira eginez txirrista erraldoiak topatu nituen, 12 txirrista ezberdin. Hau marka! Bakoitzak bere berezitasuna dauka eta zailtasun maila eta adinaren arabera sailkatuta daude. Txikienak erraz ezagut daitezke, hastapenerako txirristak dituztelako eta koloretakoak direlako. Txirristak gero eta maila eta zailtasun handiagoa hartzen dute, txirristarik luzeenak topatu arte: Super kamikaze eta Anakonda bikoitza, 12 m luze den txirrista erraldoia. Izenak entzun ahala atzera pauso bat eman nuen. Hau beldurra!

 

Goizan zehar, (nork esango zidan niri etorri aurretik…) maila handiko txirrista aukeratu genuen : Pendulum. Plataforma erraldoi bat da eta flotagailu biribil eta mardul batean bilduta sekulako jaitsiera gogorra egiten da putzu lasai batean eroriz bukaeran.

 

Adrenalina igoera bat izan eta gero, bazkaltzeko prestatuta dagoen gunera joan ginen. Egurrezko mahaiak eta pinuen itzala eskertzekoak dira egun osoa parkean eman behar denean.

 

 Parque Aquatic Landes zona picnic

Parkean badago kafe-makina eta sandwichak ateratzeko makinak, baina onena da hondartzako hozkailu txiki horietako batean ogitartekoak, edari freskoa eta fruta eramatea.

Bazkaldu eta gero, tripa beteta genuen eta kamikazeen aurka aritzeko gogorik gabe ginen, horregatik, olatu-igerilekura sartu ginen. Ur epela eta uhin artifizialak sortzen dituen igerilekua da. Azkenean, parkeko txirristan txikietan ibili ginen, gure semearen gogokoenak.

 Aquatic Landes Landetako ur-parkea
Landetako ur-parkea

Jakin nahi al duzue non egin genuen lo furgonetarekin? Bada, Les Pins Bleus udal-kanpinean. Aurreko sarrera batean kontatu genizuen oso gustuko dugula… Merkea, familiarra eta oso atsegina delako; baina, kanpinera sartu nahi ez baduzue, akuapark honen ondo-ondoan Labeneko camping-car gunea dago. Ederki, ezta? 

 

Egia esan, gure beldurrak alde batera utzi eta gero ederki pasa genuela esan behar dugu, familia giroan astebururako plan ederra dela iruditzen zaigu eta seguru berriz ere egingo dugula.
Bidaia-informazioa:
Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterEmail this to someone

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak markatu dira *

También te interesará...